Joxean Sagastizabalek 1994an argitaratu zuen Kutsidazu bidea, Ixabel eleberri laburra bere bizipenetan oinarrituta. Juan Martin nobelako protagonistak Hernialdeko Goeienetxe baserrian ostatu hartu eta Alkizako barnetegian jasotzen zituen euskara eskolak, eta bi herrien artean egunero egiten zuen bidea da orain seinaleztatu dutena.
Liburuaren izenburu bera jarri diote bideari: bi herriak lotzen dituen herri-bide tradizionala da, 4,4 kilometrokoa eta ordu eta erdian egin daiteke. Eleberrian agertzen den lauhortza erabili dute elementu gisa ibilbidea identifikatzeko, eta diseinatu dituzten hiru geldiunetan nobelako hiztegi eta bestelako erreferentziak nabarmendu dituzte. Hernio-Gazume mazizoaren ikuspegi ederra eta Mandabe errekaren ibarrean landutako baserri-paisaiaz gozatzeko aukera dute bisitariek Kutsidazu bidea, Ixabel ibilbidean.
Izan ere, Tolosaldeko eskaintza kultural turistikoa sortzea eta hobetzea du helburu inauguratu berri den ekimenak. 2021ean definitu zuten Turismo Marketin Planaren helburu estrategikoetako bat euskal kultura eta nortasuna nabarmendu eta bisitariengan ezagutza eta errespetua sustatzea da. Helburu horri helduko die Hernialde eta Alkiza arteko ibilbideak eta Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Planari esker gauzatu ahal izan da, Europako Next Generation funtsen finantziazioari esker eta Euskaldiko Helmugako turismo-jasangarritasuneko lurralde planaren barruan.
Familian egiteko bidea
Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Planean haurrak dituzten familiak dira lehenesten den publikoa eta haiengan pentsatuta ere sortu dute Kutsidazu bidea, Ixabel ibilbidea. Tolosaldea Garatzenenek Familian egiteko ibilbideak izeneko gida argiratu du, eskualdeko zazpi ibilbide tematiko eta orientazio ibilbide bat jasoz –tartean dira Muskerraren bidea, Altzoko Handia, Imazen pagoa, Berastegiko bira, Tolosako begiratokiak edota Txindokiko itzala–. Bestelako euskarri fisikoetan jaso gabe zeuden ibilbide tematikoak bildu dituzte eta haurrekin egiteko ibilbideak direnez, ahalik eta informazio xehatuena eman dute bertan, bai ibilbideari buruz eta baita aurkituko dituzten zerbitzuen inguruan ere. Guztiak Tolosaldearen Wikiloc kontuan daude ikusgai.
Inaugurazioaren ondoren ibilbidea ezagutzeko aukera izango da datozen egunotan: martxoaren 22an, eta apirilaren 5ean Alkizatik Hernialdera egingo da bidea, eta kontrako noranzkoan, berriz, martxoaren 29an eta apirilaren 12an. Gainera, Kutsidazu bidea, Ixabel antzezlana ikusteko aukera izango da bi herrietan, Alkizan martxoaren 22an eta Hernialden apirilaren 12an. Egitaraua osatzeko apirilaren 28an, 18:30ean, Gure genealogia euskaltzaleak XVI. mendetik XX. mendera. Alkizatik Euskal Herrira hitzaldia emango du Haritz Azurmendik, Oihana Iguaranen bertsoz lagunduta Alkizan.
Bisita gidatuetan parte hartzeko ezinbestekoa izango da tokia erreserbatzea, gehienera ere, 25 pertsonarentzako lekua egongo baita. Tolosaldeko Turismo bulegoan egin beharko dira erreserbak: bertara joanda, telefonoz deituta edo wahatsappa idatzita 943 69 74 13 telefonora, edota e-posta bidalita tour@tolosaldea.eus helbidera.
Sagastizabal hunkituta
Kutsidazu bidea, Ixabel liburuaren egilea ibilbidearen inaugurazio ekitaldian izan da eta hunkituta hitz egin du 1977ko uztailean Hernialde eta Alkiza artean egindako egonaldiaz: «19 urte nituen hona lehen aldiz etorri nintzenean eta mende erdi pasa da ordudanik. Nire idazle ibilbidean sariren bat edo beste jaso dut, baina saria eta oparia gauza diferenteak dira. Nik bi opari jaso ditut bizitzan: bat, nire orduko euskara pobrea hobetzeko Goienetxera etorri eta etxekoa banintz bezala hartu nindutenekoa da; eta bestea, berriz, orain jaso dudana, ibilbide honi nire liburuaren izena jarriko diotela esan didatenean. Ipuin batean nagoela iruditzen zait, jende askok idatzitako kontakizun batean, eta bihoakie haiei, Goienetxeko baserrikoei eta Hernialde eta Alkizako herriei, nire esker ona, beti-betiko».
