Aralarko artzain txabolak hobetzeko materiala helikopteroz garraiatzen ari dira

Ataria 2025eko ekainaren 27a

Argazkia: Mikel Arteaga.

Gipuzkoako Foru Aldundia eta Enirio-Aralar Mankomunitatea elkarlanean ari dira asteazkenetik, Larraitzen dagoen materiala helikopteroz Aralarko hainbat puntutara garraiatzeko.

Mikel Arteaga, Amezketako alkateak adierazi duenez, bost artzain txaboletan egingo dituzte hobekuntza lanak. «Etitzegin txabola eraberrituko da, Pagaben ekonomika berria jarri eta tximinia konponduko da, Beltzulegi-Segurola artzain familiaren txabolan leiho berriak jarriko dira, eta Urruztin zein Buruntzunzinen eskorta eta ekonomika berriak eraikiko dira». Horrez gain, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko muga ixten duen 1.500 metroko Malloako langa berrituko dela aipatu du Arteagak.

Bestalde, Aralar inguruko herrietako mendietara ere materiala eramateko baliatuko dute. «Abaltzisketara ur hoditeria, askak eta depositua eramango dira; Zaldibiara itxitura egiteko materiala, eta Amezketara askak eramango ditugu».

Arteagaren esanetan, asteazkenaz geroztik hogei bat langile ari dira lanean Larraitzen, eta gaur amaitzekoak dira materiala helikopteroz Aralarrera garraiatzen.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!