Amezketak 3-0 irabazi dio Amasa-Villabonari joanekoan

Ataria 2025eko maiatzaren 2a

Herriarteko Txapelketaren jardunaldia jokatu dute Amezketan, eskuzko modalitatean, eta nagusi izan dira amezketarrak.

Kanporaketa hasi aurretik faborito ziren amezketarrak, eta horrela erakutsi dute kantxan. Joaneko jardunaldia berez Villabonan jokatzekoa zen, baina bi herrietako agenda kontuengatik Amezketako Larrunarri pilotalekuan jokatu da. Hori bai, gorriz billabonatarrek jokatu dute.

Amasa-Villabonatik kadete mailan Imanol Zufiriak eta Beñat Larrartek jokatu dute, eta 10-22 galdu dute Amezketako Igor Goñi eta Oihan Gorostidiren aurka. Jubeniletan ere 10-22 galdu du Amasa-Villabonak: Unai Zufiria eta Eñaut Oñate aritu dira, eta Amezketatik Oihan Fresneda eta Ametz Gorostidi. Nagusietan alde handia izan da: Amasa-Villabonako Aimar Iraolak eta Eñaut Aranburuk 3-22 galdu dute Amezketako Eneko eta Beñat Gorostidi anaien aurka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!