Ordiziako Klasikoa eskualdetik igaroko da

Ataria 2025eko uztailaren 17a

Ordiziako Klasikoa, 2023an, eskualdetik igarotzen.

Uztailaren 25ean, ostirala, izango da probaren 102. edizioa; 10:00etan hasiko da, eta bost aldiz igaroko dira Ikaztegieta, Alegia, Amezketa eta Abaltzisketatik.

Uztailaren 25ean, ostirala, jokatuko da 102. Ordiziako Klasikoa Lasterketa – Rural Kutxa Saria, 10:00etan hasita. Urtero moduan, profesional mailako txirrindulari onenetakoek parte hartuko dute, eta eskualdetik igaroko dira.

167 kilometroko luzera izango du ibilbideak, eta txirrindulariek bost aldiz egin beharko dute zirkuitu bera: Ordiziatik hasi, Itsasondo, Legorreta, Ikaztegieta eta Alegia igaro, Amezketara igo, handik Abaltzisketara (3. mailako mendatea), Larraitz auzora ondoren, Zaldibiarako bidea hartu, Gaintzara igo, eta Ordiziara jaitsi. Abaltzisketatik 10:30ak aldera igaroko dira, lehen aldiz, eta ondoren, 45 minutuero, gutxi gorabehera.

Ezustekorik ezean, Gorka Sorarrain Caja Rural taldeko txirrindulari tolosarrak eta Unai Iribar Kern Pharma taldeko txirrindulari ibartarrak lasterketan parte hartuko dute, baita abuztuaren 2an egingo den Donostiako Klasikoan ere; hau ere eskualdetik igaroko da, gainera.

Aurtengo edizioko profila eta ordutegiak:

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!