Kultur ekitaldi asko egiten dira Tolosaldean edo, horrela uste dute behintzat, eskualdeko kulturgileek. Erakundeen babesarekin, haien laguntzarekin, edo askotan haiengandik aparte antolatzen dituzte ekimenak eta gehienek auto-antolakuntzarako joera horren jatorria inauterietan ikusten dute, norbera bere gisara ibili eta festa egiteko daukan ohituran.
Urteak daramatza May Gorostiagak (Tolosa, 1972) clown eta antzerki munduan sortzaile eta baita eragile ere. Besteak beste, Amarozko antzerki astea, Zikloia eta Ahoz Aho jaialdiak antolatzen ditu eta Intujai espazioa kudeatzen du. «Programazio ofizialetik kanpo gabiltza. Ez dugu liga horretan jokatu nahi. Gure bokazioa da arte eszenikoen mundua deszentralizatzea. Ondo daude Topic-en edo Leidorren egiten diren gauzak, oso programazio ona daukate, baina guk emanaldiak eskualdeko auzo eta herri txikietara eraman nahi ditugu».
«Sarea izaugarri emankorra izan daiteke, baldin eta toxikoa ez bada»
Shrabani Aranzabe Naturaren Doinuak
Gorostiagak formatu txiki eta ertaineko emanaldietarako azpiegitura falta sumatzen du eskualdean: «Lokalak badaude, baina ez, akaso, behar bezain ongi prestatuta». Uste berekoa da Aitor Otegi (Alkiza, 1987) Sahrijai kultur elkarteko kidea eta espazio faltari erantzuteko antolatzen dituzte kontzertuak Villabonako Aljibean hileko lehenengo ostiraletan, beti ere, talde txiki eta hasiberriei plaza bat eskaintzearren. «Badirudi estadioak betetzen ez badituzu Euskal Herrian ez zarela inor. Duela 20-30 urte zirkuitu bat bazegoen eta astebururo izaten ziren kontzertuak gaztetxe eta tabernetan. Asko apaldu da joera hori eta uste dugu euskal kulturak eutsi egin behar diola martxa horri», esan du Otegik.
Intentzio bertsuarekin antolatzen dute metal musikari eskainitako Hellbona jaialdia urtean behin. Otegi bera ere antolakuntzan ibiltzen da, baita Sahrijai elkarteak bultzatzen duen eta uztail hasieran Zelatunen egiten den Errockmeria jaialdian ere. Hernio azpiko urteroko hitzordua gustukoa du jendeak eta horrek bultzatzen ditu antolatzaileak ekimenarekin jarraitzera. Arrakasta izan du, baita ere, ekain hasieran Alkizan antolatu den Naturaren Doinuak jaialdiak. Shrabani Aranzabe (Orissa, India, 1999) da ekimenaren antolatzaile nagusia eta eskertuta dago aurten jendeak eman duen erantzunarekin.
Nola neurtu arrakasta?
Arrakasta ez da beti neurtzen, ordea, biltzen den jende kopuruaren arabera. Kexu agertu da Aranzabe, Naturaren Doinuak jaialdirako erakundeetara diru laguntza eske joan izan denetan afluentziaz galdetu izan diotelako. «Badirudi jende asko joateak baino ez duela balio, ahalik eta inpaktu handiena izatea hartzen dute kontuan. Baina eredu hori ez da gure errealitatera egokitzen. Gurean ez dago BBK Liven bezalako zelaigunerik, eta eskerrak gainera».
«Orain ez dago duela 20-30 urteko zirkuitua musika taldeentzat»
Aitor Otegi Sahrijai, Hellbona
Administrazioarekin izaten dituzten mugez hitz egin du, baita Garikoitz Llobregatek ere (Tolosa, 1980), Tolofolk jaialdiaren antolatzaileetako batek: «Guk Pazko astean antolatzen dugu jaialdia eta udazkenean ematen dituzte diru laguntzak. Guretzako muga da, ezin baitugu diru hori aurreratu». Aranzabek ere salatu du burokratizazioak kultur ekintzaileei dakarkien zama. Aitortu du askotan «itsu-itsuan» aritu behar izaten dutela aurreikuspenak egiten. «Nik administrazioarekiko tramite horiek egiten ikasteko formakuntza behar izan dut. Hainbeste eskatzen baldin bazaigu, lan horietarako erremintak ere eskaini ditzatela instituzioek».
