Gipuzkoako hirugarren sektore ekosozialeko eragileekin elkarlanean, 19 jarduera biltzen dituen Klik agenda prestatu du Kutxa Fundazioak eta ekainaren 20ra arte luzatuko den egitarauaren barruan, bi ekimen egingo dituzte Tolosaldean; etzi Zerupe berean tailerra eskainiko die familiei Aranzadi zientzia elkarteak Adunan; eta igandean, berriz, Kulturaniztasunaren zopa sukaldaritza saioa prestatuko diete hainbat belaunalditako pertsonei Villabonan. Izen emateak Kutxafundazioa.eus helbidean egin beharko dira.
Kutxa Fundazioak 2023an sortu zuen Hitzetatik Ekintzetara egitasmoa, herritarrak 2030 Agendara hurbildu eta Garapen Jasangarrirako Helburuetan parte hartzera bultzatzeko. Aurtengoa hirugarren edizioa da, eta aurreko bietan 2030 Agendako helburu banari heldu zaio: 2023an bigarrenari, goserik ezari; eta 2024an, aldliz, hamaikagarrenari, hiri eta komunitate jasangarriei. Aurten, 17+1 helburuari heldu diote, kultura eta hizkuntza aniztasunari, alegia.
Horretarako, ekainaren 20ra bitartean 19 jarduera antolatu dituzte. Tartean da Adunan egingo dutena etzi: jarduera horretan, zerua eta izarrak behatu eta konstelazioak zer diren ikasiko dute; saioa sormen esperientzia batekin amaituko da eta haur bakoitzak izarrak eta konstelazio gogokoenak marraztuko ditu aterki batean. Zerupe berean ekimena, Adunako kultur etxean egingo dute, ostegunean, 16:30etik 18:00etara.
Igandean, berriz, belaunaldi arteko elkarrizketak sustatzeko saioa antolatuko dute Villabonako udaletxean, 11:30etik aurera. Hizkuntza eta kultura aniztasunaz hausnartzeko, elkarrizketa eta sukaldaritza uztartuko dituzte. Jakinmin elkarteak antolatuta, pentsamendu kritikoa elikatzeko prestatu dute, alegia, ideiak, jakintzak eta esperientziak partekatzeko.
Kultura eta hizkuntza
Egitasmoaren helburua herritarrei aukera «ezberdin eta errazak» eskaintzea da, modu horretara, Garapen Jasangarrirako Helburuen alde ekarpena egin dezaten Kutxa Fundazioaren esanetan. «Gizartea, oro har, bat dator helburuekin, baina ez daki nola lagundu», adierazi dute antolatzaileek. Agendarako, ko-sorkuntzaren formula erabili dute, eta lurraldeko eragileekin elkarlanean, haien ezagutza, esperientzia eta lan egiteko modua baliatu dituzte egitasmoari «indarra» emateko.
NBEk 2015ean adostu zituen milurtekoaren Garapen Jasangarrirako Helburuak; 17 ziren, baina horietan ez zioten hizkuntzari eta kulturari erreferentzia zuzenik egin. 2017tik, beraz, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko eragileek, hemezortzigarren helburua txertatzeko prozesua abiatu dute.