Tolosaldeko ospitale publikoa

Eskualdeari «osasun irtenbide oso bat» eman diezaiotela eskatu dute

Ataria 2025eko ekainaren 14a

TOPAk deituta giza katea egin dute gaur, Tolosan. Naparzubia eta Zubiberria lotu dituzte.

14 urteren ondoren Tolosaldeak «osasun egoera marjinala» duela eta etorkizunera begira «erabateko ziurgabetasuna» duela salatu du Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak gaurko giza katean. Herritarrak Naparzubian eta Zubiberrian bildu dira, giza katean, eta eskualderako «osasun irtenbide oso bat» eskatu dute. «Hain da nabaria borondate eta komunikazio falta, ezen gobernuko alderdi beretik, alderdikide batzuek ospitalea aipatzen dutela hedabideetan, eta beste batzuek, gezurrik esan gabe, erresoluzio altuko zentroa esaten dutela Legebiltzarrean», esan dute. Gehitu dute erresoluzio altuko zentroak ez duela eskualderako ospitale bat ordezkatzen, «ez ditu osasun beharrak konpontzen». Gaur bertan komunikabide batean argitaratutako informazioaz ere aritu dira giza katean, eta esan dute «nekatuta eta nazkatuta» daudela mobilizazioak eta protestak deitu behar izateaz eskualdeko osasun arretari buruzko informazioa jaso ahal izateko.

Gogoratu dute TOPA eskualdeak bizi duen osasun salbuespenarekin bukatu eta osasun zerbitzua hobetzeko helburua duen herri mugimendu konprometitua dela, eta horregatik jotzen dutela mobilizaziora, «denboran gehiegi luzatu den prozesu bat bizkortzeko». Mobilizazioekin jarraituko dutela esan dute beti ere «errespetuan, partaidetzan eta gardentasunean oinarrituta» eta garrantzia duen «eztabaida bakarra» Tolosaldeak pairatzen duen osasun zerbitzuaren «kalitate eskasaren» ingurukoa behar duela izan nabarmendu dute. «Badira sei urte gobernuan dagoen alderdiak diagnostiko hau partekatzen duela. Zertan ari dira? TOPAtik irtenbidearen parte izaten hastera gonbidatzen zaituztegu, eta gure zerga-betebeharrak ordaindu arren, ukatzen zaizkigun osasun eskubideen alde borrokatzen jarraitzera. Eskualdeko ospitale publiko bat eskatzen dugu, gainerako eskualdeetakoa bezalakoa. Zergatik ez da Asuncion Klinika publifikatzen eta bertako langileak subrogatzen? Horretarako borondate politikoa besterik ez da behar».

Asuncioneko enpresa batzordea

Giza katean Asuncioneko enpresa batzordeko kideak izan dira eta euren eskaeren berri eman dute: ospitalea %100 publikoa, hau da, langile eta zerbitzu guztiak publikoak dituena; zerbitzu guztiak dituen ospitalea; eta Asuncioneko langileak ospitale publikoan subrogatzea. «Osasun sailburu Alberto Martinezi dei egiten diogu Asuncion Klinikako enpresa batzordea bilerara dei dezan, orain arte ez baitugu jaso biltzeko egin ditugun eskaeren erantzunik, ez eta gure egungo eta etorkizuneko hurbileko egoerari buruzko informaziorik ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!