Tolosaldeko euri erauntsia

Kaltetuak eta alkateak laguntza eske

Aitor Arroyo Askarai 2025eko uztailaren 16a

Ekainaren 13 gaueko uholdeen ondorioz, etxera iristeko sarbiderik gabe jarraitzen dute, besteak beste, Ikaztegietako bi familiak.

Eskualdeko herritarrek ez dute berehalakoan ahaztuko joan den ekainaren 13tik 14rako gaua. Bat-batean lehertu zen ur erauntsia, denbora laburrean egin zuten gainezka hainbat ubidek eta luiziak izan ziren nonahi. Kalteek —zenbakaitzak hasieran— denborarekin hartu dute dimentsioa, eta hilabete inguru igaro bada ere, Ikaztegietako bi herritarrek euren etxeetara iristeko sarbiderik gabe jarraitzen dute.

Txarako bordan bizi dira Monika Moreno eta sendia, eta hainbat luizi izan direla-eta, bizilekura iristeko baso bat gurutzatu eta mendi bide batetik joan behar dute. «Moldatzen ari gara eta okerragoa ere izan zitekeen, baina egoera ez da batere erraza», horrela hitz egin du azken asteen inguruan. 

Imanol Maiz eta familia, berriz, ez dira Larrunbe txiki baserrian bizi, baina hura dute sorleku eta egunerokoan bertan izaten dira: «Jabetzen gara bertan bizi ez garenez, lehentasuna beste batzuei eman behar zaiela; baina hemengo txikizioa izugarria da». 


Txarako bordara joateko bidean, lehen luizia.

Lur jausiak oztopo
Morenok azaldu duenez, hainbat teknikari izan dira lekua aztertzen, baina oraindik ez dira lanean hasi: «Hasieran lanak Aldundiak egingo zituela ulertarazi ziguten, baina orain ezezkoa jaso dugu». Etxerako bidean eta inguruan kalte handiak izan badituzte ere, ura eraikinera ez sartzea lortu zuten.

Luiziak izan diren tokia eta bidearen ezaugarriak direla-eta, lanean hasi aurretik ikuspegi geologikotik ere aztertu behar dela nabarmendu du Morenok, baina epeak gaitzetsi ditu: «Lehenago jakinarazi izan baligute, lanean lehenago hasiko ginatekeen». Bidea pribatua da eta hura mantentzea eurei dagokiela «garbi» du Morenok, baina laguntza eskatu du: «Ez da ohiko eurite bat izan, inondik inora ere. Hondamendi bat gertatu da, salbuespenezko egoera da, eta laguntza izan beharko genukeela uste dut; ezin baitugu gure kabuz egin».

Uraren ahala
Larrunbe txiki baserriaren kasuan, urak arrastaka eramandako hondakinek zubiaren begia erabat estali eta errekak gainezka egin zuen. Ondorioz, uholdeak pareko lur zatia erauzi, herrestan eraman eta argindar zutoin bat errotik atera zuen —zeina, gaur egun, kableetatik zintzilik dagoen—; hori gutxi ez, eta leiho batetik ura eraikinera sartu zitzaien.


Argindar zutoina klabeetatik zintzilik, Larrunbe txiki baserriaren parean.

Maizen hitzetan «lehentasuna» kaltetutako lekuan bizi direnek izan behar dute, baina euren egoera ere «oso larria» dela nabarmendu du: «Egoera ikusi nuenean negargura sentitu nuen. Sekulako hondamendia eragin du euriteak».

Hori horrela, egoera bideratzeko hainbat ate jo behar izan dituela ere kontatu du, besteak beste, Gipuzkoako Urak partzuergoarena —errekaren ubidea konpontzeko— eta Iberdrolarena —argindar zutoina atontzeko—. «Gorabeheratsua izaten ari da: kexak eta erreklamazioak egiten ari gara, baina ez digute jaramon handirik egiten». Hari horri tiraka aipatu du jakinarazi dietela partzuergotik ez direla lanean hasiko postea konpondu arte; eta, bestalde, zutoina atontzea hainbat hilabetez luzatu daitekeela esan diete.

348 kalte ordain eskaera

Aseguru partzuergoak 348 kalte ordain eskaera jaso ditu hilabeteko epean Tolosaldetik eta Goierritik. 

Hiru milioi. Guztira, hiru milioi euroko kalte ordainak erreklamatu dituzte 220 familiak eta 81 enpresak baino gehiagok, hedabide batek argitaratu duenaren arabera.

Herritarren ezina
Ezbeharra gertatu zenetik Ikaztegietako Udalarekin harremanetan daude bi kaltetuak, eta biek ala biek esan dute «konfiantza» dutela harengan: «Laguntzeko borondatea dutela nabaritzen da eta asko eskertzen dugu, baina hilabete egin dugu horrela eta ez dugu askorik aurreratu».

Zentzu horretan, Ikaztegietako Alba Garmendia alkateak adierazi du ez dutela egoerari aurre egiteko baliabiderik «ez udalak, ez jabe pribatuek» eta «ezinbestekoa» dela laguntza jasotzea: «Euriteak eragin duen hondamendia sekulakoa da, eta kalte horiei ezin diegu aurre egin, ez daukagu nahikoa baliabiderik».

Hari berari tiraka aipatu du dagoeneko eskatu dituztela diru laguntzak, eta nabarmendu laguntza jasotzeko ezin dutela egon datorren urteko aurrekontuen zain.

Aldundiari eskaria
Uholdeek kaltetutako herrietako alkateek —kasurako, Amezketa, Gaztelu, Elduain eta Ikaztegietakoek— Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diote hartutako konpromisoak bete ditzala, eta eragindako kalteak konpontzeko baliabideak ahal bezain azkar bidera ditzala.

Aldundiarekin bildu eta hiru lan lerro banatu zituzten, hain zuzen, bideak garbitzea, enpresetako kalteak zenbatzea eta bideetako zein kanalizazioetako kalteak neurtzea, txosten teknikoak egiteko eta zer egin baloratzeko.

Ordutik, ordea, ez dute erantzunik jaso; eta Aldundiari eskatu diote «hartutako konpromisoak» bete eta bidera ditzala herriek beharrezko dituzten baliabideak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!