Hogei urte dira, Youssef eta Jawad Tolosara iritsi zirela. Bi mutiko marokoar ziren, garai hartan 14 eta 18 urtekoak, eta euren jatorrizko herriaren eta Tolosaren arteko bidea —1.200 kilometro— autobus baten azpian egin zuten, ibilgailuaren transmisioan ezkutatuta eta estututa. Tolosaldean harridura eragin zuen gertakariak, eta lehenengo sorpresa gaindituta, bi gazte haientzako harrera antolatzen hasi ziren hainbat herritar. Arrastoa utzi zuen gertakari hark eta migratzaileentzako harrera egokia egiteko oinarriak jarri zituen. Bi hamarkada geroago Tolosaldea pluralagoa eta anitzagoa da eta, elkartasuna abiapuntutzat hartuta, norbanako, erakunde eta instituzio asko ari dira pertsona etorri berrien eskubideak bermatzen eta haien gizarteratzea lantzen.
84 pertsona
12 bazkari, 24 familia-taldek, 84 pertsonek parte hartuko dute igandean, Tolosaldean, Bizilagunak ekimenean
Ahalegin horretan Bizilagunak bezalako egitasmoek indarra hartu dute urteotan. Bertakoak eta bertara iritsiak, bazkari baten bueltan elkartzea ahalbidetzen duen ekimenak 15 urte bete ditu aurten. Urtero igande bat proposatzen du SOS Arrazakeriak topaketarako eta, oraingo honetan, data aldaketarekin dator Gipuzkoara; orain arte azaroan egin ohi ziren otorduak, eta aurten, urtaroz aldatu eta igandea honetan egingo dira, ekainaren 1ean. Giro onak lagunduko duelakoan, otorduak aire librean egiteko aukera ere eman nahi dute antolatzaileek.
SOS Arrazakeriak eta Zurrumurruen Aurkako Sareak antolatzen du ekimena, eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostia, Irun, Errenteria eta Tolosako udalen babesa du. Antolatzaileen esanetan Bizilagunak ekimenak heltzen dio gizartearen aniztasunari eta balioa ematen dio elkartasun sareari, funtsezkoa dena eskubideetan parekidea den eta justizia sozialean oinarritua dagoen herrialdea sortzeko. «Dinamizatzaile eta mahai-zapi baten laguntzaz, esperientziak, zaporeak eta bizipenak partekatuz, helburua da aurreiritziak eta estereotipoak gainditzea eta gizarte kohesionatuago bat lortzea», esan du Peio Aierbe SOS Arrazakeriako kideak.
Tolosaldean, igande honetarako 12 topaketa daude aurreikusita. 24 familia talde elkartuko dira, hau da, 12 bazkari, 12 dinamizatzaile eta guztira 84 pertsona egongo dira Bizilagunak bazkarietan parte hartzen, igandean. Tolosan, Villabonan, Asteasun, Lizartzan eta Ikaztegietan egingo dira oraingoan bazkariak. Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun saila arduratzen da SOS Arrazakeriarekin batera ekimena eskualdean koordinatzeaz. Amaia Iturri Urkia teknikariak azaldu du: «Alde batetik, saiatzen gara ekimenaren difusioa egiten eta, gure ahalmenen arabera, ekimenaren berri ahalik eta toki gehienetan ematen. Urtero, adibidez, Bizilagunak zer den esplikatzera joaten gara Inmakulada ikastetxera, Gizarte Integrazioko ikasleei aurkezten diegu eta bertatik askotan dinamizatzaile gisa izena eman izan dute proiektuan».
