Elkarrizketatuek adierazi dutenez, —Eukene Larrarte eta Unai Zubeldia txirrindulari profesionalak, Iona Arbillaga triatleta eta Imanol Garmendia zikloturista—, azken boladan gorakada sumatu dute errepideko txirrindularitzaren arloan, antza, gero eta jende gehiagok aukeratzen du bizikleta. Euskadiko eta Nafarroako txirrindularitza federazioen arabera, Hego Euskal Herrian 351 bizikleta klub daude erregistratuta gaur egun. Errepidea ibilgailu motordunekin partekatzeak, ordea, zenbait arrisku dakartza eta ez da ezohikoa zirkulazio-arauei buruzko zalantzak sortzea. Zein eskubide eta betebehar dituzte txirrindulariek errepidean? Nola jokatu behar dute gidariek haiekin topo egitean? Jarraian, indarrean dagoen araudiaren zenbait puntu azaldu eta egoera zalantzagarriak argituko ditugu.

Gezurra badirudi ere, oinarriko arauak dira, zenbaitetan, eztabaida gehien sortzen dutenak. Zein bide erabil ditzakete txirrindulariek? Joan al daitezke errepidetik? Bada, bai. DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzako araudiaren arabera, ziklistak errepidearen bazterbidetik joan beharko dute, betiere, ibiltzeko modukoa eta behar bezain zabala baldin bada. Hori ez betetzekotan, errepidearen eskuinaldean joan daitezke, ertzarekin «zuhurtziazko distantzia» mantenduz. Horrek ez du esan nahi, ordea, asfaltoaren mugara itsatsita joan behar dutenik, hots, ahal bezainbeste baztertu behar dutenik.
Zenbatekoari dagokionez, berriz, txirrindulariak paraleloan ibil daitezke —gehienez, binaka—, «ikusmen nahikoa» ez dagoen zatietan eta «trafiko handia» dagoenean izan ezik. Dena dela, ibiltzeko moduko bazterbide zabala duten errepideetan, banaka zirkulatzea gomendatzen dute, «beharrezkoak ez diren arriskuak» saihesteko.
Eta... bidegorria?
Eta paraleloan bidegorri bat baldin badago? Indarrean dagoen araudiaren arabera, txirrindulariek bidegorritik edo bizikleta-bideetatik joan beharko dute erabilgarri daudenean.
Dena dela, zenbait salbuespenetan errepidea erabiltzera pasa daitezke, besteak beste, bidegorria «egoera kaskarrean» edo oinezkoek okupatuta dagoenean; bideak galarazi egiten dienean norabide aldaketak edo maniobrak «modu seguruan» egitea; eta bidegorria nahitaez erabiltzea agintzen duten seinalerik ez dagoenean. Izan ere, bi seinale mota izaten dituzte, besteak beste, txirrindularientzako bideek: batak erabiltzeko gomendioa seinalatzen du; eta erabiltzeko derrigortasuna, besteak.

