Mugikortasuna Saretzen

Auto elektrikoak kargatzeko puntuak

Ataria 2025ko mar. 27a, 07:59

2024an Araba, Bizkai eta Gipuzkoan matrikulazioen %44,5 hibrido ez-entxufagarriak izan ziren eta beraz, eredu ‘alternatiboen’ artean horiek nabarmentzen dira. Eskualdeari dagokionez, auto elektrikoak ez dira asko; 2024an 134 auto elektrifikatu zeuden. Baina gutxi izanagatik karga puntuen inguruko zalantzak areagotu dira azkenaldian.

Zer dio legeak auto elektrikoentzat karga puntuak garaje komunitarioetan jartzeari buruz? 

Jabetza Horizontalaren Legearen 17. artikuluko 5. puntuak dio eraikineko aparkalekuan erabilera pribaturako ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntu bat jartzeko, aldez aurretik komunitateari jakinarazi baino ez dela egin behar, baldin eta aparkaleku hori garaje-plaza indibidual batean badago. Instalazio horren kostua eta dagokion elektrizitate kontsumoa instalazioko zuzeneko interesdunek hartuko dituzte beren gain.

Hau da, auto elektrikoaren jabeak ez du bizilagunen baimenik behar karga puntua eraikineko aparkalekuan jartzeko, baina bai jakinarazi behar duela. Hori bai, kargarako aparailua garaje plazan bertan jarri behar da. Aparkalekua bi marren artean zehazturikoa bada, eremu horretan bertan jarri behar da aparailua.

Gaur gaurkoz, auto elektrikoa kontzesionarioan erosiz gero, saltzaileak berak saltokian bertan jaso ohi ditu irizpideak. Kotxearen jabea baimendutako instalatzaile batekin jartzen dute harremanetan eta honek, ohikoan, lehen behaketa lana egiten du, garajean bertan, instalakuntzari ekin aurretik. Gutxi-asko, 1.900 eurokoa da aparailuaren instalakuntza-gastua. Orain arte, ia gastu osoa diru laguntzen bidez finantzatu ahal izan da. Espainian, esaterako, orain arte indarrean izan da Moves Plana (Plan Moves) delakoa. Plan horren arabera, erosle partikularrak instalakuntza-gastu osoaren %70eko diru laguntza jaso zezakeen. Eta bada auto etxe bat zeinak berak gainerako %30a finantzatu ohi duen. 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!