Argazki gehien egiten ditugun urteko sasoia izango da ziurrenik uda. Denbora libre gehiago izateak, oporretan beste lurralde bat bisitatzeak, eguraldi onak... horretan eragingo dute. Eta argazki horiek erabilera desberdina izan dezakete, leku edo une berezi hori gordeta geratzea, esaterako, edota sare sozialen baterako erabiltzea.
Ataria-k beste erabilera baterako gonbita luzatuko du beste uda batez, izan ere, Udako Argazki Lehiaketa jarri du martxan. Tolosaldean bizi edo eskualdearekin lotura izan behar du parte hartu nahi duenak, eta nahi duen adina argazkirekin parte hartu ahalko du. Hori bai, uda honetan ateratakoak beharko dute izan, eta irudia bidaltzen duena izan beharko da argazkiaren jabea, eta beste inon argitaratu gabea izan beharko da. Irailaren 14ra arteko epea egongo da parte hartzeko, eta Ataria.eus webgunean dagoen aplikazioaren bitartez egin beharko da. Behin argazkiak parte hartzaileen datuekin igota, lehiaketarako sortutako argazki galerian egongo dira ikusgai.
Parte hartzeko epea igarota, irailaren 15ean hasiko da bozketa, eta irailaren 24ra arte izango da botoa emateko aukera. Irabazleak irailaren 26an jakinaraziko dira Ataria astekarian eta Ataria.eus webgunean.
Sari potoloak
Epaimahaiaren saria jasotzen duenak Zumaiako Zelai Talasoterapian bi pertsonarentzat zirkuitua eta gosaria irabaziko izango du; Ataria.eus-eko erabiltzaileen saria lortzen duenak Baliarraingo Zartagi ostatuan bi pertsonarentzat otordua irabaziko du; eta azkenik, parte hartzen duten Atarikideen artean Andia etxeko bi kamixeta banatuko ditugu.