Tolosaldeko ospitale publikoa

Osasun sailburuarekin izandako bileratik, zapore gazi-gozoa

Ataria 2024ko abe. 12a, 07:58

TOPAk joan den urrian egindako agerraldia, Tolosako Zerkausian. LEYRE CARRASCO

Azaroan bildu zen TOPA Alberto Martinez osasun sailburu berriarekin; plataformako kideek begi onez ikusten dute bildu izana, baina «hutsetik hasi beharra» gaitzetsi dute.

Joan den azaroan bildu ziren Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) plataformako kideak Alberto Martinezekin, Eusko Jaurlaritzako osasun sailburu berriarekin, eta balorazio «positiboa eta negatiboa» egin dute.

TOPAko kideek azaldu dute harekin bildu zirela eskualdeko osasungintzarekin duten kezka adierazteko eta «epe motzera begira» konponbideak aztertzeko. Martinezek, bere aldetik, jakinarazi zien bilerak egiten ari dela Donostia Ospitaleko zein Tolosako osasun zentroko profesionalekin eta eskualdeko alkateekin, eta izan nahi zuela euren iritziaren berri ere.

Lehen urratsa
Lehen bilera horretan, plataformako kideek euren jarduna eta ibilbidea kontatzearekin batera, eskualdeko osasungintzaren egoera azaldu zioten osasun sailburu berriari, besteak beste, hamahiru urte daramatzatela borrokan eta Tolosaldea dela Euskal Autonomia Erkidegoan eskualdeko ospitale publikorik ez duen eskualde bakarra.

Hari berari tiraka, urtez urteko bilakaera ere errepasatu zuten, kasurako, 2011n Asuncion Klinikarekin sinatu zela hitzarmen bat eta hori dela medio, ordutik, eskualdeko erreferentziazko ospitalea, klinika pribatu bat izanda ere.

Zentzu berean, euren ezinegona ere adierazi zioten eskualdean eraiki nahi duten Erresoluzio Handiko Zentroaren (EHZ) inguruan eta hainbat konponbide ere aurkeztu zizkioten: batetik, eskualdean ospitale publiko berri bat eraikitzea; bestetik, EHZ eraikitzea, baina Donostiako ospitalea esleitzea euskarri gisa; hirugarrenik, EHZ eraikitzea, baina Asuncion Klinika publifikatzea euskarri ospitale izan dadin, eskualdeko ospitale publiko bateko pertsonalarekin eta baliabideekin hornituta; eta, azkenik, Asuncion Klinika erostea, publifikatzea eta bertako langileak subrogatzea. Horrekin batera, egokiena aukeratzeko azterketa bat egitea ere proposatu zioten. 

Gazi eta gozo
Hori horrela, TOPAko kideak  balorazio «positiboa eta negatiboa» egin dute sailburuarekin izandako bileraren inguruan. Batetik, positiboa, «entzun» egin dituztelako eta «arazoa konpondu behar dela» esan dietelako. Eta, bestalde, jakinarazi dute beste bilera bat egitea adostu zutela, baina ez dutela datarik zehaztu. Negatiboa, ordea, bestetik, sailburua berritzearekin batera lantaldea ere berritu dutelako eta «ezer garbi» ez daukatelako: «Osasun Sailarekin hutsetik hasi beharko dugu berriro! Hamahiru urte pasa eta gero!».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!