Arrakasta handia izan zuen Sagastizabalen nobela laburrak; 100.000 aletik gora saldu zituen eta haren atzetik etorri ziren antzezlana, filma eta baita musikala ere. Aste honetan bertan aurkeztu da eleberriaren 49. argitalpena Alberdania argitaletxean, Jokin Mitxelenaren irudiekin. Edizio berria eskuetan duela egin du idazleak ibilbidearen zati bat.
Eskaintzaren berri emateko Hernialden izan dira Javier Hurtado, Eusko Jaurlaritzako Turismoa, Merkataritza eta Kontsumo sailburua; Azahara Dominguez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo diputatua; Andu Martinez de Rituerto, Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria; Luis Arana, Hernialdeko alkatea; eta Inaki Irazabalbeitia, Alkizakoa.
Andu Martinez de Rituerto - Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria «Euskara eta landa bizitza balioetsi nahi izan ditugu proiektu honekin eta gure kultura baloratzen duten bisitariak erakartzeko helburua du. Aukera ezin hobea da kanpotik datozenak gure esentzietara gerturatzeko. Familiekin egiteko aproposa da eta ibilbide honekin batera beste hainbat ere jaso ditugu gida batean» |
|
Luis Arana - Hernialdeko alkatea «'Kutsidazu bidea, Ixabel' Hernialdek bere sentitzen duen obra da, eta ez da harritzekoa, eleberrian agertzen den baserria eta familia bertakoak direlako. Gure arbasoek herri-bide honen inguruan kontatutako istorio eta pasarteei balioa ematea nahi dugu, eta aldi berean, herriko bisitarientzat eskaintza berri bat sortu». |
|
Inaki Irazabalbeitia - Alkizako alkatea «Duela ia 50 urte, Juan Martin moduko urbanitak Alkizara euskara ikastera etorri zirenean bidea ireki zuten ondoren gure herria milaka ume, gazte eta heldu euskalduntzera etortzeko. Alkizarrok harro gaude euskararen normalizazioan eginiko ekarpenarekin». |
|
Azahara Dominguez - Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde antolaketa diputatua «Gure lurraldearen bihotza ezagutzeko aukera emango digu ibilbide honek, inguratzen gaituen naturarekiko, landa-ingurunearen ezaugarri diren lasaitasun eta bakearekiko, eta, jakina, gure kulturarekiko, tradizioekiko eta jendearekiko errespetu absolututik abiatuta. Horrelako ekimenekin laguntzen diguzue erakusten turismoa jasangarria eta kalitatezkoa izan daitekeela eta enplegua eta aberastasuna sor ditzakeela, bertako biztanleei kalterik edo eragozpenik eragin gabe» |
|
Javier Hurtado - Eusko Jaurlaritzako Turismo, Komertzio eta Kontsumo sailburua «Helmugako jasangarritasun-planek 80 milioi euro baino gehiago txertatu dituzte Euskadin Europako funtsetatik, eta horietatik 2 milioi Tolosaldeko Planera bideratu dira. Gauzatzen ari diren funtsez ari gara, eta jarduera asko amaituta daude dagoeneko, hala nola ibilbide turistiko-kultural berri hau, eduki familiarra duten beste sei ibilbiderekin bat egiten duena». |
Egitaraua
- Martxoak 22, larunbata
- 10:30. Kutsidazu bidea, Ixabel bisita gidatua Alkizatik Hernialdera.
- 19:00. Kutsidazu bidea, Ixabel antzezlana, Alkizako elizan.
- Martxoak 28, ostirala
- 18:30. Gure genealogia euskaltzaleak XVI. mendetik XX. mendera. Alkizatik Euskal Herrira hitzaldia bertsoz lagunduta Alkizan, Haritz Azurmendi eta Oihana Iguaranen eskutik.
- Martxoak 29, larunbata
- 10:30. Kutsidazu bidea, Ixabel bisita gidatua Hernialdetik Alkizara.
- Apirilak 5, larunbata
- 10:30. Kutsidazu bidea, Ixabel bista gidatua Alkizatik Hernialdera.
- Apirilak 12, larunbata
- 10:30. Kutsidazu bidea, Ixabel bisita gidatua Hernialdetik Alkizara.
- Zehazteko. Kutsidazu bidea, Ixabel antzezlana Hernialden.