Bihar emango zaio hasiera IX. Ataria Pilota Topaketari. Lehen jardunaldia jokatuko da egunotan, eta gero etenaldi bat izango da, maiatzaren 8an berriro ere partidei ekiteko. Sei maila izango dira aurtengoan, bost eskuz eta bat palaz. Finalak Berrobin jokatuko dira, ekainaren 29an.
Aurtengorako 250 pilotari inguruk eman dute izena. Maila batzuetan beherakada izan da izen ematean. «Pilotan aritzen diren batzuk egutegiaren aldetik izena eman gabe geratu dira, Aste Santua datorrelako», esan du Luis Galarraga topaketaren koordinatzaileak. «Bestalde, aurreneko Ataria Pilota Topaketa jokatzen hasi ginenetik haurren baldintzak ez dira berberak. Orain hamar bat urte, haurrek eskolatik aparte pare bat ekintzetan sartuta egoten ziren, kirola eta musika, adibidez. Orain gauza gehiagotan daude sartuta, eta maila batzuetan ostegunetan eta ostiraletan jartzerakoan, zenbaitzuk egun horietan eskolaz kanpoko ekintzak dituzte, eta hortik etorri da beherakada». Izan ere, iazko egitasmoan 300 pilotari inguru aritu ziren parte hartzen.
Eskuz benjamin A eta B mailak, alebinak eta infantilak ariko dira, eta benjamin eta alebin nesken maila ere izango da eskuz jokatzeko. Palaz, maila batean elkartu dira parte hartzaileak, hau da, benjamin, alebin eta infatilek elkarren aurka jokatuko dute. Aurreko urtean eskuz jokatzeko nesken maila izan zen berritasuna, eta aurten ere mantendu egin da. «Aurretik neskek normalean palaz jokatzen zuten, eta eskuz jokatzen zutenak, mutilekin batera aritzen ziren», esan du Galarragak. «Iaz egindako apustu horri aurten ere heltzea erabaki da. Kopuru aldetik nahiko ondo dago, bederatzi bikote osatu direlako». Palaz jokatuko den mailan ere bederatzi bikote osatu dira.
BERROBIN, LEHEN ALDIZ
Aurtengo topaketaren finalak Berrobiko Urreburu pilotalekuan jokatuko dira, ekainaren 29an, igandez. «Ekainaren 28an, larunbatez, izatea zegoen aurreikusita, baina Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak Pilotaren Eguna antolatu du egun horretarako, eta biak egun berean egitea ez da aproposa», azaldu du Galarragak. Finaletako herria aldatzen joaten da urtero, eta aurten ere horrela izango da, Berrobi lehen aldiz izango delako finaletako egoitza. «Berrobin egitea proposatu zenean, oso ondo hartu ziguten, bai udalak eta bai herriak. Gainera, orain gutxi berritutako frontoian jokatuko dira», esan du Galarragak.
Ohiko moduan, eskualdeko hainbat herritan jokatuko dira topaketako partidak. Infantilak Amezketan eta Albizturren ariko dira; alebinak Alkizan, Bidanian eta Zizurkilen; benjamin A mailakoak Berastegi, Larraul, Tolosa eta Berrobin; benjamin B mailakoak, berriz, Amasan eta Anoetan; eskuz neskak Alkizan eta Zizurkilen, eta palaz Adunan ariko dira. «Eskualdeko pilota elkarte eta eskola guztiak inplikatuta daude topaketa antolatzerakoan, eta hori izugarria da», nabarmendu du Galarragak. «Bestela ere elkarte eta eskola bakoitzeko pilotariek agenda nahiko betea izaten dute, eta Ataria Pilota Topaketa antolatzea beste gehigarri bat da, eta hori asko eskertzen da. Ez dira eskualde asko izango, bertako herri eta eragile guztiak hainbeste inplikatzen direnak. Ez da erraza, eta eskertzekoa da egiten duten ahalegina».
Antolakuntzaren parte dira Aurrera Tolosa (Tolosa), Behar Zana (Amasa-Villabona), Intxurre (Alegia, Altzo, Ikaztegieta eta Baliarrain), Kuku (Anoeta), Otsabio (Lizartza), Txulobi (Aduna), Zazpi Itturri (Amezketa) eta Ziotza (Zizurkil) pilota elkarteak, eta Albiztur, Alkiza, Asteasu, Berastegi, Berrobi, Bidania-Goiatz eta Larraulgo pilota eskolak.
Horrelako topaketa batek pilotaren harrobiarentzat asko esan nahi duela gaineratu du Galarragak: «Orain Ataria Pilota Topaketa ezagutzen da, baina hau hasi zen Hitza Pilota Txapelketarekin. Beraz, urte asko dira egiten dela horrelako egitasmoa Tolosaldean. Hasieran federatuentzako izan zen, eta Euskal Herriko pilotari guztiek jokatu nahi izaten zuten. Orain profesionaletan jokatzen ari diren eta aritu diren asko, garai batean Hitza Pilota Txapelketan aritu ziren lehian».
Tolosaldean pilotari asko izanik eta ikusirik federatu mailan nahiko txapelketa zeudela, eskola mailakoa egitea pentsatu zen. «Zenbat mutiko eta zenbat neskato pasa ote diren urtero topaketa honetatik, eta horrek Tolosaldearentzako esanahi handia du», nabarmendu du Galarragak. «Umeentzako izugarria da, eta pilotan jokatzeaz aparte, guraso eta haur askok eskualdea ezagutzeko aukera izaten dute partidak jokatzera joaterakoan. Haurrek disfrutatu egiten dute pilotan jokatzen, eta gurasoek aukera dute eskualdeko herri txikiak gehiago ezagutzeko».
Mailak eta egoitzak
Eskuz, benjaminak A
- Berastegi, Larraul, Tolosa eta Berrobin jokatuko dituzte partidak. 29 bikote eta bost hirukote ariko dira parte hartzen.
Eskuz, benjaminak B
- Anoeta eta Amasan jokatuko dituzte partidak. 18 bikote eta lau hirukote ariko dira parte hartzen.
Eskuz, alebinak
- Alkizan, Bidanian eta Zizurkilen jokatuko dituzte partidak. 28 bikote eta lau hirukote ariko dira.
Eskuz, infantilak
- Amezketan eta Albizturren jokatuko dituzte partidak. 13 bikote eta hiru hirukote ariko dira parte hartzen.
Eskuz, neska benjamin eta alebinak
- Alkizan eta Zizurkilen jokatuko dituzte partidak. Bederatzi bikote ariko dira parte hartzen.
Palaz, maila guztiak
- Adunan jokatuko dituzte partidak. Bederatzi bikote ariko dira parte hartzen.