Udako Argazki Lehiaketa jarri du martxan beste behin Tolosaldeko Ataria-k. Gaurtik hasi, eta irailaren 14ra bitarte, nahi adina argazki bidali ditzakete herritarrek, betiere, Tolosaldean bizi badira edo eskualdearekin lotura badute. Gainera, irudia bidaltzen duena izan beharko da argazkiaren jabea, eta beste inon argitaratu gabea izan beharko da. Argazkiak Ataria.eus webgunean dagoen aplikazioaren bidez bidali behar dira eta lehiaketarako sortutako argazki galerian egongo dira ikusgai.
Behin argazkiak jaso ondoren, irailaren 15ean hasiko da bozketa eta irailaren 24ra bitarte egongo da botoa emateko aukera. Argazki irabazleak irailaren 26an jakinaraziko ditugu, Ataria astekarian eta Ataria.eus webgunean.
Parte hartzaileek sari bikainak irabazi ahalko dituzte. Hiru partaide izango dira zorionekoak:
Epaimahaiaren saria jasotzen duenak Zumaiako Zelai Talasoterapian bi lagunentzako zirkuitua eta gosaria irabazteko aukera izango du; Ataria.eus-eko erabiltzaileen saria lortzen duenak Baliarraingo Zartagi ostatuan bi pertsonarentzat otordua irabaziko du; eta azkenik, parte hartzen duten Atarikideen artean Andia etxeko bi kamixeta banatuko ditugu.
Parte hartzaileek kontuan hartzeko informazio gehiago
Webgunean ez ezik, Ataria-ko artxiboan ere gordeko dira irudiak, eta antolatzaileak beretzat gordeko du jasotako lanak publikatzeko eskubidea. Lehiaketa honetako parte-hartzaileak, bidalitako lanen jabe den neurrian, lanak erabiltzen eta jendaurrean erreproduzitzen utziko dio Ataria-ri, euskarri inprimatuan edo interneten, betiere, egilearen izena adieraziz.
Bestetik, bidali beharreko irudiek hainbat ezaugarri bete beharko dituzte, hala nola, 30x20 zentimetroko gutxieneko tamaina, koloretan zein zuri-beltzean izateko aukera, kalitate aldetik, gutxieneko bereizpena, eta 2025ko udako argazkiak izatea. Argazkiarekin batera, egile bakoitzak bere izen-abizenak, harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa adierazi beharko ditu; Atarikidea izanez gero, izenarekin batera jarri beharko du bere harpide zenbakia.