Tolosaldea ezagutzeko jolas interaktibo berria jarri dute martxan

Ataria 2025eko apirilaren 10a

Armintz Gorrotxategi, Rafa Gorrotxategi museoan, bisitariei azalpenak ematen. Argazkia: Turismo Saila.

Tolosaldea Garatzeneko Turismo Sailak datozen asteetarako eskaintza aurkeztu du; jolas interaktiboaz gain, Tolosako audiogidetan ere berrikuntza bat dago: sei kapitulu gehitu dituzte, zabalgunera hedatuz.

Tolosaldea prest dago datozen asteetarako. Tolosaldea Garatzen garapen agentziako Turismo Sailak askotariko ekintzak biltzen dituen eskaintza aurkeztu du, eskualdera etorriko diren bisitari eta bertako herritarrentzat. «Eskualdeak aukera ezin hobea eskaintzen du gastronomiaz, naturaz eta kulturaz gozatzeko, eta aurten, berrikuntza eta proposamen berriak ere baditugu Aste Santua edota Pazko astea Tolosaldean igaroko duen ororentzat. Aurkeztu dugun planarekin, ez dago aspertzeko aukerarik», adierazi dute.

Hain zuzen, Tolosaldea modu dibertigarrian ezagutzeko jolas interaktibo berria jarri dute martxan. Jolas honen bitartez, parte hartzaileek eskualdeko hainbat puntu ezagutzeko aukera izango dute, ondarea, gastronomia eta natura uztartuz. «Egin zure ibilbidea, ezagutu leku esanguratsuak eta dibertitu familia edo lagunekin», esan dute turismo saileko ordezkariek. Tolosaldea.eus/jolastu webgunean dago eskuragarri. Eskualdeko 28 herrien izenak mapa batean kokatzean datza; behin herriak kokatu ondoren, bakoitzaren inguruko informazio gehigarria eskaintzen du webguneak.

Bisita gidatuak

Alde batetik, bisita gidatuen eskaintza berezia izango da Tolosan. Tolosako alde zaharra, Andre Maria eliza eta azoka gida aditu batekin ezagutzeko aukera paregabea egongo da. Azokako bisitan, aurten hasitako formatu berria mantenduko da, hau da, bisitaren ostean bertako produktuen dastatze bat eskainiko da Jo! Topagunean. Baina, berrikuntza bezala, apirilaren 17an, 18an eta 19an, 11:00etan, Tolosako alde zaharreko bisitari ere dastaketa gehituko zaio, bertako produktua sustatu eta ezagutarazteko eskaintza berria txertatuz.

Audiogida berriak

Bisita norbere kabuz egin nahi duenak eskura izango du audiogida. Tolosako interesgune nagusiak ezagutzeko ibilbide bat proposatzen du. Orain arte, alde zaharrean barrena 17 kapituluko eskaintza zegoen; bada, zabalgunera hedatu, eta beste sei kapitulu gehitu zaizkie, intereseko izan daitezkeen puntuen inguruko informazio osagarria emateko. Honako hauek dira: San Frantzisko eliza eta artxiboa, Beotibar, Oriaburu eraikina eta Berazubi estadioa, zezen-plaza, Lizardi plaza eta Eskolapioen lorategiak. Audiogidetara sartzeko, interes-puntu bakoitzean dauden ondare-plaketan eskuragarri dagoen QR kodea eskaneatu, Tolosa turismoko webgunea bisitatu, edo Spotify eta Google Podcast plataformetan bilatu behar da.

‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ ibilbidea

Larunbatean, inauguratu berri den Kutsidazu bidea, Ixabel ibilbidea gida batekin egiteko azken aukera izango da; Hernialdetik abiatu eta Alkizara egingo da. «Bestela, nahi duenak bere kontura egin dezakeen ibilbidea ere bada», gogorarazi dute.

Museoak

Tolosako Topic txotxongiloen museoan bi erakusketa berezi ikusi ahal izango dira egunotan. Batetik, Nestor Basterretxea eta Altzoko Handia, Nestor Basterretxeari (1924-2014) eta hark txotxongilo diseinatzaile gisa egindako lan ezezagunagoari buruzkoa. Bereziki azpimarratzen da Altzoko Handia operan egindako lana, Topicek Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren ospakizunaren harira ekoitzitako lana. Erakusketa maiatzaren 25era arte egongo da zabalik. Girovago e Rondella izeneko erakusketa ere ikusgai izango da, irailaren 21era bitarte.

Horrez gain, apirilaren 14tik 16ra, Topic-ek haur eta familientzako plan berezia antolatu du. 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako txotxongilo tailerra izango da. Hiru egunetan, Michael Grejniecek sortutako Nola dastatu ilargia ipuina landuko dute, kartoiez egindako txotxongilo sorkuntza eta antzerki bidez. Ipuinaren kontaketa kolektibo batekin amaituko dute ikastaroa. 45 euroko kostua izango du, eta beharrezkoa izango da hiru egunetan joatea. Goizez izango dira eskolak, 09:30etik 12:30era. 943 650 414 telefonora deituz edo pedagogia@cittolosa.com helbide elektronikora mezua bidaliz eman daiteke izena.

Eta Tolosatik mugituta, Alkizan, Ur Mara museoak apirilaren 5ean ireki zituen berriro ateak. Aurrez hitzartuta, Koldobika Jauregiren aire libreko museoa bisitatzeko aukera dago.

