Zer da osteguneko tailerrean eskainiko duzuena?
Saio honetan zeruari begiratuko diogu bertan zer ikus dezakegun jakiteko. Historian zehar munduko kultura guztiek behatu diote zeruari eta bakoitzak bere konstelazio propioak sortu ditu; kultura bakoitzak, azken batean, bere konstelazio propioak ditu eta bertan irudikatzen ditu bere ideologia, ohiturak eta abar. Kosmobisioak zer diren ikasiko dugu.
Zertarako da baliagarria tailerra?
Amaieran planisferio bat marraztuko dugu aterki batean, zilar eta urre koloreko errotulagailuekin. Sormen esperientzia horrekin irudimena landu nahi dugu; izan ere, denok zeru berdina ikusi arren, gero, norberak bere irudimena erabilita, forma edo konstelazio ezberdinak sortzen ditu. Hori da transmititu nahi duguna saio honekin, ez dugula zertan zerua berdin ikusi behar. Unibertsoa ulertzeko askotariko moduak daude.
Nola gauzatuko da Adunako saioa?
Arratsaldez egingo dugu, hortaz, ez gara zeruari begira egongo. Nik programa baten bitartez zerua proiektatuko dut eta konstelazio dirdiratsuenak eta topatzen errazenak direnak bilatuko ditugu elkarrekin.
Zein adinetako umeentzat da egokia?
Zortzi urtetik gorako gaztetxoentzat da egokia. Aterkietan marrazteko txikiagoek zailtasun gehixeago izaten dute eta, beraz, zortzi urtetik beherakoek etorri nahi badute heldu baten laguntzarekin etorri beharko dute.
Parte hartzaileak pozik geratu izan dira aurreko saioetan?
Gehiagotan ere egin izan dut eta arrakasta handia izaten du. Norberak berak marraztutako aterkia eramaten du eta esperientzia polita izaten da. Izarrei beste ikuspuntu batetik begiratzeko aukera ematen du.