Donostiako Klasikoaren 44. edizioa motorrak berotzen ari da. Euskadiko nazioarteko txirrindularitzako hitzordu handia 2025eko abuztuaren 2an, larunbata, izango da, eta, berriro ere, WorldTour tropeleko txirrindulari onenak bilduko ditu oso ibilbide gogorrean. Aurten, gainera, Murgilerako igoera adierazgarria berreskuratuko da helmugara heldu baino lehenagoko tarte erabakigarri moduan.
Aurreko edizioetan bezala, lasterketa Bulebar donostiarrean hasi eta amaituko da, hiriko leku esanguratsuenetakoan eta zaleen nahiz txirrindularien arteko ohiko elkargunean, alegia. Irteera neutralizatua 11:20an izango da.
2025eko ibilbideak 211 kilometro baino gehixeago izango ditu, eta probaren betiko funtsari eutsiko dio, gogortasuna, paisaiaren edertasuna eta ikuskizuna uztartuko ditu-eta. Tolosaldeak bere garrantzia izango du, bi mendatetatik pasako direlako txirrindulariak: Andazarrate, 28. kilometroan, eta Alkiza, 102. kilometroan. Biak hirugarren mailako mendate bezala izendatu dituzte. Donostiatik abiatuta, eskualdean sartuko da tropela Villabona eta Zizurkil aldetik, gero Asteasura joan eta Andazarrate igotzeko. Kosta aldetik pasa ondoren, Azpeititik Urraki mendatea igoko dute eta Bidania-Goiaz igaro ondoren Tolosara jaitsiko dira txirrindulariak. Anoeta aldera egingo dute orduan, eta gero Alkiza igoko dute. Ondoren eskualdetik abiatuko dira Donostia aldera. Ohi bezala, Jaizkibelerako eta Erlaitzerako igoerek zeresan handia izango dute lasterketaren garapenean. Hala ere, helmugatik 10 kilometrora baino gutxiagotara dagoen Murgil-Tontorrako aldapa latz-latza izango da garaipenari begira izangaiak behin betiko hautatuko dituena.
Bi kilometro inguruko horma horrek %20tik gorako aldapak ditu, eta, 2024an kanpoan geratu ondoren, aurten itzuli egingo denez, ziur probaren amaiera ezin zirraragarriagoa izango dela.
Edizio honetako trazatuko malda metatua 4.150 metro positibotik gorakoa denez, WorldTour egutegiko ibilbide gogorrenetakoa da. Egunaren joan-etorrian, tropelak 6 mendate puntuagarriri aurre egin beharko die, eta guzti-guztiak lasterketa apurtzeko eta txirrindulari ausartenei aukerak emateko gai dira. Berriro ere, 2025eko Donostiako Klasikoa UCI WorldTourrerako proba puntuagarria izango denez, nazioarteko txirrindulari nagusiek bertan parte hartuko dutelakoan daude.
