Eusko Jaurlaritzak 2021ean egindako mugikortasunari buruzko inkestaren arabera, Tolosaldeko herritarrek eskualdean bertan egiten dituzte lanegunetako joan-etorri gehienak garraio publikoan: %35. Ondoren, Donostiara joaten dira gehien —%30—. Autoan egiten diren joan-etorri gehienak, aldiz, Donostialdera izaten dira —%53—. Tolosaldean bertan mugitzerakoan, joan-etorrien %5 besterik ez da egiten autoan.
Lanerako joan-etorria autobusez egiten du Oli Artola tolosarrak; eskualdean bertan, gainera, Villabonan egiten baitu lan. «Erosoena zait eta oso eskura daukat. Etxe atarian daukat autobus geltokia, baita lantoki parean ere. Beraz, aitzakia potolo bat beharko nuke lanera autobusez ez joateko. Gainera, kontzientzian eragingo lidake, eta ez nintzateke oso eroso sentituko».
Urtetan, zuen lanpostuagatik, Artolak ez du aukerarik izan lanera garraio publikoan joateko. «Orain bai, eta autoz joatea baino erosoagoa zait, gainera. Uste dut, aukera hori izanda, eginbehar bat dela erabiltzea. Bestela, bost pertsona eraman ditzakeen garraio bat nik bakarrik erabiltzea ez zait etikoki oso zuzena iruditzen».
Benetako erosotasuna
Autobusak, «ustezko erosotasuna» baino, «benetako erosotasuna» ematen diola aitortu du tolosarrak. «Isiltasunaren tapoiak jartzen ditut, eta lasai joaten naiz lanera, leihotik begira, tarteka irakurtzen. Bestela, ez dut horretarako tarterik hartzen. Inoiz baino gehiago irakurtzen dut autobusez mugitzen naizenetik», azaldu du. Lanera autobusez joatean, ardurarik ez daukala nabarmendu du: «Batetik bestera mugitzea ez dago nire esku, eta beraz, bidean gozatzen joaten naiz. Autobus bidaia patxada handiko tartea izaten da niretzat».
Autobusez joatearen abantaila gehiago ere aipatu ditu Artolak: «Maiztasun handia izaten dute, trenek baino handiagoa; azken boladan, gainera, grebak tarteko, trenek maiztasun txikiagoa dute. Lehen, trenez joaten nintzen lanera, baina maiztasun txikia izaten zuten, eta gainera, desordutan ibiltzen ziren. Autobusa erosoagoa, ekologikoagoa eta merkeagoa da».
Hiru ordu trenean
Autobusez joan ordez, eskualdean badira lanera joateko trena hartzen duten zenbait herritar. Mirari Martin tolosarra da horietako bat; egunero hartzen du Lezora joateko. «Ez daukat gidabaimena eta niretzat modu errazena da, zuzenean iristen delako, autobusa ez bezala. Ez dakit beste moduak baino erosoagoa den, merkeagoa bai, behintzat».
Tren bidaiariek, baina, «desabantaila ugari» dituztela nabarmendu du tolosarrak. «Renfe eta Adifen aldetik, puntualitatea eta informazio eza handia da. Bestetik, bidaien iraupena dago. Nik egunero bi ordu igarotzen ditut trenean». Duela bizpahiru aste, honakoa gertatu zitzaion: «Trena Intxaurrondora heldu aurretik gelditu zen. Ordubetetik gora egon ginen tren barruan, eta ez ziguten informaziorik ematen. Trena berriro Pasaiara itzuli zen, eta orduan esan ziguten aldiriko trenen trafikoa etengo zutela, abisu berri bat eman arte. Hiru ordu behar izan nituen Tolosara itzultzeko».
Tolosara etortzeko ez ezik, lanera joateko ere arazo ugari izan dituela azpimarratu du: «Batzuetan, ez naiz lanera iritsi trena berandu etorri delako, eta noski, ordu horiek gerora berreskuratu behar izan ditut. Horrelako kasuak saihesteko, askotan, lanera sartu baino bi ordu lehenago hartzen dut trena».
Autoak partekatzea
Mugikortasun jasangarriagoa bilatze aldera, adituek beste eredu bat jartzen dute mahai-gainean: car-sharing-a, hau da, autoak partekatzea. Autonomia handia ematen duen garraiobidea da kotxea. Ander Gortazar arkitekto eta EHUko Hirigintza eta Lurralde-antolaketa Saileko irakasleak dioenez, kotxeek mugikortasuna asko erraztu dezakete. Bere ustez, autoak partekatuta, ibilgailuen kopurua %70 murriztu liteke. Kotxeak partekatzeko askotariko proiektuak jarri dituzte martxan azken urteetan. Proiekturik gabe ere, lanean aukera horren alde egin izan dute batzuetan Artolak eta bere lankideek: «Lanegun berezietan, egoitza nagusitik mugitu behar dugunean partekatzen dugu».
Aitor Garcia tolosarrak egunero partekatzen du autoa, Beasainera lanera joateko. «Betidanik ezagutu izan dut autoa partekatzeko aukera lantokian, eta egia esan, erosoena zait. Une honetan, Irurako lankide batekin partekatzen dut». Garraio publikoan zuzenean ezin iritsi ahal izatea izan ohi da lantokira autoz joatearen arrazoietako bat, baita Garciaren kasuan ere: «Ordu horretan ez dago autobusik eta trena lantokitik pixka bat urruti geratzen zaigu», esan du.
Autoa partekatzeaz gain, txandakatu egiten dutela azaldu du tolosarrak: «Aste batean batek eramaten du, eta hurrengoan, besteak. Ordutegi bera izaten dugu lanean, eta beraz, ez daukagu arazorik. Beste lankide batzuek ere, erreleboka lan egiten dutenek adibidez, aukera hau erabiltzen dute».