Koordinazio lanak ez dira horrekin amaitzen, igandean otorduetan parte hartuko dutenen arteko loturak egiteaz ere arduratzen baitira Tolosaldea Garatzeneko sailetik. Formulario erraz bat bete behar izan dute parte hartzaileek, elikagai edo dieta berezirik, intolerantzia edo alergiarik ba ote duten adieraziz, etxean animaliarik ote duten, topaketan zenbat jendek parte hartuko duen eta ezagutzen dituzten hizkuntzak azalduz, besteak beste. «Hiru modutara dago parte hartzera, harrera familia, familia bisitari edota dinamizatzaile bezala. Dinamizatzailearen figura funtsezkoa da, topaketa gauzatu ahal izan dadin, aurretik hainbat gai adosten baititu bi aldeekin», azaldu du Iturrik. Bikoteak, kuadrillak, lagun edota familiek hartuko dute parte igandeko hitzorduan, familia eredu guztiak hartuko dituzte aintzakotzat.
Aurtengo edizioa prestatzeko orduan, taldetxo baten laguntza izan dute SOS Arrazakeriak elkarteak eta Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailak. Ekainaren 14an Tolosako Topic aretoan egingo duten Gipuzkoa Solidarioa prestatzeko osatu den taldeak aktiboki hartu du parte Bizilagunak antolatzen. Talde hori, besteak beste, Peñascal kooperatibak, Herrikide ikastetxeak, Boolo Senegal elkarteak eta hainbat herritar anonimok osatu dute.
Elkarren ezagutza elikatzea leloa aukeratu dute aurtengo egitasmorako. Aierbe: «Otordu baten inguruan, elkarren ezagutza, elkartasuna eta elkarren babesa ahalbidetzen du ekimenak. Elkar ezagutzea da besteen ekarpenekin aberasteko eta iritzi propioa edukitzeko modurik onena».
Aniztasuna garatzen
Nabarmen handitu da jatorri atzerritarreko populazioaren presentzia Tolosaldean azken 20 urteetan. 1998an populazio osoaren % 0,5 ziren eta 2023an, aldiz, % 11,3 —Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak emandako datuak dira, INEk emandakoetan oinarrituta—. «2022an egindako diagnosian jasotzen da, aurreko mendearen bukaeratik gaur egunera eskualdeko biztanleriak gora egin badu, immigrazioari esker izan dela», aipatu du migrazio eta aniztasun teknikariak. Migranteen jatorrizko herrialdeei begiratuta, lehenengo hamar tokietan kokatuta daude Maroko, Nikaragua, Honduras, Ukrainia, Errumania, Portugal, Kolonbia, Aljeria, Ekuador eta Venezuela.
Jatorri atzerritarreko herritarrek % 15eko langa gainditzen dute Ikaztegietan eta Leaburun; beste jatorri batekoek udalerriko populazioaren
% 10-15 artean suposatzen dute Alegian, Lizartzan, Tolosan, Amasa-Villabonan, Ibarran, Zizurkilen, Belauntzan eta Anoetan; eta, gainerako herri guztietan, etorkinen portzentajea % 10etik beherakoa da.
Pertsona horiei harrera egiteko protokoloa diseinatu zuen iaz Tolosaldea Garatzenek, Biltzen Eusko Jaurlaritzako gizarteratze eta kulturarteko bizikidetzaren euskal zerbitzuaren bitartez. Prozesu «aberatsa» izan zela dio Iturrik, Tolosaldea Garatzeneko administrazio kontseiluan parte hartzen duten udal ordezkariekin batera, departamendu ezberdinetan aritzen diren teknikariek eta hainbat gizarte eragileetako ordezkariek osatu baitzuten taldea —eragileen artean zeuden UEMA, Galtzaundi, Zutani, Peñascal kooperatiba, Tolosaldeko Asanblada Feminista, Divinas elkartea, Jatorkin, Boolo Senegal, Ereite eta SOS Arrazakeria—. Bi helburu ditu protokoloak: batetik, atzerritar jatorriko pertsonei harrera egiteko eskualdeko udalerriei tresnak ematea; eta bestetik, berriz, pertsona horiei beraiei arreta integrala eskaintzea, bizi proiektu bat egin ahal izan dezaten hemen.
