Gorde udako argazki onenak lehiaketarako

Ataria 2025eko uztailaren 16a

Azken lehiaketan epaimahaiaren saria lortu zuen Iker Zabalaren 'Tontorrerantz' argazkiak.

'Ataria'-k Udako Argazki Lehiaketa antolatu du. Irailaren 14a izango da parte hartzeko azken eguna, eta sari ederrak eskuratu ahalko dira.

Argazki gehien egiten ditugun urteko sasoia izango da ziurrenik uda. Denbora libre gehiago izateak, oporretan beste lurralde bat bisitatzeak, eguraldi onak... horretan eragingo dute. Eta argazki horiek erabilera desberdina izan dezakete, leku edo une berezi hori gordeta geratzea, esaterako, edota sare sozialen baterako erabiltzea. 

Ataria-k beste erabilera baterako gonbita luzatuko du beste uda batez, izan ere, Udako Argazki Lehiaketa jarri du martxan. Tolosaldean bizi edo eskualdearekin lotura izan behar du parte hartu nahi duenak, eta nahi duen adina argazkirekin parte hartu ahalko du. Hori bai, uda honetan ateratakoak beharko dute izan, eta irudia bidaltzen duena izan beharko da argazkiaren jabea, eta beste inon argitaratu gabea izan beharko da. Irailaren 14ra arteko epea egongo da parte hartzeko, eta Ataria.eus webgunean dagoen aplikazioaren bitartez egin beharko da. Behin argazkiak parte hartzaileen datuekin igota, lehiaketarako sortutako argazki galerian egongo dira ikusgai.

Parte hartzeko epea igarota, irailaren 15ean hasiko da bozketa, eta irailaren 24ra arte izango da botoa emateko aukera. Irabazleak irailaren 26an jakinaraziko dira Ataria astekarian eta Ataria.eus webgunean.

Sari potoloak

Epaimahaiaren saria jasotzen duenak Zumaiako Zelai Talasoterapian bi pertsonarentzat zirkuitua eta gosaria irabaziko izango du; Ataria.eus-eko erabiltzaileen saria lortzen duenak Baliarraingo Zartagi ostatuan bi pertsonarentzat otordua irabaziko du; eta azkenik, parte hartzen duten Atarikideen artean Andia etxeko bi kamixeta banatuko ditugu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!