«Gehien errepikatzen den jarrera okerra»
Lau elkarrizketatuen arabera, arrisku egoera gehienak sortzen dira ibilgailu motordunek txirrindulariak aurreratzen dituztenean; haien iritziz maniobra hori oker egitea da gidariek gehien errepikatzen duten arau haustea.
DGT-ko araudiaren arabera, gutxienez, metro eta erdiko tartea utzi behar dute gidariek txirrindulari bat aurreratzean. Eta noranzko bakoitzeko errei bakarreko errepideetan, lerro jarraitua gainditu eta kontrako erreia har dezakete aurreratzeko, betiere segurtasunez egin baldin badezakete; hari berari tiraka, noranzko bakoitzeko errei bat baino gehiago duten errepideetan, erreiz erabat aldatzea gomendatzen du trafiko zuzendaritzak, «segurtasun handiagoa» izateko.
Horrez gain, ziklista aurreratzeko ibilgailuek abiadura, gutxienez, 20 km/h murriztu behar dute bidearen gehienezko abiadura mugarekiko. Esate baterako, bidearen abiadura muga 90 km/h baldin bada, txirrindulari bat aurreratzeko gidariak ezingo du abiadura 70 km/h baino gehiago handitu.
Bestalde, debekatuta dago txirrindulariak aurreratzea, maniobrak eurak arriskuan jarriko edo oztopatuko baditu, batez ere, bihurguneetan eta ikusmen gutxiko eremuetan.
Lehentasuna: noiz eta nola?
Ohiko beste eztabaidagai bat pasatzeko lehentasuna izaten da, besteak beste, hainbat bideren elkarguneetan eta biribilguneetan. Araudiaren arabera, txirrindulari batek beste edozein ibilgailuk dituen eskubide berak ditu errepidean; ez du, ordea, aparteko lehentasunik izango, ez badago zehazki hori adierazten duen seinalerik.
Esate baterako, txirrindulari bat biribilgune batera iristen bada eta sartzeko orduan auto bat baldin badatorkio biribilgune barrutik, gidaria pasa arte itxaron beharko du txirrindulariak, lehentasuna baitu biribilgunean dabilen ibilgailuak. Hitz gutxitan esateko, beste edozein ibilgailuk dituen eskubide eta betebeharrak dituzte ziklistek.
Zer gertatzen da, ordea, txirrindulariak taldean doazenean? Bada, tropel osoa ibilgailu bakarra balitz bezala ulertu behar dela. Adibidez, pelotoiaren buruan doazen txirrindulariak lehentasunez sartu baldin badira biribilgune batera, lehentasuna mantendu egiten da azken ziklista pasatzen den arte.
Eta biribilguneetan edozein erreietatik joan daitezke? Indarrean dagoen araudiaren arabera bai, txirrindulariek —banaka zein taldean— biribilguneetako edozein erreietatik zirkulatu dezakete. Dena dela, kanpoaldetik joatea gomendatzen da, batik bat, segurtasuna handitzeko. Bestalde, gidari batek biribilgune batean txirrindulari edo tropel bat aurreratu nahi izango balu, aurrez aipatutako baldintza guztiak bete beharko lituzke, besteak beste, 1,5 metroko tartea uztea.
Hari berari tiraka, bideen elkarguneetan eta semaforoetan, adibidez, txirrindulariek gidarien seinale eta arau berdinak errespetatu behar dituzte. Halaber, zenbait lekutan bizikletentzako bide bereiziak jarri dituzte eta, horiek erabiliz, txirrindulariak ibilgailuen aurretik jar daitezke semaforoetan, euren ikuspena eta segurtasuna hobetzeko.
Eraman beharreko materiala
Txirrindularien segurtasunaz hitz egitean berehala lotzen da ikusgaitasunarekin: zenbat eta lehenago ikusi gidariak txirrindularia, orduan eta denbora gehiago erabaki egokiak hartzeko edo erreakzionatzeko. Hori hobetzeko, baina, zein material eraman behar dute, nahitaez, bizikletek?
Bada, egunez eta ikusgarritasun ona dagoenean, ziklistak ez daude behartuta argiak eramatera. Bai, ordea, gauez eta ikusgarritasuna kaskarra denean, esate baterako, behe lainoa dagoenean, euri jasa ari duenean, tuneletan eta azpiko pasabideetan. Eta, zehazki, zein argi eraman behar dituzte? Araudiaren arabera: aurrean, argi zuri finko bat; eta, atzean, argi gorri finko edo keinukari bat. Era berean, hiri arteko errepideetan derrigorrezkoa da soinean jantzi islatzaileren bat ere izatea.
Neurri horiek nahitaezkoak dira soilik gauez eta ikusgarritasun kaskarreko egoeretan, baina araudiak gomendatzen du egunez ere erabiltzea, segurtasuna handitzeko. Bestalde, zenbait lehiaketa eta martxa ziklistatan araudi propioa ezar lezakete.

Esan gabe doa hiriguneen arteko bideetan kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa dela txirrindulari guztientzat, salbuespen zehatz batzuekin: osasun arrazoi justifikatuak daudenean —medikuaren agiri batekin—, 16 urte baino gehiago dituenean txirrindulariak eta malda luze bat igotzen ari denean, eta «bero handiko» egoeretan —DGT-k salbuespen hori jasotzen badu ere, ez du zehazten tenperatura mugarik—. Hiriguneetan, berriz, 16 urtetik beherakoentzat baino ez da derrigorrezkoa, baina «oso gomendagarria» da guztientzat.
Bestalde, txirrindulariek debekatuta dute —gainerako gidariek bezala— zirkulatzen duten bitartean telefono mugikorra eta aurikularrak erabiltzea; besteak beste, ziklistaren erreakzionatzeko ahalmena murrizten dutelako eta istripuak izateko arriskua handitzen delako. Horiek erabiltzeko salbuespen bakarrak dira larrialdi zerbitzuetako gidariak —baimendutako komunikazio tresnak erabil ditzakete— eta motor gidariak —homologatutako komunikazio gailuak erabil ditzakete—.
351txirrindulari klub, erregistratuta
Euskadiko eta Nafarroako txirrindularitza federazioen arabera, Hego Euskal Herrian 351 bizikleta klub daude erregistratuta gaur egun.