«Bizi proiektu bat egin ahal izateko, ordea, oinarrizko eskubide batzuk bermatuta eduki behar dituzte. Administratiboki erregularizatuta egon behar dute, etxebizitzara, lanera eta hezkuntzara sarbidea edukitzeko. Erroldarik gabe eskubide horietarako ateak ixten zaizkio pertsonari», nabarmendu du Iturrik. Espainiako Atzerritartasun legeari berriki egin dizkioten aldaketek ez dute egoera nabarmen hobetu; formakuntzarako errotzea edo errotze soziala eskatu ahal izateko bi urteko gutxieneko errolda aurkeztu behar baitute oraindik, behin turista- edo ikasle-bisatua iraungi ondoren —lehen hiru urtekoa zen gutxieneko epea—. «Dagoeneko legeak berak bazterketa dakar. Ikusiko dugu nola egiten den legearen aldaketaren aplikazioa. Bien bitartean, migratzaileen erregularizazio orokorra eskatzeko, herri ekimen legegilea aurkeztuta dago Espainiako Diputatuen Kongresuan, 700 mila sinadura baino gehiagoren babesarekin. Oraindik ez zaio erantzunik eman».
Migratzaileen kezka nagusienetako bat da euren egoera erregularizatzea eta kezka horrekin gerturatzen dira askotan erakundeetara. Tolosaldeko Harrera protokoloan jasota dago eskualde mailako Harrera Zerbitzua martxan jartzea. Bakarkako hitzorduen bitartez arreta integrala eta pertsonalizatua eskainiko zaie migratzaileei, euren egoera kontuan hartuta. «Tolosaldean euskara ikasteko ikastaroen berri emango da, eta baita ere atzerritartasun tramiteei, enpleguari eta formakuntzari bideratutako baliabideen informazioa emango da; atzerriko ikasketak homologatzeko prozesuen berri; gure sailetik bideratutako programa eta ekintzen informazioa; eta eskualdeko herrietan dauden elkarte eta ekintzen ingurukoak jakinaraziko dira», zehaztu du Iturrik. Aipatu du, aldi berean, beste zerbitzuen arteko koordinazioa ere egingo duela etorkizuneko Harrera Zerbitzuak eta, besteak beste, aholku-sarearen, gizarte zerbitzuen, eskualdeko euskaltegien, Andragoraren eta kulturartekotasuna eta bizikidetza sustatzen duten elkarteen ekimenak emango dituela ezagutzera.
Izan ere, Harrera protokoloa, marko bat da, eskualde mailakoa, atzerritar jatorrikoek eskubide osoko herritar gisa gizartean integratu daitezen, eragile instituzional eta sozialen esku-hartzea antolatzen duena. Protokoloa markoa da, baina gero eskualdeko udalerrietan lurreratuko den ekintzen bitartez gauzatuko da. Lotura hori egiteko moduetako bat dira harrera saioak, etorri berri diren atzerritar jatorriko pertsonei zuzentzen zaizkienak; aurten Zizurkilen egin zuten horietako bat otsailaren 1ean eta Asteasun, berriz, bestea, maiatzaren 10ean; ekainaren 12an, Anoetan izango da. «Horrelako saioak, ahal dela, herri guztietan nahi genituzke. Besteak beste, helburua da etorri berri bat udalera joaten denean, harreran dagoen pertsonak eman behar dituen pausoak zehaztea. Herri batzuetan badituzte harrera-gidak prestatuta; horiek eskaini ahal zaizkie, eta ez dauzkaten herrietan eskualde mailako gida interaktiboa har dezakete erreferentziatzat, edo eman diezaiekete UEMArena, adibidez».
Okasio guztiak dira onak, hona etorritako atzerritar jatorriko jendearekin loturak egiteko eta, norabide horretan, Bizilagunak ekimena elkar ezagutzeko erreminta «oso baliogarria» da Iturriren ustez: «Herrigintza eta komunitatea egiteko eta elkar ikasteko lehen pertsonan bizi ahal den esperientzia denez, aipatutako harrera protokoloan txertatzen da guztiz, bizikidetza sustatzeko ekimena baita».