Intujai espaziokoek ez dute Eusko Jaurlaritza edo Gipuzkoako Foru Aldundia bezalako erakundetara jotzen laguntza eske, nahiago dute inguruko udaletara jo, haiekin akordio batzuk adostu eta sinergiak sortu. Hala ere, Gorostiagak nahi baino aje gehiago sumatzen ditu tokiko erakundeetan: «Alferrik da gauza bera antolatzen hamar urte badaramatzazu, hauteskundeen ondoren udal ordezkari berriei berriz esplikatu behar izaten diegu guztia. Jakin beharko lukete eskualdean zer egiten den, nola egiten den, gu zeintzuk garen... Hutsetik hasi behar hori nekagarria da. Urrun sentitzen gara eta pena da».
Lanak errazteko, edo behintzat, bidean oztoporik ez jartzeko eskatzen die erakundeei Gorostiagak: «Sikiera entzun gaitzatela, ezezkoa eman aurretik». Aranzabek uste du tokiko erakundeek ere modu askotara lagundu ditzaketela kultur ekitaldiak, dirutan izan gabe, azpiegitura utziz edota difusioan lagunduz, esate baterako.
Kalitatea oinarri
Baina zertarako behar dute kulturgileek laguntza? Llobregatek azaldu du: «Tolofolkek ez du askozaz gehiago hazteko borondaterik, baina, behintzat, lasaiago ibili nahi genuke ordainsariak hartaraino borrokatu beharrik gabe. Uste dut egiten duten lanagatik ordain duina behar dutela hona etortzen diren artistek, teknikariek eta abarrek. Horretaraino, gutxienez, iritsi nahi genuke, nahiz eta jaialdi xumea izan».
«Guk emanaldiak eskualdeko auzo eta herri txikietan eman nahi ditugu»
May Gorostiaga Zikloia, Ahoz Aho
Irabazi asmorik gabekoa da JeaJeaka, folk jaialdiaren antolakuntzaz arduratzen den kultur elkartea. «Bere lantxoa dakar hau guztia antolatzeak, baina merezi du, ingurune bat irabazi dugulako urteotan. Guretzat aberasgarria da hona gerturatzen diren artistekin dugun tratu zuzena, humanoa; eta bestetik, estimatzekoa da jaialdiaren inguruan aritzen den lagun kuadrillaren babesa».
Horrelako kultur ekimenen inguruan sortzen den sarea, «ezinbestekoa» dela baieztatu du Naturaren Doinuak jaialdiko antolatzaile nagusiak: «Izugarri emankorra izan daiteke, modu osasungarrian eraikia badago eta ez bada toxikoa». Iritzi horrekin bat dator Otegi ere eta aipatu du Sahrijaien, esate baterako, garrantzi handia ematen diotela elkarren arteko tratu onari. «Artistak, alde batetik, eta publikoa, bestetik, gustura geratzen direnean horrek esan nahi du bide onetik goazela. Hori da arrakastaren neurgailu onena», dio alkizarrak.
«Gure ardura ere bada beste inon ikusiko ez diren gauzak eskaintzea»
Garikoitz Llobregat Tolofolk
Kulturgile guztiek diote gauza «txukunak» eskainita eta gauzak ondo eginda lortzen dela publikoaren erreferentzialtasuna. «Jendeak ez du beti zalaparta handiko eta kontsumo azkarreko produktua nahi izaten. Gure ardura ere bada beste inon ikusiko ez diren gauzak eskaintzea», dio Llobregatek. Pedagogian egin du azpimarra Gorostiagak: «Gutako gehienok etxe ondoko plazatxoan edo auzoan ikusiko genituen lehenengo kultur emanaldiak eta horrek bultzatu gaitu gerora kultura kontsumitzera, edo beste zenbaitzuon kasuan, sortzaile izatera».
Makro-jaialdien eredua Tolosaldera iristeko arriskurik ez dute ikusten oraingoz kulturgileek, baina kontu egin ezean, hemendik gutxira urritasun bihurtuko da oraingo ugaritasuna.