Euskaraldia 2025

Hamaikagarrenetik harago

Aitor Arroyo Askarai 2025eko maiatzaren 16a

Joan den astean zenbait boluntario, Orendainen, Euskaraldia hasi aurreko hainbat elementu prestatzen auzolanean. LEYRE CARRASCO

Atzo hasi eta maiatzaren 25a bitarte iraungo du Euskaraldiak; laugarren edizioa du aurten eta, lehenengoz, udaberrian egingo dute, udazkenean izan beharrean; dataz gain, diseinua ere berritu diote.

Martxan da Euskaraldia, eta datozen egunetan, beste urte batez, norberaren hizkuntza ohituretan eragitea izango du helburu. Duela zazpi urte jarri zuten lehen aldiz martxan euskararen erabilera sustatzeko ariketa sozial masiboa eta, bi urtez behin, ardatz berdinetatik abiatuta jardun du. Dagoeneko jakina den bezala, bi rol dituzte aukeran herritarrek: Ahobizi, zeina euskaraz hitz egiten saiatuko den ulertzen duen ororekin; eta Belarriprest, zeinak hari euskaraz egitea nahi duen, nahiz eta bera beti ez aritu euskaraz.

Eskualdean Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteak sustatzen du, besteak beste, ekimena eta azken asteetan zain eta muin aritu direla aitortu du Imanol Artola Felix kideak. Gaur egun ekimenaren berri «gutxi-asko» jende guztiak duela iruditzen zaio Artolari, baina «erabat beharrezkotzat» du kontzientziazio lana egiten jarraitzea: «Kike Amonarrizi entzun nion eta, ordutik, beti dut gogoan: Zopatan ere bazaudela iruditzen zaizunean; lasai. Oraindik ere izango da-eta, zure mezuaren berri ez duenik».

Aurten laugarrena bete du Euskaraldiak eta, lehen aldiz, urte amaieran egitetik udaberrian egitera pasa dute. Galtzaundiko kideak azaldu du eskualdean antolaketa elkarlanean egiten dutela herrietako eragileekin zein boluntarioekin: «Egitasmoaren muinean herritarrak daude, eta Galtzaundik sustatzen badu ere, haien lanik gabe ezin izango litzateke Euskaraldirik egin».

Udaberrira jauzi

Urte honetako edizioak badakartza berrikuntza batzuk, horien artean, data eta iruditegia. Lehen aldiz, udazkenetik udaberrira eraman dute ariketa, Artolaren hitzetan, «sozializaziorako sasoia» aprobetxatzeko: «Neguan, arratsaldeko seiak pasata, jendea etxean sartzen da; udaberrian, aldiz, kalean denbora gehiago pasatzen dugu eta aukera handiagoak ditugu sozializatzeko. Ariketa soziala izanda, ez zuen zentzurik hori kontuan ez hartzeak».

Horrez gain, aitortu du eguraldiak ere eragiten diola Euskaraldiari: «Txapa da Euskaraldiaren muina, eta agerian egon behar du une oro». Hori horrela, zehaztu du neguan —janzten diren arropa geruzak direla medio— txapa jantzien artean edo azpian ezkutatzea «erraza» dela. Udaberrian, kontrara, arropa gutxiago izaten da soinean eta, ondorioz, «arrisku txikiagoa» txapa ezkutuan geratzeko. «Hasiera batean irrigarria badirudi ere, funtsezkoa da ariketaren funtzionamendurako: txapak mezua eramaten baitu ahoz esan gabe ere».

Bestalde, aurtengo ediziorako iruditegi berria ere prestatu dute. Oraino koloretako puntuak izan dira ekimenaren irudi bereizgarri bat; bada, aurten «diseinu freskoago eta modernoago» batekin aurkeztu dute edizio berria, «gazteagoa eta berritzaileagoa» izateko asmoz. Artolak aipatu du ekimenari bultzada berri bat ematea izan dela helburua, eta aurreko edizioetatik gera zitekeen nekea iraultzea.

Hitanoa, lehen lerrora

Aipatutako berrikuntzak gutxi ez, eta aurten beste arlo bat ere indartu nahi izan dute: hitanoa. Eta, horretarako, urte honetako txapa batzuk pegatina bat izango dute 'H' hizkiarekin, jendea hika aritzera gonbidatzea xede. Euskaraldiaren erro bera du Hikaldiak, eta Artolak adierazi du «batez ere» herri txikietan izango dela martxan: «'H' horrek hika edo hitanoa adieraziko du, eta helburua da —euskara bezalaxe— hika hitz egitea normalizatzea. Bereziki herri txikietan eta euskara indartsua den guneetan landu dugu proposamena, baina izango da halakorik bestelako guneetan ere».

Galtzaundi elkarteko kideak azaldu du, gainera, hitanoaren barruan «galera are handiagoa» sumatu dutela noka aritzeari dagokionez, hots, emakumeei hitanoz egitea: «Iruditzen zaigu tokiko hizkeretan noka erabiltzea galtzen ari dela. Horregatik, ekimen txiki baina sinboliko horrek helburu handi bat du: hizkuntza aberastasunaren beste alor bat berreskuratzea; edo, behintzat, erabat galtzea saihestea».

