|
|
JOKIN ANSORENA Tolosako «Gure eskaintza etengabekoa da, trinkoa eta maiztasun handikoa»
|
Kultur ekitaldi gehien antolatzen dituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerrien zerrendan bosgarrena da Tolosa, hiriburuen eta Getxoren atzetik. Zergatik dela uste duzu?
Ez nau datuak harritzen. Oro har, Tolosa herri bizia da. Guk udaletik egiten dugun eskaintza etengabekoa da, trinkoa eta maiztasun handikoa. Ulertzekoa da, beraz, ez bakarrik eskualde mailan, probintzian ere Tolosak zentralitate bat edukitzea. Badu posizionamendu bat, printzipioz, bere populazioari ez legokiokeena.
Zer pisu du Leidor aretoak Tolosako Udalak egiten duen kultur eskaintzan?
Oinarrizkoa da, funtsezkoa da udalaren zerbitzu sarean. Leidorrik gabe, nekez irudikatuko nuke Tolosa. Instalazio onak dira, erosoak eta modernoak eta handia da ateratzen zaion errendimendua. Zerbitzu publiko konpartitua da, eta eragile askok egiten dute aretoa erabiltzeko eskaera.
Zein irizpideren arabera antolatzen dituzue Leidorren egiten diren kultur proposamenak?
Alde batetik, tokikoa bultzatzen saiatzen gara eta proposamen artistiko batean herrikoren batek parte hartzen badu hura lehentasunezkoa da guretzat. Hortik aurrera, saiatzen gara profesionaltasuna bilatzen eta askotariko eskaintza egiten, alegia, hainbat diziplinetako proposamenak tartekatzen. Bestalde, sostengarritasunari ere begiratzen diogu, gure medioak ez baitira mugagabeak eta aurrekontuaren barruan sartu behar dira ekartzen ditugun emanaldiak. Aipatu behar da, udalak bere akzio guztirako dauzkan zehar-lerroak ere hartzen ditugula kontutan: ahalik eta programazio parekideena egiten saiatzen gara; euskarari lehentasuna emanez; eta balioak zainduz. Horren gzutiaren arteko orekak mantenduta egiten dugu eskaintza, eta batzuetan asmatzen dugu, eta besteetan ez. Dena den, beti saiatzen gara kalitatea zaintzen, hori egingo ez bagenu segituan desengantxatuko litzateke jendea. Horrekin erne ibili beharra dago beti.
Publiko exijentea da Tolosakoa?
Ez dakit esaten. Esango nuke publiko ona dela. Hemendik pasatzen den jende guztiak aitortzen du hori. Nahiz eta aretoa ez bete, askotan esan izan digute gerturatzen den publikoa beroa dela.
Erantzun ona izaten dute Leidorren antolatutako ekitaldiek?
Kontuan hartu behar da 824 aulki dituela. Ez da erraza Leidor betetzea. Hala ere, asistentziaren numeroak, gure kasuan, onak dira. Iritsi nahi dugun tokietara iristen gara.
Beste azpiegituraren baten falta sumatzen duzue herrian?
Tolosa espazio eszenikoei dagokionez ondo hornituta dago ez da ahaztu behar Leidorrez aparte, badugula Topic-eko antzokia, 250 lagunentzako aforoa duena. Hori ere maiz erabiltzen da. Ez du udalak zuzenean kudeatzen, alde batetik, TEEk bere programazioa egiten du bertan; eta bestetik, udalak eta herriko beste eragile askok erabiltzen dugu. TEE da, adibidez, herrian dagoen elkarte indartsu horietako bat, oso konpetentea, eta urte sasoi batean, behintzat, Leidorren antolatzen diren ekitaldietan garrantzia handia duena.
Leidorretik kanpora zein beste espaziotan antolatzen dituzue kultur jarduerak?
Kalean, batik bat. Kultura Plazara ekimena Zumardiaundian egin genuen iaz eta oso ondo atera zen. Jaialdia, lehenengo aldiz, pandemia garaian zezen plazan egin zen eta pentsatu beharko genuke tokiari zein erabilera eman aurrerantzean. Udalak diru asko erabili du zezen plaza egokitzen.
|
|
JOXAN CUBERO Amasa-Villabonako Kultura teknikaria «Gure eskaintzak oinarri sendoak ditu, kofiantza eskatuko nioke publikoari» |
Zenbateko pisua du Gurea antzokiak udalak egiten duen kultur eskaintzan?
