Azken orduetan batez ere errepideen egoerak kezka sortu du, baina pixkanaka egoera bere onera itzultzen ari da. N-I errepidea ireki dute, GI 2130 errepidea irekita eta garbi dago, eta Ugarte auzoan ere errei bat ireki dute.
Berrobin lan eta lan eman dute eguna eta Aitzol Izquierdo alkateak eskerrak eman dizkie lagundu duten guztiei. Elduain eta Berastegiko herritarren laguntza jaso dute, baita bi herrietako udalena ere. Guztira 80 bat pertsona aritu dira lanean eta pixkanaka guztia garbitzen egon dira. Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren hondeatzailea faltan bota dutela esan du, «gure, Elduain eta Berastegiko makineriarekin aritu gara lanean».
Ibarran herriko bide guztiak irekita daude jada, Izaskunera Ibarrako igotzeko bidea izan ezik. «Gainerako errepideetan ibilgailuak igaro daitezke, baina oraindik lana dago aurretik errepide horiek garbitzeko. Herri Lanetako brigada, Udaltzaingoa eta bide-garbitzaileak horretan ari dira. Astelehenetik aurrera, eguraldia egonkortu ondoren, garbiketa-lan sakonagoak egingo dira», adierazi dute udaletik. Herritarrek jasandako kalteak zein diren jakin nahi dute eta horretarako galdetegi bat jarri dute herritarren eskura.
Azken orduotan egoera bere onera etortzen ari da, baina Euskalmetek iragarri du 18:00etatik 20:00etara, berriro egingo duela euria.