Bizilagunak 2025

«Bizilagunak egitasmoak magia egin eta harremanen errobera martxan jartzen du»

Jon Miranda Labaien 2025eko maiatzaren 31

Itziar Gorostidi eta Peio Aierbe. J.M.

Bi hitzordu garrantzitsu antolatu ditu SOS Arrazakeriak ekainean eta jendearen parte hartzeko deia luzatu dute elkarteko kideek. Tolosaldeak, aurten, protagonismo berezia hartuko du. Guztiaren berri eman dute Itziar Gorostidik, Gipuzkoako SOS Arrazakeriako teknikaria eta Bizilagunak proiektuko koordinatzaileak, eta Peio Aierbek, Gipuzkoako SOS Arrazakeriako koordinatzaileak.

Lanpetuta pasa dute astea Peio Aierbek eta Itziar Gorostidik biharko bazkarietarako kudeaketa prestatzen. Ziur daude arrakastatsua izango dela asteburu honetakoa eta, dagoeneko, begirada ekainaren 14ko Gipuzkoa Solidarioa egitasmoan dute.

Zergatik parte hartu Bizilagunak egitasmoan?

Itziar Gorostidi: Onuragarria delako eta indar biderkatzailea duelako. Berez, gauza xumea da egun batean otordu bat beste jatorri bateko familia batekin partekatzea, baina Bizilagunak egitasmoak magia egiten du eta harremanen errobera martxan jartzen du. Pertsona hori, zeinarekin bazkaldu duzun, biharamunean okindegian ikusiko duzu eta hurrena parkean. Oso modu naturalean eraikitzen da harremana.

Peio Aierbe: Hamabost urte daramatzagu egitasmo honekin eta iruditzen zaigu, oraindik ere, jendeari elkar ezagutzeko aukera emateak baduela zentzua.

Behera egin al dute azkeneko urteotan egitasmo barruko bazkariek?

Gorostidi: Gure pertzepzioa da pandemiaren ondoren topaketa kopuruek bere horretan jarraitu dutela, ez direla hazi. Behera ez zuten egingo, baina ez dira pandemia aurretik bezainbeste igo. Uste dut etxera jendea ekartzeko erreparo horrek gugan jarraitzen duela nolabait. Horregatik erabaki dugu aurten aldaketak egitea, ea jende gehiago animatzen den. Data aldatu eta aukera eman dugu, etxetik kanpora ere, parkeetan edo merenderoetan, bazkariak antolatzeko.

Zergatik aukeratu duzue Tolosaldea Bizilagunak egitasmoaren aurkezpena egiteko?

Gorostidi: Bizilagunak egitasmoan hasieratik parte hartu izan duten familiak daude eskualde honetan. Jendeak oso ongi erantzun izan du eta toki aproposa iruditu zaigu aurkezpena egiteko. Gainera, azkeneko asteetan talde eragile bat sortu da eskualdean proiektuaren zabalpena egiteko. Aldizkari bat ere argitaratu dute eta oso aktiboki ari dira lanean.

Uste duzue beste eskualdeekin alderatuta, konpromiso handiagoa dagoela hemen jatorri atzerritarra duten herritarrekin?

Aierbe: Parekoa dela esango nuke. Badaude elkarte eta taldeak aspalditik lanean ari direnak. Iruditzen zaigu haiek egiten duten lana ezagutarazi behar dela, tresna inportantea baitira gizarte kontsolidatu bat lortzeko

Gorostidi: Bestalde, ZAS Zurrumurruen Aurkako Sarea dago, non figura instituzionalek eta elkarteek parte hartzen duten. Eskualdeko zenbait udalek ere hartzen dute parte sarean. Aurreiritzien aurka aspalditik egiten ari diren lan hori ere mahi gainean jarri nahi dugu.

Aierbe: Nabarmentzekoa da, beren aldetik, erakundeek eskualde honetan egiten duten lana ere. Iaz Tolosaldea mailako Harrera protokoloa diseinatu zuten. Pentsatzen dugu Bizilagunak bezalako egitasmoek, beste iniziatiba askorekin batera, lagundu dezaketela protokolo hori zabaltzen eta sendotzen.

Hori guztia ikusgarri egingo da Gipuzkoa Solidarioa izeneko galan, ekainaren 14an, Topic-en.

Aierbe: Bai. Urtero egiten dugu gala, behin Bizilagunak egitasmoko bazkaria bukatuta, parte hartzaile guztiak gonbidatzen ditugu festa moduko horretara, 18:00etatik aurrera. Bideo batzuk jarriko ditugu diskurtso xenofoboei aurre egiteko gako batzuk emateko eta, horrekin batera, aitortza egingo zaie hemen Tolosaldea inguruko hainbat elkarte eta talderi. Musikarekin osatuko dugu saioa eta, gero, jan-edanak jarriko ditugu jendeak solasean jarrai dezan. Haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko dugu.

Tolosaldean agertu dira pintaketa arrazista eta xenofoboak. Kezkatuta zaudete agerpenarekin?

Aierbe: Bai. Tarteka agertzen dira mezu arrazistak baina, egia esateko, mezu arrazista gehienak ez dira bistara egoten. Zurrumurruak beti tabernetan eta horrelako espazioetan egoten dira, eta zerbait gertatzen denean egiten dira ikusgarri. Azken boladan Donostian, esate baterako, manifestazio xenofobo batzuk sumatu ditugu. Okerrena, ordea, sare sozialetan gertatzen da. Izugarrizko astakeriak irakurri daitezke bertan.

Gorostidi: Anonimotasunean babesten dira horrelakoak botatzeko. SOS Arrazakeriatik bagabiltza hausnarketak egiten honi guztiari nola aurre egin diezaiokegun aztertzeko. Zurrumurruak beti egon dira, baina geroz eta gehiago hedatzeko espazioa topatu dute orain, batez ere, esparru digitalean. Dena den, jatorri atzerritarra duten pertsonek ez dituzte hainbeste nozitzen pintaketak edo sareetan esaten direnak, haiengan eragin handiago dute egunerokotasunean jasotzen dituzten begiradek eta keinuek. Horiek ez dira hain agerian gertatzen, zailagoak dira antzematen, eta gutako askok egiten ditugu, ez dugulako jakiten nola tratatu beste jatorri bateko jendea. Hori guztia elkarren ezagutzarekin eta harremanarekin lantzen da eta SOS Arrazakeriak elkartearen burua, gehienbat, horretan daukagu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!