Kutxa Fundazioak 2025eko Inspira Gazteak Sariak banatu ditu, Tolosako Topic zentroko Antxon Elosegui antzokian egindako ekitaldian. Aurtengo edizioan 122 proposamen jaso dituzte, eta horietatik, 15 finalista aukeratu zituzten, eta atzoko saioan iragarri zituzten bost irabazleak, bostak ere, emakumeak, eta horietako bat, eskualdekoa: Shrabani Aranzabe-Pita 25 urteko alkizarra. Bere ibilbideagatik eta Naturaren doinuak proiektuagatik saritu dute.
Aranzabe-Pitak hezkuntza, inklusioa eta kultura uztartuz egin du bere ibilbidea. 2021ean sortu zuen Naturaren Doinuak, haur, nerabe eta familientzat esperientzia artistikoak eta naturarekin lotutako ekintzak eskaintzeko asmoz. «Natura, hezkuntza, artea eta kultura uztartzen dituen proiektua da, haur eta nerabeen bizipenak sustatuz eta gizarte-inklusioa bultzatuz, bi fasetan: gizarte proiektuen fasea eta jaialdia», azaldu du. Proiektu honetan murgilduta egoteaz gain, neurozientzia, hezkuntza eta hezkuntza artistikoa uztartzen dituen doktoregoa egiten ari da, gizarte-proiektuak eraginkorrak izan daitezen, ikerketa eta etengabeko hobekuntza ezinbestekoak direla sinetsita.
Aurten jaso duten proposamen kopuruaz gain, Kutxa Fundaziotik aurkeztu diren proposamenen maila eta kalitatea azpimarratu dituzte. Ander Aizpurua fundazioko zuzendariak azaldu duenez, «mundu hobe batekin amets egiteaz gain, mundu hori eraikitzeko egunero lan egiten duen Gipuzkoako gazte talentua aitortzeko eta babesteko» jaio zen proiektua. «Gazte hauen istorio bakoitzak inoiz baino gehiago behar dugun lidergo modu bat islatzen du: inposatzen ez den lidergo bat, inspiratzen duena baizik; protagonismorik bilatzen ez duena, eragina baizik; ez duena lehiatzen, gizartean eraiki baizik», gaineratu du.
5 emakume garaile
Aipatu moduan, 5 emakume saritu dituzte. Proiektu bakoitza 15.000 eurorekin saritu du fundazioak, ibilbide inspiratzaile hauei jarraipena eta babesa emateko asmoz. Aranzabe-Pitaz gain, Ainhoa Bereziartua Aranzabal 28 urteko errezildarra, Maddi Goikoetxea Juanena Errenterian bizi den 30 urteko donostiarra, Maite Ponferrada Arrasaten bizi den 29 urteko eskoriatzarra eta Sofia Luisa Soares Ferreira Nunes Teixeira Donostian bizi den 30 urteko portugaldarra saritu dituzte. Bakoitzak bere ibilbidea arlo desberdinetan garatu badu ere, «kontzientziak astintzeko eta gizartean eragina izateko duten grina» nabarmendu du epaimahaiak. «Zientzia, osasuna, artea, dibulgazioa… diziplina askotarikoetatik abiatuta egiten du bakoitzak bere ekarpena, eta haien ibilbideek erakusten dute Gipuzkoa hobeago bat eraikitzea posible dela», gaineratu dute.
Biomedikuntza ikasten ari zela, giza, animalia eta ingurumen osasunaren arteko lotura harrigarria iruditu zitzaion Bereziartuari, eta One Health ikuspegian espezializatu zen, Utrechteko Unibertsitatean nazioarteko master bat eginez. Gaur egun, dibulgazio zientifikoan espezializatutako ilustratzaile batekin, areagotua baliatzen duen erakusketa proiektu ibiltari bat garatzen ari da, hiri-osasunari buruzko ezagutzak zabaltzeko. «Zientziaren eta gizartearen arteko zubi-egile gisa ikusten du bere burua, gizakion osasunari eragiten dioten ingurumen-arriskuak ulertuz eta gizarteari transmitituz», adierazi du.
