Oreka Tolosa slackline taldeko kideek herritarrak harritzen jarraitzen dute. Martxoan, Tolosan egin zen MendiTour jaialdian, Nerbioiko ur-jauziko highline jarduera kontatu zuten, ordura arte Euskal Herrian sekula egin zen luzeena zen. Ia kilometro bateko luzera zuen, eta 200-300 metroko altueran kokatuta zegoen. Mario Hidalgo Oreka Tolosa taldeko kideak elkarrizketa honetan eman zituen ekintzaren xehetasunak. Bada, aste honetan, marka berria ezartzea lortu dute.
Pasa den ostiralean, apirilaren 25ean, Gazumeko tontorretik Ernioko kanalera –tontorreraino heldu gabe– heltzen zen 1.050 metroko luzera zuen soka ezarri zuten; gehienezko altuera 100 metrokoa zen. Ernioko lepoa guztiz zeharkatzen zuen, Zelatungo borda gainetik igarota. Estatuko errekorra berdindu dutela nabarmendu du Hidalgok: «Kilometro pasatxokoa zen marka». Gainera, eskaladan egiten den bezala, sokari eta ibilbideari izena jarri diote: KM 0 –Kilometro zero–. «Bertakoa delako», azaldu du tolosarrak.
Proiektua gauzatzeko bederatzi laguneko taldea osatu dute: lau euskal herritar, hiru valentziar, eta alemaniar eta kanariar bana. Horietatik hiru, emakumezkoak dira. «Datu hau garrantzitsua da, eta aipatu beharrekoa, gehienetan mutilak bakarrik izaten garelako. Beste bi neska ere gonbidatuta zeuden, baina ezin izan zuten etorri», adierazi du Hidalgok.
Aurrerago, berriro
Bost egun egon ziren ingurune horretan, asteartera bitarte. «Berez, astebeterako baimena genuen, baina haizearen ondorioz, bosgarren egunean sokak askatu behar izan genituen». Soka gainean ibiltzeko, berriz, egun eta erdi bakarrik izan zuten, «baldintza egokiak ez genituelako». Beste arantza bat ere geratu zaio tolosarrari: «jende gutxi gerturatu zen, asteburuan eguraldi kaskarra izan genuelako, eta astean zehar aritu ginelako soka gainean». Hala ere, Orekako kideen asmoa da aurrerago berriro gauzatu ahal izatea. «Auskalo noiz, baina errepikatuko dugu, hilabete batzuk barru edo urte batzuk barru», esan du Hidalgok.
Kide bakoitza behin edo bitan igo zen soka gainera, eta haietako bik bakarrik lortu zuten alde batetik bestera erori gabe gurutzatzea. «Guretzat, inoiz gurutzatutako sokarik luzeena izan da». Soka gainetik, ikuspegia «ikaragarria» zela nabarmendu du: «Pirinioez gain, Anboto, Txindoki, Xoxote, Erlo, Gorbeia eta Aizkorriko tontorrak ikusten ziren, baita kostaldeko zenbait herri ere, besteak beste, Donostia eta Orio. Euskal Herriko paisaia ederrenak dira».
Ekintza historikoa gauzatzeko, baimenak eskatu behar izan dituztela gogoratu du Hidalgok. «Posible izan da Gipuzkoako ingurumen teknikariei esker. Beraiekin harremanetan egon gara, eta Ernio-Gazume ingurunea txorien habien eremua ez denez, posible izan da proiektua aurrera eramatea».
Argazkiak: Oreka Tolosa.