Adunan autoak behar dituztela adierazi du Kristina Rodriguez alkateak, «garraio publiko zerbitzuak ez digulako gehiegi laguntzen». Izan ere, Aduna da 18 urtetik gorako pertsona bakoitzeko ibilgailu gehien dituen herria, 2,22ko datuarekin. Hala ere, herritarrak autoak elkarbanatzen saiatzen direla esan du, «baina zaila izaten da, bereziki, lanean hasten direnen artean, ordutegi eta zonalde desberdinetara joan behar izaten dutelako».
Azken urteetan lan mundura salto egin duten herriko gazte jendearen kopurua handitu egin dela aipatu du, eta igoera hori, bereziki, aparkalekuetan sumatu dute, «duela urte batzuk baino beteagoak daudelako».
Badira oraindik garraio publikoa hartzen duten gazteak Adunan, eta zerbitzua gehiago zabaltzeko beharra aipatu du alkateak: «Goizean autobusa hartzen duten gazteek esan izan digute autobusera sartzeko larri ibiltzen direla eta Lurraldebus enpresarekin hitz egin dugun arren, egoera zaila da, Andoain eta Asteasuko autobusekin lotu behar dugulako. Horregatik, momentu honetan daukagunarekin egin behar dugu aurrera».
Azken urteetan, ordea, garraio publikoaren zerbitzua «hobetu» egin dela azpimarratu du, «duela urte batzuk ez baitzegoen ezer, Adunatik egunean behin igarotzen zen autobus bakarra genuen eta orain maiztasun handiagoarekin igarotzen da».
Aduna herri txikia bada ere, industriagune handia du, eta horrek ere badu eragina alkatearen ustetan: «Kotxe asko daude Adunan, baina industriagunean ere badaude, eta enpresek ere badute eragina portzentaia horretan». Horregatik, kotxe elektrikoaren eta bizikletaren alde agertu da alkatea. Halaber, duela gutxi egin zuten Villabona eta Andoain aldera doan bidegorria erabiltzeko deia egin die herritarrei, «aisialdia paseatzen aprobetxatu dezaten».
Garraio publikoa indartzeko eskaera, Ibarran
Tolosarekin batera, Ibarra da auto gutxien dituen eskualdeko herria; Tolosan, 0,78 auto daude 18 urtetik gorako pertsona bakoitzeko eta Ibarran, 0,95 auto. Igor Zapirain alkatearen ustetan, Ibarra da eskualdeko beste herri askoren antzera, hobekien kokatuta dagoen herria. « Tolosatik daukagun gertutasunagatik ere eragina duela uste dut, gainontzeko herriak mendi inguruetan gelditzen baitira, eta ezaugarri horrek ibilgailu kopurua biztanleko handitzea eragiten du nolabait».
Hala ere, Ibarrako «zifra handia» dela uste du alkateak, eta garraio publikoa indartu beharko litzatekeela esan du: «Administrazio publikotatik eta goiko instituzioetatik indarra jarri beharko litzateke garraiobide publikoan inbertsio gehiago eginez».
Eusko Jaurlaritzak egunotan iragarri duen kotxea ordezkatzeko 3.500 eurora arteko dirulaguntza ekarri du gogora alkateak, eta horren alde agertu bada ere, «zuzeneko laguntza batean» inbertituko lukeela esan du, «esaterako, garraio publikoak doakoak izatea, batik bat, gazteen artean».