elkarrizketa

«Gertutasun handiagoa espero nuen Baikoren partetik lesioa eta gero»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2025ko mar. 26a, 19:59

2020an egin zuen debuta pilotari profesional moduan, eta Baikok jakinarazi berri dio ez diola hitzarmena berrituko; larunbat honetan jokatuko du azken partida Tolosako Beotibar pilotalekuan.

Hilabete gogorra izan da martxoa Iker Elizegi (Asteasu, 2000) pilotariarentzat. Lau urte eta erdi pilotari profesional moduan ibili eta gero, larunbatean jokatuko du azken partida Beotibarren Unai Alberdi laguna ondoan duela. Azken egunetako egun gaziak ahaztu nahi ditu, eta amaiera polit batekin amesten du.

Lasai eta irribarretsu azaldu da hitzordura Elizegi pilota eskuan duela. Hitz errazekoa da eta aho bizarrik gabe hitz egin du azken partidaren atarian.

Gogorrak izan al dira azken egun hauek?

Ez dira batere egun errazak izan, baina, halere pentsatzen dut uste baino hobeto eraman dudala. Lehen bi egunak nahiko eskasak izan ziren, baina, behin kontratua etetera zihoazela ikusi nuenean, Ander Imazekin, Pablo Berasaluzerekin eta Jon Mandiola lagunekin bazkaldu nuen, eta burua ahal nuen neurrian deskonektatzen saiatu nintzen. Etxera itzultzean errealitate kolpe hori sentitu nuen, baina ingurukoen babesarekin nahiko ondo eraman dut.

Noiz hasi zinen hatzeko minekin?

2021-2022 denboraldia nire inoizko garairik onena izan zen mailari dagokionez. 2022ko abuztuaren 5ean Gasteizen jokatutako partida batean, bigarren erditik aurrera ezkerrarekin soilik jo niezaiokeen pilotari. Handik aurrera, eskuetako min soil bat zena, hatzetara ere igaro zen, eta geroztik arrastaka ibili naiz. Errekuperazio txiki bat izan nuen denbora batean, baina, ondoren, binakako txapelketa jokatu nuen Iraitz Zubizarretarekin eta oso gogorra izan zen eguraldiari dagokionez. Geldialdi asko egin nituen txapelketan zehar, eta azkenerako hatz guztiak txurituta amaitu nuen. Neurriak hartu behar nituela konturatu nintzen. Gauza ezberdinak probatu nituen, baina, ez nintzen gustura gelditzen, eta minak hor jarraitzen zuen. Jokatzen jarraitu nuen halere, baina 2024ko irailean gelditzea erabaki nuen.

Eta, azkenean ebakuntza egitea erabaki zenuen.

Bai. Hasteko, urriaren 3an egin nuen ebakuntza Bartzelonan. Irailaren 24an azken partida jokatu nuen San Mateotan (Logroño, Errioxa), eta hirugarren negua izatera zihoan hatzekin izorratuta. Argi neukan horrela ezin nuela jarraitu. Iñigo Simon medikuarekin hitz eginda, erabakia hartu genuen.

Berriro ere itzuli egin zinen.

Jokatzen hasi nintzen bi hilabete eta erdira. Hasieran ez nuen nire burua ondo ikusten kantxaratzeko, baina enpresak lasai ateratzeko esan zidan, eta lehen partida hura irabazi egin nuen. Jokatzen jarraitu nuen Seguran berriz ere kolpe txar bat izan nuen arte. Zorionez ez zen ezer larria izan.

Kontratua amaitu zenuen martxoaren 31n. Noiz hasi zinen pentsatzen gauzak ez zenituela errez izango kontratua berritzeko?