Harrera ikuspegi komunitariotik lantzeko hondar aletxoa jartzen laguntzen du, besteren artean, Bizilagunak elkarteak. «Herritarrak —bai norbanako gisa, bai elkartetan antolatuta— udal erakundeekin elkarlanean aritzea da helburua. Horretarako, ezinbestekoa izango da giza baliabideak gehitzea, formakuntza eskaintzea eta saretze lana indartzea», gehitu du Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun teknikariak.
IZAN HARRERA, GIZARTERATZEKO MENTORETZA PROGRAMA
Bizilagunak egitasmoak bizikidetzan sakontzeko aukera ematen badu urtean behin, aukera hori iraunkorrago bihurtzen du Izan Harrera programak. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta SOS Arrazakeriak sustatzen dute mentoria sozialeko ekimena azkeneko sei urteotan. Proiektuaren helburua da pertsona edo familia migratzaileei eta errefuxiatuei integrazio prozesuan laguntzea. Ardura hori hartzen dute programan izena ematen duten boluntario «autoktonoek», eta eguneroko bizitzako hainbat esparrutan eskaintzen diete laguntza migratzaileei.
Karlos Ordoñez SOS Arrazakeriako ordezkariak azaldu duenez, Izan Harrera programa lurraldera iritsi berri diren pertsonen eta herritarren arteko loturak sortzeko asmoarekin. «Konfiantzazko harremanak eraikitzen dira, eguneroko bizitzako funtsezko alderdiak hobetzeko: hizkuntza ikastetik hasi eta lana bilatzeraino, baliabide komunitarioak eskuratzetik, kide izatearen zentzua sendotzeraino».
Programak seigarren edizioa du aurtengoa eta azken urteetan parte hartu duten mentore eta mentoradunek elkarrekin egin dute lan gizarteratze prozesuetan aurrera egiteko. Antolatzaileek programaren emaitzen berri eman eta azpimarratu dute lagundutako pertsonen ongizate psikosoziala nabarmen hobetu dela. «Askok integratuago, autoestimu handiagoarekin eta beren bizi-proiektuak garatzeko konfiantza handiagoarekin sentitzen dira: sare sozialak zabaldu dituzte, inguruneari buruz gehiago dakite eta lanean, etxean edota aisialdian autonomia handiagoarekin moldatzen dira».
Boluntarioei, bestalde, gizarte-mentoretzako berariazko prestakuntza ematen die SOS Arrazakeriak eta ondoren elkartzen dira migratzaile edo errefuxiatuekin, beti ere haien arteko hizkuntza-kidetasuna, partekatutako interesak eta antzeko aldagaiak kontuan hartuta. Ekimenaren bultzatzaileek programaren jarraipen hurbila eta pertsonalizatua egiten dute, kasu bakoitzaren beharrak kontuan hartzen dituzte, eta zalantzak sortzen direnean, musu-truk aritzen den psikologo talde baten laguntza jasotzen dute parte hartzaileek.
«Gizarte solidarioagoa, abegikorragoa eta kohesionatuagoa eraikitzeko lanean zeregin aktiboa dute boluntarioek», esan dute aurtengo edizioaren aurkezpen ekitaldian. Ion Gambra Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren foru zuzendariak adierazi du programa honek «interpelatu» egiten dituela herritarrak: «Elkartasuna hurbiltasunetik, gizatiartasunetik gauzatzeko bidea eskaintzen digu». Eider Mendoza diputatu nagusiak gaineratu du, ekimen honekin giza eta gizarte loturak sustatu nahi dituela aldundiak, «gizartearen izaera komunitarioa indartzeko».
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta SOS Arrazakeriak herritarrak gonbidatu dituzte programan boluntario gisa parte hartzera. Informazio gehiago nahi duenak, 943 32 18 11 telefonora hots egin dezake, edo mezua idatzi izan.harrera@sosracismo.eus helbidera. Sosracismogipuzkoa.org helbidean ere izango dute interesatuek informazioa.


