Baserritarren eguna ospakizun, eskualdeko hamaika herritan

Ataria 2025ko mai. 14a, 07:57

Iazko San Isidro eguneko une bat, Berastegin. LEYRE CARRASCO

Bihar, maiatzaren 15a, San Isidro eguna da eta horren harira hainbat jarduera egingo dituzte eskualdeko zenbait herritan. Egun osoko egitarauak zein jarduera solteak antolatu dituzte.

San Isidro eguna, baserritarren eguna izango da bihar —maiatzaren 15a— eta eskualdeko hainbat herritan mota askotako jarduerak egingo dituzte. 

Eskaintza antzekoa izango da eskualdeko zenbait udalerritan, hain zuzen, egunaren harirako meza eta bazkaria izango dituzte, besteak beste, Amasa Villabonan, Elduainen eta Orendainen; Berrobin, ostera, bazkariaren partez afaria egingo dute. Altzon ere antzeko asmoa dute, baina ospakizuna bihar egin beharrean, larunbatera —hilaren 17ra— geroratu dute. Horiez gain izan dira, ordea, ospakizuna zabaldu eta hitzordu gehiago antolatu dituzten herriak ere.

Baserritarren egun zabala
Tolosaldeak lotura estua du lehen sektorearekin, eta horren adierazle dira, besteak beste, biharko egunaren harira antolatutako egitarau zabalak. Alkizan, esate baterako, bihar hasi eta larunbatera bitarte antolatu dituzte ekimenak.

Ospatzen bihar hasiko dira, egun osorako eskaintza antolatu baitute. Baserritarren bazkaria izango da lehen hitzordua, herriko ostatuan. Eta, hortik aurrera, haurrentzako zein helduentzako eskaintza: Ameli eta Xirrikituen jostunak ipuin kontaketa egingo dute 17:00etan, haurrentzat; eta 19:00etan hasiko da, berriz, Aritz Ganboaren Bideak dokumentala eta hitzaldia, udaletxeko ganbaran.

Ostiralean ere jarraituko dute ospatzen, ardo dastatzea izango baitute Mikel Garaizabal enologoak gidatuta, eta azken jarduerak, berriz, larunbatean izango dira: goizean gazteentzako jolasak eta, arratsaldean, helduen frontenis txapelketako finalak.

Alkiza ez da, ordea, egitarau zabaleko herri bakarra izango. Asteasun ere eskaintza oparoa antolatu dute: goizean, herriko umeen kirol erakustaldia izango da plazan; ondoren, barrikotea trikitilariek girotuta; eta eguerditik arratsaldera, bazkaria Iturriondon eta, bazkalostean, Oihana Iguaran eta Jexux Mari Irazu bertsolariak eta Larraitz eta Mikel trikitilariak ariko dira.

Horiez gain, Gaztelun ere ospatuko dute San Isidro, baina igandean —hilaren 18an— izango dira ekitaldiak. Gazteluko Herri Kirol Taldeak antolatu ditu jarduerak, eta goizean hainbat herri kirol erakustaldi egingo dituzte, horien artean, sega pikatzea, lokotxak, zaku karrera eta sokatira. Aipatutakoaz gain, hamaiketakoa ere egingo dute.

Aparteko jarduerak
Berastegin ere, urtero legez, eskaintza betea prestatu dute baserritarren egunerako. Eguna prozesioarekin hasiko dute udaletxetik San Martin elizara, txistulariekin batera, eta meza herriko haur dantzariek eta bertsolariek lagunduta egingo .

Horren ondotik, herri bazkaria egingo dute udaletxeko erabilera anitzeko gelan eta, ondoren, trikitilariek girotuko dute bazkalostea. Hitzordu horiez gain, ordea, izango da nobedaderik ere, hain zuzen, Laguntasunaren PT Road konfesategia. Eta hori zer den? Bada, Infinitudrama konpainiaren ikuskizun berezia. 

Konfesatoki berezi bat prestatu dute furgoneta batean eta herritarrak «konfesatzera» gonbidatuko dituzte jolasen bitartez. Bertan jasotzen dutenarekin Promesarik txikiena antzezlana osatuko dute, hain zuzen, Geuretik Sortuak egonaldian sortzen ari diren obra.

Eta konfesatokirik ez, baina Zizurkilen ere izango da San Isidro eguna ospatzeko aukerarik. Eguna 12:30ean hasiko dute, Intxaur frontoian izango den herri kirol erakustaldiarekin: Ainitze Zumeta eta Maddi Gesalaga ariko dira harri-jasotzen, eta Joseba Otaegi eta Eneko Saralegi, aizkoran. Ondoren, bazkaltzeko aukera izango dute Iriarten, bertsolariek girotuta; eta, eguna bukatzeko, 18:00etatik aurrera, gaztetxoen pilota partidak izango dira, Intxaur frontoian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!