Zalantzak nituenez, bi hilabete eta erdi lehenago edo, ni jarri nintzen harremanetan enpresarekin. Jose Ramon Garairi aipatu nion etorkizunean pentsatzen jarri behar nuela, eta bizitza antolatzeko garaiz nengoela. Lasai egoteko aipatu zidan, oraindik denbora bazela eta. Berdin berdin utzi ninduen. Otsail amaieran hitz egitekotan gelditu ginen. Ikusirik berriz ere ez nindutela deitzen, ni jarri nintzen berriz harremanetan haiekin. Ebakuntza egin nuenetik, gertutasun falta handia somatu dut nagusiekiko. Enpresa handi bat izan balitz sikiera, bale, baina geurea oso enpresa txikia da, eta horrelako gauzek mina egiten dute.

Nola izan zen dei hura?

Nire egoera berean zeuden Gorka Ugartemendiak, Asier Agirrek eta Joanes Bakaikoak bi egunen buruan berritu zuten kontratua Baikorekin. Hurrena ni izango nintzela pentsatu nuen, eta egun bat itxarotea erabaki nuen. Ez nuen deirik jaso, ezta hurrengo egunetan ere. Gauzak beltz ikusten hasi nintzen. Beste pilotari batzuen aurrekariak ere banituen horrelako egoeratan, eta berriro ere nik deitzea erabaki nuen. Garairi berriz deitu nionean, ea urduri nengoen esan zidan oso tonu ironikoan. Jada esperantza guztiak galdu nituen.

Aimar Olaizolarekin ere hitz egin omen zenuen gerora.

Proba fisiko batzuetarako deitu ninduten. Aurreko egunetan ondoezik sentitu nintzen, eta Olaizolari deitu nion horrela ezingo nuela joan esanez. Lasai egoteko esan zidan, aurrerago egingo nituela. Handik bi ordura, Garaik deitu ninduen hurrengo egunean bere bulegora joateko esanez. Argiune bat ikusi nuen orduan. Ez nuen sinisten bestela, egun berean probak egin behar izatea eta handik ordubetera kaleratzea. Horretara iritsiko zirenik ez nuen pentsatzen. Pentsatzen nuen, horrela balitz Olaizolak berak aipatuko zidala kaleratua izango nintzela eta ez joateko proba fisikoak egitera. Zoritxarrez horrela izan zen. Hurrengo egunetan Olaizolak eta Garai, bata besteari baloia pasatzen joan ziren. Batak bestearen erabakia zela esaten zidaten. Oraindik ez dakit nork erabakita kaleratu nauten.

Zein izan dira kontratua ez berritzeko arrazoi nagusiak?

Bajan 300 egun pasa nituela eta gainera emaitzak txarrak izan zirela aipatu zidan Garaik. Ni izan naiz lehena aipatzen, nire maila ez dela onena izan azken bi urte hauetan, baina lesio larri bat zegoen atzean. Nik, aldiz, pena izugarria sentitzen nuela aipatu nion. Bi urte eta erdi izugarri sufritu ondoren, berriro ere ez nuela aukerarik izan pilotan jarraitzeko. Horrelako lesio bat eta gero, edozein pilotarik denbora behar du, eta niri ez didate horretarako denborarik eman. Nire buruarekin lasai noa. Nire eskuetan zegoen guztia egin dut.

Lau urte eta erdi egin dituzu pilotari profesional bezala. Larunbatean jokatuko duzu azken partida. Nola imajinatzen duzu?

Oso txarra naiz horrelako gauzak imajinatzen. Azkar emozionatzen naizen horietakoa naiz, eta gainera asko maite dudan jendea izango dut ondoan. Eguna iristeko gogo handia daukat. Unai Alberdi laguna izango dut ondoan, eta ilusio berezia egiten dit azken partida harekin jokatzeak. Berak ere asko sufritu du. Parean, beste bi lagun handi izango ditut gainera, Iraitz Zubizarreta eta Gorka Ugartemendia. Ez dut ezer berezirik espero partidaz, eta oroitzapen handiak izango ditut buruan. Dena ondo amaitzea espero dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!