Tolosaldeko ospitale publikoa

TOPAk irailean helduko die berriz ere mobilizazioei

Ataria 2025eko uztailaren 7a

Ekainaren 14ko giza kateko artxiboko irudia.

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak amaitutzat eman du ikasturtea eta irailean bueltatuko dela esan du: «garbi daukagu eskaerek indarrean jarraitzen dutela eta irailean berriro helduko diegu mobilizazioei, eskualde honek behar duen konponbidea lortu arte». Euren atxikimendua agertu dute Asanblada Feministak, Onekak, Tolosaldeko Pentsidunak taldeak, LABek, ELAk, Asuncion klinikako Enpresa Batzordeak eta Ernaik.

TOPA plataformak eskerrak eman dizkie ekainaren 14an egindako giza katean parte hartu zutenei eta balorazio positiboa egin duela gaineratu du. «Berriro ere agerian gelditu da Tolosaldeko herritarrok gainerako eskualdeek dutenaren antzeko eskualdeko ospitale publikoa nahi dugula eta ez garela konformatuko ez promesa faltsuekin, ez Donostia Ospitalearen adar bat izango den erresoluzio handiko zentro batekin».

Osasun Sailak Tolosalderako duen planaren inguruko zalantza asko dituztela esan dute plataformatik: «Zein da agindutako osasun zentro horren Plan Funtzionala? Zer behar hartu ditu kontuan Eusko Jaurlaritzak planak egiteko? Beste bost urte egon behar al dugu Tolosaldeko osasungintzaren arazoa konponduko ez duen zentro baten zain? Zer gertatuko da Asuncion Klinikako langileekin?».

Horiek horrela, esan dute garbi dutela euren eskaerek indarrean jarraitzen dutela, eta horregatik irailean berriro helduko dietela mobilizazioei «eskualde honek behar duen konponbidea lortu arte».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!