Zer da 'Peligro. No asomarse' dokumentala?
Batez ere, gure taldearen proiektua kontatzen du, hasi eta buka: Nerbioi inguruan soka gainean aritu aurreko prestaketa eta bertan igarotako astean jazotako bizipen guztiak. Euskal herritarrontzat zoragarria den parajea erakutsi nahi genuen, baita soka gainean jarri aurreko kudeaketa eta muntaia guztia kontatu ere. Halaber, highline-a talde-lan bat dela azaldu nahi genuen. Beti hitz egiten dugu soka gainean bizi ohi ditugun emozioez, eta ia inoiz ez atzean dagoen lanaz.
Zentzu horretan, lan handia egin zenuen baimenak lortzen, ezta?
Kirolari ezezagunak izanik, zailtasun handiak izan genituen. Kasu honetan, gainera, bi autonomia erkidego desberdinetako lurrak erabili behar genituen. Urtebete inguru behar izan nituen baimenak lortzeko, eta gero, soka muntatu, gainean ibili eta irudiak grabatzeko astebete izan genuen.
Nolakoa izan zen grabatutako irudiei forma ematea?
Gidoia aurrez prestatuta izateak, asko erraztu zuen dena. Dokumentalean kontatu nahi genuen ideiara bideratu genituen grabaketak. Astebetean egin genuen dena, hau da, sokak muntatu eta irudiak grabatu, eta guztira, hamaika ordu genituen grabatuta. Gero, urtebete izan genuen edizio lanetarako. Prozesua, neketsua baino, luzea izan zen.
Zertarako balio du dokumentalak?
Kirolarentzat, oro har, aurrerapauso handia da. Neu ere harrituta nago, hamaika tokitan aurkezten ari direlako. Zenbait teknikarik ere deitu didate, dokumentala ikusi dutela edo ikusteko interesa dutela esateko. Beraz, badirudi bozgorailu lana egiten ari dela, eta hori oso pozgarria da guretzat, aurrera begira, gisa honetako proiektu handiak egiteko. Gure asmoa ere bada dokumentala beste jaialdi gehiagotan aurkeztea.
Urduri zaude Tolosan proiektatuko delako?
Urduri, eta ilusioz gainezka. Duela urtebete trailerra aurkeztu genuen, baina ez zeukan ia mamirik. Eta bat-batean, bizipen guztiak pantaila handian eta gure herrian proiektatuko ditugu, senideen eta lagunen aurrean. Ziur nago, askok, sorpresa handia hartuko dutela, eta beraien aurpegiak ikustea oso polita izango da.
Eusebik aurkezpenean esan bezala, hunkitu egingo gara?
Bai. Danik ere jakin zuen gidoian sentimenduekin jolasten.
Zergatik da ezinbestekoa mota honetako dokumentalak egitea?
Gaur egun, mendiarekin lotutako edozein kirolek edo jarduerak du berebiziko garrantzia. Nire sentsazioa da burbuila baten barruan bizi garela, kanpoan ditugun aukeren ezagutzarik gabe, bai aisialdirako, baita osasun mentala eta fisikoa lantzeko ere. Nire kasuan, highline-ak onura, bizipoz eta lasaitasun handia eman dit. Hortaz, oso garrantzitsua da gurea bezalako esperientziak jendeari ezagutaraztea.
Eta zer dauka lan honek berezia?
Hasteko, gu tolosarrak garela. Gure herrian, kirolari dagokionez, askotariko diziplinatan ditugu kirolari oso onak, eta horietako askotan, txapeldunak direnak. Eta nire ustez, ezinbestekoa da herritarrek horrelako jarduera bat herrian bertan dutela jakitea. Bestetik, talde-lana nabarmentzen da dokumentalean. Gaur egun, geroz eta indibidualistagoa den gizartean bizi gara, eta guk talde bateko bizipenak kontatzen ditugu. Horiek, bultzatzen jarraitu beharreko balioak dira.