Txapela buruan eta hunkituta, agurreko partidan

Ataria 2025ko mar. 29a, 21:01

Iker Elizegi pilotariak agurreko partida jokatu du Tolosako Beotibar pilotalekuan; bi enpresetako pilotari ugari izan dira eta omenalditxoa egin diote; bere gertukoek giro ederra jarri dute partida osoan.

Lau urte eta erdi pilotari profesional moduan aritu eta gero, berriki jakinarazi dio Baiko Pilotak Iker Elizegi pilotari asteasuarrari ez diola hitzarmena berritu. Hala, gaur jokatu du agurreko partida, Tolosako Beotibar pilotalekuan. ATARIA-k aste honetan eginiko elkarrizketan adierazi zuen martxoa hilabete gogorra izan dela berarentzat. Hori bai, bere buruarekin «lasai» doala eta bere eskuetan zegoen guztia egin duela azaldu zuen. Gaurkoa, agurrekoa, emozioz beteriko partida izan da.

Partida berari dagokionez, Elizegik Alberdi izan du bikotekide eta elastiko urdinez Zubizarreta III.a eta Ugartemendiaren aurka jokatu dute. Lagunarteko partida izan da, beraz, asteasuarrarentzat, guztiak lagunak baititu. Partida 18ra izan da, eta erdialdera gorriak aurretik joan badira ere, hortik bukaerara urdinak gehiago izan dira. Azkenean, 18-13 izan dira Elizegi eta Alberdi garaile.

Partida hasi aurretik, bi enpresetako pilotariek omenalditxoa egin diote, txapela bat oparituz. Partidan zehar, berriz, festa giroa izan da, bereziki errebote gainean. Bertan bildu dira Elizegiren lagunak, eta asteasuarraren aldeko animoak eta oihuak etengabeak izan dira partida osoan. Berari eskainitako kartela ere bertan izan da: «Pelotan ta poteon, Patax beti kanpeon».

Partidaren amaieran, berriz, lagunak kantxara jaitsi dira, eta bere omenezko bertsoa daraman elastikoa oparitzearekin batera, besarkadaz inguratu dute pilotaria.

Elizegik azaldu du «egun borobila» izaten ari dela gaurkoa: «lagunak eta familia topera egon dira animatzen, eta partida polita jokatu dut, gozatuz». Pilotariek egindako omenaldia ere «oso polita» izan dela esan du: «oso maitatua sentitu naiz, eta nire ibilbidean egin ditudan lagunak nabarmenduko nituzke» Eguna borobiltzeko, afaltzeko elkartuko dira sagardotegian 110 lagun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!