San Fermin Torneoko txapela, helburu nagusi

Endika Apalategi Labayen 2025ko eka. 25a, 11:00

Altuna III.a eta Peña II.a 2024. urteko finalean. IÑIGO RUIZ / FOKU

Lau eta erdiko San Fermin Txapelketa azken txanpan sartu da, eta txapelaren borrokan gelditzen diren zortzi pilotarien artean daude Altuna III.a, Artola eta Peña II.a.

Lau eta erdiko San Fermin Torneoko final-laurdenak jokatuko dira gaurtik aurrera, eta eskualdeko hiru pilotari izango dira txapela irabazteko lehian.

Altuna III.ak, Artolak eta Peña II.ak, uztailaren 7an Nafarroa Arenan jokatuko den finalean izateko helburuarekin ekingo diote txapelketari. Eskualdeko hiru pilotariek estreinako partida jokatuko dute txapelketan, izan ere, multzo-buru izanik, zuzenean final-laurdenetatik hasiko dira.

Iñaki Artolak gaur jokatuko du Hernaniko pilotalekuan, Serie B mailako egungo lau eta erdiko eta buruz buruko txapelduna den Joanes Bakaikoaren aurka. Bakaikoak Asier Agirre 22-20 eta Iraitz Zubizarreta 22-21 menderatu ditu, eta alegiarrak bere mailarik onena eman beharko du finalerdietara sailkatzeko. Peña II.ak ostiralean jokatuko du  Iker Larrazabalen aurka, Gernikan. Larrazabal Erik Jaka lizartzarra menderatzetik dator final-zortzirenetako kanporaketan, 22-7ko emaitzarekin. Tolosarra txapela irabaztetik tanto bakarrera geratu zen iaz, eta aurten, emaitza hobetzeko helburuarekin kantxaratuko da.

Jokin Altunak Mungiako pilotalekuan jokatuko duen neurketari dagokionez, amezketarraren final-laurdenetako aurkaria atzo arratsaldean Seguran jokatu zuten kanporaketatik atera zen; norgehiagoka horretan, Dario eta Zabala errioxarrak izan ziren aurez aurre, eta Zabala 7-22 gailendu zen. Altuna III.ak igandean jokatuko duen kanporaketa gainditzea lortuz gero, Joseba Ezkurdia edo Peio Etxeberriaren aurka neurtuko ditu indarrak.

Finalerdiak Atano III.ean

Lau eta erdiko San Fermin Torneoko finalerdiak Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatuko dira, uztailaren 4an. Alde batetik, Baiko enpresako bi pilotari ariko dira elkarren aurka; bestetik, Aspekoen arteko lehia izango da. Jaialdietarako sarrerak Entradasfronton.com atarian eskuratu ahal izango dituzte pilotazaleek.

Bosgarren txapelaren bila

2016. urtean hasi ziren lurralde guztietako pilotariak San Fermin jaietako Lau eta erdiko txapelketa jokatzen; ordura arte, Nafarroako pilotariek bakarrik baitzuten txapelketa jokatzeko eskubidea. 

Orduz geroztik, bi edizio izan ezik, eskualdeko pilotari bat beti izan da finalean. Altuna III.ak sei final jokatu ditu; Peña IIak, Artolak eta Jakak, berriz, bana. Final bakarra jokatu duten pilotarien kasuan, Altuna III.aren aurka neurtu dituzte indarrak, hau da, eskualdeko derbia izan da finala.

Lortutako txapelei dagokienez, gure eskualdeak lau txapela pilatu ditu orain arte, guztiak Jokin Altunak irabazitakoak; azken biak, jarraian, gainera. Amezketarrak hirugarren txapela jarraian eskuratzea lortzen badu, San Fermin Torneoaren historian inoiz ikusi ez den marka ezarriko luke: hiru garaipen jarraian lortzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!