Tolosaldeko ospitale publikoa

Osasun sailburuarekin bilera eskatu eta erantzunik ez jaso izana salatu dute

Ataria 2025ko mar. 25a, 18:00

Plataformako kideak, gaur arratsaldean, Tolosako Zerkausian.

Iazko azaroan bildu zen TOPA Alberto Martinez Osasun sailburu berriarekin; atzera biltzeko eskaera egin dute, baina ez dute erantzunik jaso.

Iazko azaroan bildu zen Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) plataforma Alberto Martinezekin, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu berriarekin. Berriz biltzeko eskatu diote, baina ez dute erantzunik jaso.

Lehen bilera hartan, besteak beste, eskualdeko osasungintzaren egoeraren berri eman zioten, eta beste bilera bat egitea ere adostu zuten; ez, ordea, datarik zehaztu. Hitzordu hartan jakinarazi zien Martinezek bilerak egiten ari zela beste zenbait kolektiborekin, arazoari buruz «ikuspuntu bat izateko» eta egoeraren diagnostikoa egin ahal izateko.

TOPAko kideek salatu dute lau hilabete igaro direla ordutik eta ez daukatela «informazio zehatzik» gaiari buruz: «Esan bezala, beste bilera bat eskatu diogu, baina ez digu hartarako hitzordurik eman».

Lehengo lepotik burua
Osasun publikoaren aldeko plataformatik aldarrikatu dute bi alderdik kezkatzen dituela: «Lehenik, Tolosalderako osasun plan osoa ezagutzea; eta, bigarrenik, jakitea zein neurri ezarriko diren plan hori gauzatu bitartean».

Hori horrela, osasun-plan horri buruzko informazioa eskatu dute: «EHZ zentroari buruzko informazioa, ea egingo den ala ez; zein etorkizun izango duen Asuncion Klinikak eta bertako langileek; zein egoeratan dagoen Tolosaldea ESIa Donostialdekoan integratzeko gaia. Bestalde, exijitzen dugu Donostia ospitalera joan ahal izatea, lehen aukera gisa, eskualdeko ospitale publikorik ez dugun bitartean».

Mobilizatzeko deia
Plataformako kideek jakinarazi dute mobilizazio batzuk prestatzen ari direla eta «luze gabe» irtengo direla kalera «bai Tolosaldean, bai Donostian». Eta hari berari tiraka, herritarrei «adi egoteko» eta mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egin diete: «Gure etorkizunari buruz galdetu eta isiltasuna agintarien aldetik. Hortaz, herri eta gizarte mugimendua garen aldetik, mugitzera behartuta gaude».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!