Igeri korrontearen aurka

Ezin aurtengoari ekin atzera begiratu gabe, eta aurreko edizioaren amaieran parte hartzaileengan «desesperantza puntu bat» hauteman zuela aitortu du antolatzaileak: «Asko aritu ziren buru-belarri, eta hamaika egun horietan kalean aldaketa handirik ez zuten ikusi; ez, behintzat, espero zutena bezain bestekorik. Horrek, jakina, frustrazioa sortzen du».

Artolak nabarmendu du ez dela erraza hizkuntza ohiturak aldatzea: «Oso errotuak daude, eta askotan, inertziek, beldurrek edo besteen erosotasuna lehenesteak eramaten gaitu euskaraz aritu ordez gaztelaniaz hitz egitera, ulermen arazorik ez egon arren». Eta, horren aurrean, gogora ekarri du ariketaren helburua: hizkuntza ohiturak zalantzan jartzea, hausnartzea eta ausardiaz aritzea.

Hari berari tiraka, «aldaketa txikien balioa» goraipatu du antolatzaileak: «Baten bat lehen hitza —edo hitzak— euskaraz egitera ausartzen bada eta, horretan, Euskaraldiak lagundu badio... Izan kafe bat eskatzea edo bilerako lehen hitza euskaraz egitea, kanpotik mugimendu handiak ez badirudite ere, norberarentzat pauso erraldoiak izan daitezke».

Emaitzaren ikusgarritasuna

Euskaraldia izen-emate bidez antolatzen da, besteak beste, eta horrek parte-hartze kuantitatiboa neurtzeko aukera ematen die antolatzaileei. Artolaren hitzetan, eskualdean edizio guztietan antzeko parte hartzea mantendu da: ariketan parte hartu dezaketenen % 20-25 inguruk ematen du izena. «Sekulako kopurua da. Kontuan hartu hauteskundeetan parte hartzen duela botoa eman dezaketenen % 60-65 inguruk, eta boto bat ematea besterik ez da. Guk ohiturak aldatzea proposatzen dugula kontuan hartuta, kopurua ederra da».

Ildo beretik gaineratu du «denetariko jarrerak» topatzen dituztela: askok sentitzen dute ez dutela izena eman beharrik euskaraz hitz egiteko, eta beste batzuek, aldiz, ohiturazko ariketa gisa ulertzen dute. Artolak uste du horretan eragiten duela ekimenak «nobedade izateari utzi» izana: «Lehen proba egite edo ezagutze hutsagatik jaramon gehixeago egiten zuten. Gaur egun egitasmoa ezagutzen dute gutxi gorabehera bada ere, eta hori nabaritzen da, bi jarreretan».

Kopuruak gorabehera, antolatzailearen iritziz kualitatiboki neurtzea da garrantzitsuena eta, aldi berean, zailena: «Balorazioetan askotan topatzen ditugu lehen aipatutako aldaketa txiki horiek. Horietan ikusten dugu, benetan, jendearen jarreran eragiterik lortu dugun edo ez». Horiek zenbatzea zailagoa dela ere aitortu du eta, askotan, «ebidentziak» eragin handiagoa duela norberaren jarreran: «Neroni gertatzen zaidan zerbait da Euskaraldian kalera atera eta txapa asko ikusi ezean, pixka bat goibeltzea. Garrantzitsuena eragin kualitatiboa da, baina Euskaraldiak arrakasta izango badu, ikusgarritasuna ere behar du, hots, kalean txapa pila bat topatzea».

Emaitzak emaitza, boluntarioen lana ere goraipatu du antolakuntzako kideak: «Herritarrek beraiek antolatzen dute guztia: kartelak jartzetik, txapak banatzera; dendaz denda pasatzetik, Ariguneak sortzera... Horien lan isil baina etengabeari esker gertatzen da Euskaraldia».

Garrantzitsuena, hamabigarrena

Euskaraldiaren ondorenari buruz, Amets Arzallusek esana ekarri du gogora Artolak: «Garrantzitsuena hamabigarren eguna da, Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldi bat lortzea». Eta atzera nabarmendu du hizkuntza ohituretan eragitea «prozesu motela eta pixkanaka egin beharrekoa» dela: «Euskaraldia ez da berez aski izango, eta ezin diogu miraririk eskatu. Baina jendeak hausnartzen badu, autokritika sustatu eta ohituraren bat zalantzan jartzea lortzen badugu, aurreraka goazenaren seinale da».

Imanol Artola 'felix': «Ohituraren bat zalantzan jartzea lortzen badugu, aurreraka goazenaren seinale da»

 

Eta hari horri tiraka, «indarrak neurtzeko» deia ere egin du: «Ez dugu azken Euskaraldia balitz bezala antolatu behar. Ez da esprint bat, maratoi luze bat baizik, eta indarrak neurtu egin behar dira. Ez gara agortuta iritsi behar hurrengora».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!