Tolosa CF taldeko Euken Fernandez (Amezketa, 2007) lekua egiten ari da atletismoan, xabalina jaurtiketan. Absolutu mailan Euskadiko Txapelketa irabazi berritan, hurrengo erronka nagusia 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketa du.
Euskadiko Txapelketa irabazi zenuen 60,51 metroko jaurtiketarekin. Nola joan zen txapelketa?
Oso gustura sentitu nintzen. Marka hori espero nuen, aurreko entrenamenduetan 60 eta 62 metroko markak gainditzen ibili nintzen, eta espero genuen nire aurreko marka gainditzea. Gehixeago espero genuen, baina ezin izan zen. Oso gustura, alde batetik marka egin ahal izateagatik, eta, bestetik, absolutu mailan helduekin lehiatu eta irabazteagatik. Beraz, oso harro eta gustura nago egindakoarekin.
Oraindik 18 urte bete gabe, eta absolutu mailan irabaztea lortu duzu.
Normalean ez da ohikoa izaten adin honekin absolutu mailan irabaztea. Baina egun horretan oso ondo sentitzen nintzen eta besteekiko metro batzuk atera nituen. Besteek ere ondo jaurti zuten, baina nik azkenean irabaztea lortu nuen.
Gainera, berriro ere klubeko marka egitea lortu zenuen.
Aurreko marka 59 metrorekin zegoen, 30 bat urtez, eta orain pare bat hilabete gainditzea lortu nuen. Eta hortik aurrera, nik neure burua gaindituz klubaren errekorra egiten jarraituko nuke.
Uztail bukaeran izango duzu 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketa. Zer helburu duzu?
Uztailaren 28an izango da eta Badajozera jaistea tokatzen zait. Helburu nagusienetakoa da ahalik eta postu altuena lortzea, baina ni baino bi urte edo urtebete zaharragoak direnak aurten oso ondo dabiltza, metro asko jaurtitzen ari dira, eta nahiko zaila jarriko didate. Batez ere nire marka gainditzea izango da, eta ea laugarren edo hirugarren postua lortu dezakedan.
Beraz, podiuma ere lortu dezakezu.
Beno, azkeneko Espainiako Txapelketan laugarren egin nuen. Urtero bi txapelketa egiten dira, negukoa eta udakoa, eta negukoan lortu nuen laugarren egitea. Gustura botaz gero, eta teknikoki gauzak ondo egiten baditut, hirugarren edo laugarren postua lortu dezaket.
Markari dagokionez, baduzu helburu jakin bat?
65 metro jaurtitzea da helburu nagusia. Lehenengo urtea izanik xabalina aldaketarekin, oso zaila izango da. Bi urtez behin xabalina aldatu egiten da, eta orain iritsi naiz 800 gramoko xabalinara, hau da, absolutu mailan erabiltzen dena. Teknika aldetik ere gauzak aldatzen ari gara eta zailtasunak daude. 65 metro gaindituz gero, oso ondo nabilen seinalea izango litzateke.
Aurretik beste kirol batean aritu zinen, ezta?
Hamar urtez eskriman aritu nintzen, eta Espainiako Txapelketa irabazi nuen eta bitan bigarren geratu nintzen. Gustuko kirola nuen, baina Donostian entrenatu behar izate horrek suposatzen zuen desplazamenduarengatik utzi egin nuen. Gustuko kirola nuen eta asko irakatsi zidan.
Nola hasi zinen xabalinan?
Eskrima utzi nuenean, gurasoek esan zidaten kirola egitea derrigorrezkoa zela, eta aukeretako bat atletismoa izan zen. Korrika egiten hasi nintzen, abiadura-eta. Denboraldiaurrean, entrenatzaileak esan zuen frontenis txapelketa bat egiteko elkar ezagutzeko asmoz. Eta hor entrenatzaileak esan zidan indartsu ematen niola erraketarekin, eta xabalina probatzeko, kirol horretarako zartailua behar zela, eta ondo moldatuko nintzela. Astean behin xabalina entrenatzen hasi nintzen, eta gero eta gehiago, eta egun nire kirola da. Lau urte daramatzat xabalinarekin.
Zer da garrantzitsua xabalinan?
Nire ustez teknika da garrantzitsuena, eta hortik aurrera indarra, abiadura eta elastikotasuna garrantzitsuak dira.