Goikoetxeak, berriz, Gizarte Antropologia eta Antzerkia ikasi ditu. 2020an Mexikotik Euskal Herrira itzuli zen, eta ordutik hezkuntza, osasuna, garapenerako lankidetza, euskalgintza eta kultura arloetan aritu da lanean, hainbat elkarte, administrazio eta eragilerekin lankidetzan tailerrak emanez eta proiektuak garatuz. Nabarmentzekoak dira, 2023an Martuteneko emakume presoekin garatutako Emakume sortzaileak barroteen atzean egitasmoa edo EHAZErekin Euskal Herriko antzerki eskolen inguruan egindako ikerketa eta ondorengo argitalpena: Ura jaten: antzerkia, prestigio soziala eta prekarietatea Euskal Herrian. «Artea eta sormena baliatuz, esperientzia eraldatzaile bat proposatzen dut gizartearentzat, geure burua eta inguratzen gaituen errealitatea ezagutu eta ikuspuntu kritiko bat garatzen laguntzen diguna», esan du.
Ponferradarentzat, bestalde, ikus-entzunezkoa «gizartea eraldatzeko eta inpaktua sortzeko tresna» da. Unibertsitatean hasi zuen bere ibilbidea, osasun mentala, migrazioa eta inklusioa jorratzen zituzten dokumental-proiektuetan parte hartuz. Gaur egun, ekintzailea eta Pletina Films ikus-entzunezko estudioaren sortzaileetako bat da. Kontatzen dituen istorioen bidez inpaktua sortzea du helburu. Bide horretan, aldaketa bilatzen duten elkarte, erakunde eta kolektiboekin aritzen da elkarlanean, besteak beste, Munduko Medikuak, Mugarik Gabeko Psikologoak eta abar. Film laburrak ere zuzendu ditu, eta bere jarduna kultura- eta hezkuntza-arloetan ere gauzatzen du. «Irudia eta narrazioa erabiltzen ditut hunkitzeko, inspiratzeko eta kontzientzia sortzeko; mundua ikusteko eta bizitzeko modua eraldatzeko», azaldu du.
Azkenik, Ferreira ikerketan eta dibulgazio zientifikoan murgilduta dago. 2022an Gipuzkoara iritsi zenetik, balio horiek sustatzen dituzten hainbat ekimenetan parte hartu du. Gaur egun, Europar Batasunaren Marie Skłodowska-Curie proiektu batean ari da lanean; horri esker, bere ikerketa- eta dibulgazio-jarduera eskualdean garatzen ari da. Horrez gain, European Magnetism Associationeko talde bat koordinatzen du eta CIC nanoGUNEko Genero Berdintasun Batzordeko buru da. Azkenik, dibulgazio-ekimen ugaritan parte hartu du, besteak beste, Emakumeak Zientzian eta Native Scientists proiektuetan. «Zientzia inspirazio iturri diren istorioetan bihurtzen dut, laborategitik gizarteraino», adierazi du.
Gazteek adierazi dute sari honek haien lana eta ibilbidea balioan jartzen dituela, eta horrek «aitortza handia» dakarrela. Ikusgarritasuna aukera gisa nabarmendu dute, eta aurrera egiteko baliabideez gain, lankidetza bide berriak zabaltzeko aukera ere azpimarratu dute.
«Eragile inspiratzaileak»
Felix Arrietak, Aitziber Sarobek, Ion Irurtzunek, Blanca Zaraguetak eta Aizpea Goenagak osatu dute epaimahaia, eta aitortu dutenez, 15 finalistatik 5 irabazle izendatzeko prozesua ez da erraza izan. Irabazleak aukeratzeko prozesua hainbat urratsetan gauzatu dute: lehenik, gazteek aurkeztutako proposamen guztiak aztertu dituzte, eta ondoren, 15 finalistekin elkarrizketa pertsonalizatuak egin dituzte, haien proiektuak sakon ezagutzeko eta ulertzeko.
«Saridunen ibilbideak ilusionagarriak, sinesgarriak eta sendoak dira, eta haien grina eta konpromisoa kutsakorrak. Euskal Herriko etorkizuna itxaropenez betetzen duten eragile inspiratzaileak dira», esan du Goenagak, epaimahaiko lehendakariak. Horrez gain, finalista guztiak zoriondu nahi izan ditu, haien lana «txalogarria» dela azpimarratuz: «Guretzat ederra baina oso zaila izan da epaile lanetan aritzea». Eta gazte guztiei aurrera jarraitzeko gonbita luzatu die, 122 proposamenen artean finalista izatea bera ere saria dela balioan jarriz.