Handia. Handik aparte areto batzuetan eta kalean ere antolatzen ditugu kultur ekintzak, baina gehienak Gurea antzokian egiten dira. Horrekin badaude herriko eragileek egiten dituzten bestelako eskaintzak ere, horien artean, aipatzekoa da Sahrijai elkarteak, hilean behin, Aljibean egiten duena.
Uste duzu nahikoa etekin ateratzen zaiola aretoari?
Herritarrek esan beharko lukete. Nik uste dut programazio duina eskaintzen dugula, askotarikoa. Nolabait, Gurea aretoa erreferente ere bada eskualdean, alde horretatik, gustura gaude. Nahiko genuke publiko gehiago, baina kezka ez da Amasa-Villabonakoa bakarrik, beste programatzaile askorekin partekatutakoa baizik.
Zein proposamenek erakartzen du jende gehien?
Begi bistakoa da: oihartzun mediatikoa duten artistak dira arreta gehien jasotzen dutenak.
Zeintzuk dira zuen irizpideak programatzerako orduan?
Antzokien sarean sartuta gaude eta han zehaztuta dauden irizpideak aplikatzen ditugu. Diziplinen arteko barietatea bermatzen saiatzen gara. Horrekin batera, ahalegintzen gara euskarazko sorkuntzari lehentasunezko tokia ematen eta adin guztietarako programazioa eskaintzen, nahiz eta ez den erraza adin tarte batzuetara, batez ere, gazte eta nerabeetara iristea.
Erraza da irizpide horiekin lan egitea?
Balantza horretan ibili behar izaten dugu. Antzokia betetzeak ezin du gure iparrorratza izan. Ugaritasunak ezin du irizpide bakarra izan, baina badu eragina. Publikoari, dena den, konfiantza pixka bat eskatuko nioke. Antzokien sarean badago batzorde artistiko bat eta jende bat badabil, kriterio handikoa, proposamenekin katalogo bat osatzen. Guretzako iturri garrantzitsua da hori. Kultur ekitaldiak ez dira nola edo ahala aukeratzen, oinarri sendoak izaten dituzte egiten diren proposamenek. Badakigu gehiago kostatzen dela gauza batzuk ikustea beste batzuk baino, baina gure egitekoa da publiko bat eraikitzea, arte eszenikoak ikusteko ohitura sustatzea eta herritarrak heztea.
Sortzaile asko inguratzen zaizkizue Gurea erabiltzeko eskean?
Proposamen asko iristen zaizkigu. Gu kultur sorkuntzan ibiltzen direnen jomugan gaude. Kultur programazio bat eskaintzen duen espazio bat dugu eta haiek gure atzetik ibiltzen dira. Programatzaile gisa, gu saiatzen gara gure herriarentzat ahalik eta aukeraketa egokiena egiten.
Gurea bezalako azpiegitura batekin nahikoa duzue Villabonan?
Ez dugu besterik, beraz horrekin moldatu beharko dugu. 290 pertsonentzako tokia dago antzokian eta uste dut guretzako nahikoa dela. Berez, aretoa ez da udalarena, elizarena baizik, eta udalak hori ustiatzeko hitzarmena sinatuta dauka jabearekin. Amasa-Villabonan pasatzen zaiguna da, kultur azpiegiturak herrian oso sakabanatuta dauzkagula eta, gainera, ez behar bezala konektatuta. Hori da gabezia.
Gurea bezala azpiegitura bat kudeatzeak lan handia ematen du?
Badauka lana bai, baina ez bakarrik azpiegitura kudeatzeak, baita gainerako guztiak ere. Villabonan egiten dugun kultur eskaintzarako giza baliabide gutxi daude, nik horrela bizi dut behintzat. Pertsona bakar baten menpe dago programazio guztia eta hori oso gutxi da. Dena den, iruditzen zait nahikoa programazio duina eta askotarikoa duela Amasa-Villabonak tamaina honetako herria izateko.
