Tolosaldeko Mugimendu Feministak eskualdean izandako azken sexu erasoa gaitzetsi du

Ataria 2025eko uztailaren 10a

Tolosaldeko Asanblada Feministak egindako elkarretaratzen baten artxiboko irudia.

Duela egun batzuk jakin da Tolosaldeko gizon bat atxilotu dutela adin txikiko bati eraso egiteagatik. Mugimendu feministak biktimari babesa eta elkartasuna adierazi dio eta neska horren aurkako erasoa «emakume guztion kontrako erasoa» dela esan du.

Tolosaldeko Mugimendu Feministak Tolosaldean izandako sexu erasoa gaitzetsi du. Gizonezko batek adin txikiko bat behin eta berriz eraso zuen eta Ertzaintzak atxilotu zuen pasa den astean. «Sexu esplotazioa giza eskubideen aurkako eraso larria da, eta beraz, jendarte osoaren erantzuna beharrezkoa da horiei aurre egiteko. Gainera, kasu honetan, aintzat hartu behar da biktima adingabea dela eta horrek babesgabetasun eta zaurgarritasun maila handiagotzen duela», esan dute. 

Mugimendu feministak gogoratu du datuen arabera, Europan bost adingabetik bat sexu erasoen biktima dela eta erasotzaileen gehiengoa familia inguruko konfiantzazko gizonak direla. «Eraso hau ezin da zoro batek egindako gertaera isolatutzat hartu. Erro estrukturala du, eta bizi garen sistema heteropatriarkal eta matxista honek babesten duen gertaera baten aurrean gaude». Oraindik ere emakumeek egunerokoan eraso matxistak jasaten dituztela nabarmendu dute eta gehitu dute indarkeria matxista hori ezinbestekoa dela sistemak biziraun dezan. «Gizarte osoari dei egiten diogu indarkeria matxista salatzeko, eta horri aurre egiteko neurriak hartzeko. Horrez gain, komunitate gisa sexu erasoak jasaten dituzten emakumeen erreparazioan urratsak emateko garaia dela iruditzen zaigu». Bukatzeko Tolosaldeko mugimendu feministako kideek erasoei aurre egiteko antolakuntza eta autodefentsa feministarako deia egin dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!