Martxan jarri da IX. Ataria Pilota Topaketa eta datorren astean izango da bigarren jardunaldia. Aurtengoan CMO Valves eta Udarko enpresak dira babesleak. Enpresa bakoitzak bere jarduera du eta bien artean ostalaritzako hainbat zerbitzu eta gune dituzte. Udarkoren bitartez egin dira aurtengo topaketan pilotariek jantziko dituzten kamisetak.
Kirola babesten ibilbide zabala dute. Izan ere, eskualdeko hainbat kirol klubei laguntza ematen diete: futbola, saskibaloia, eskubaloia, gimnastika erritmikoa, txirrindularitza, mendi lasterketak, arrauna, errugbia, pilota... Eta kirol egitasmoak ere babesten dituzte: krosak, haurren areto futbol txapelketak... Horrez gain, hainbat egitasmo solidariotan ere parte hartzen dute.
«Guretik gertu dauden klubei eta egitasmoei laguntzen diegu, ahal dugun heinean babestuz», esan du CMO Valves enpresako jabe eta kudeatzailea den Iker Diezek. «Kirola bultzatuz kirolariek aurrera egin dezaten saiatzen gara, eta gu ere poztu egiten gara hori ikusten dugunean». Udarko enpresako jabe eta kudeatzailea den Asier Mugicak gaineratu duenez, «gureak ez dira bakarrik irabaziak dituzten enpresak, baita bertako klubak eta kirol egitasmoak laguntzen dituztenak. Irabazten duguna gero ere berriz inbertitu daiteke, eta gure kasuan kirolean ari gara. Azkenean saiatzen gara eredu izaten, eta ea beste enpresa batzuk ere animatzen diren».
Eider Aierbe ATARIA-ko kudeatzaileak antolakuntzaren aldetik eskerrak eman dizkie Iker Diezi eta Asier Mugikari, zein CMO Valves eta Udarko enpresei, aurtengo topaketaren babesle izateagatik. «Beraien eta gure nahia da oinarrizko kirola bultzatzea, kirolari gazteei bultzada ematea, eta Ataria Pilota Topaketa da horren lekuko. Aurrerantzean ere lankidetzan aritzea espero dugu», azaldu du Aierbek.