Gastronomia

Tolosaldeko bisita goxatzeko, bi eskaintza gastronomiko izango dira, txokolateari eta erleei lotuta. Batetik, Rafa Gorrotxategi Txokolatearen Museoa bisitatzeko aukera izango da. Bisita gidatu edo tailerrak antolatu dituzte apirilaren 17an eta 19an (11:00etan). Bisita libreak, berriz, apirilaren 18an, 20an eta 21ean izango dira (09:00-14:00).

Bestetik, Balerdipeko Erleak-en eskutik, bisita gidatuak izango dira larunbatero, apirilaren 19tik aurrera. 10:00etatik 12:00etara izango dira, Bedaion, eta ondoren, dastaketa eskainiko da. 

Azkenik, gogoratu dute Tolosaldea ere badela sagardoaren lurraldea, eta txotx garaiaz gozatzeko azken txanpa izango dela. «Tolosaldean sagardotegi bikainak daude, otordu ederrak egiteko eta sagardoaren kulturan murgiltzeko ezin aproposagoak», esan dute. Hauek dira oraindik zabalik dauden eskualdeko sagardotegiak: Aburuza (Aduna), Eguzkitza (Tolosa), Goikoetxea (Lizartza), Isastegi (Tolosa), Sarasola (Asteasu) eta Zabala (Aduna).

Erreserbak

Bisita guztiak, Kutsidazu bidea, Ixabel ezik, Tolosaldeko turismo bulegotik abiatuko dira –Tolosako Plaza Zaharreko 10. zenbakian dago–. Erreserbetarako, 943 697 413 telefono zenbakira deitu daiteke, Tolosaldea.eus webgunea bisitatu edo mezu bat bidali tour@tolosaldea.eus helbide elektronikora.

Tolosaldea, BasqueFest-en

Halaber, apirilaren 18an eta 19an, Bilboko BasqueFest jaialdian parte hartuko du Tolosaldea Garatzeneko Turismo Sailak, eskualdea ezagutarazteko. «Bilbon dabilen edonori Tolosaldera gerturatzeko gonbita luzatuko diogu. Jaialdian eskuragarri egongo da haurrekin egiteko ibilbideen eskuorri berria, eta Tolosaldeko gastronomia balorean jartzeko bideoa ere proiektatuko dute. Gainera, bertako produktuak dastatzeko aukera ere eskainiko dute. Apirilaren 18an, 17:00etan, ezti dastaketa izango da Balerdipeko Erleaken eskutik; hilaren 19an, berriz, 17:00etan eta 18:00etan, txokolate dastaketa berezia Rafa Gorrotxategiren eskutik.

Turismo eskaintza
  • Apirilak 12
    • 10:00. Kutsidazu bidea, Ixabel ibilbide gidatua. Hernialde herritik abiatuko da.
    • 11:00. Tolosako azokara bisita gidatua eta produktuen dastatzea Jo! Topagunean.
    • 15:00. Tolosako alde zaharrera bisita gidatua.
  • Apirilak 17, 18 eta 19
    • 10:00. Tolosako alde zaharrera bisita gidatua.
    • 11:00. Tolosako alde zaharrera bisita gidatua eta produktuen dastaketa Jo! Topagunean. Aste Santuko eskaintza berezia.
    • 12:30. Tolosako Andre Mari elizara bisita gidatua.
    • 15:30. Tolosako Andre Mari elizara bisita gidatua.
    • 17:00. Tolosako alde zaharrera bisita gidatua.
  • Apirilak 22, 23, 24 eta 25
    • 10:00. Tolosako alde zaharrera bisita gidatua.
    • 15:00. Tolosako alde zaharrera bisita gidatua.
  • Apirilaren 23tik 27ra
    • Tolofolk musika jaialdia Tolosan. Herriko hainbat txokotan musika eta dantza herrikoiaren festaz gozatzeko aukera.
  • Apirilak 26
    • 10:00. Tolosako alde zaharrera bisita gidatua.
    • 11:00. Tolosako azokara bisita gidatua eta produktuen dastatzea Jo! Topagunean.
    • 12:30. Tolosako Andre Mari elizara bisita gidatua.
    • 15:00. Tolosako alde zaharrera bisita gidatua.
  • Topic Txotxongiloen Museoa
    • Martxoaren 28tik maiatzaren 25era. Nestor Basterretxea eta Altzoko Handia erakusketa.
    • Martxoaren 21etik iralaren 21era. Girovago e Rondella erakusketa.
    • Apirilaren 14tik 16ra. 09:20-12:30. Txotxongilo tailerra (6-12 urte bitarteko haurrentzat).
  • Rafa Gorrotxategi Txokolatearen Museoa
    • Apirilak 17 eta 19, 11:00etan. Bisita gidatua edo tailerra.
    • Apirilak 18, 20 eta 21. Bisita librea.
 Bost egun hauetako ordutegia: 09:00-14:00. Gainontzeko egunetan, ohiko ordutegia eta eskaintza.
  • Balerdipeko Erleak.
    • Apirilaren 19tik aurrera, larunbatero. Bisita gidatua eta dastaketa (10:00-12:00). Gutxienez, 6 lagun; gehienez, 16. Prezioa: helduak, 12 euro; haurrak, 10 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!