ERREPORTAJEA

Asfaltoko oreka tenkatua

Aitor Arroyo Askarai 2025ko mar. 23a, 07:58

Amezketa, asteazkenean, txirrindulariak eta kotxeak errepidean. N.R.A.

Errepidearekin nolako esperientzia duten kontatu dute lau ziklistak: batetik, Eukene Larrarte eta Unai Zubeldia profesionalek; eta, bestetik, Ioana Arbillaga triatletak eta Imanol Garmendia zikloturistak.

Ez da afera berria txirrindularien eta gidarien arteko elkarbizitza; tamalez, ordea, ezbeharrak berritzen jarraitzen du. 2020etik 2024ra, guztira, hamazazpi txirrindularik galdu dute bizia Hego Euskal Herriko errepideetan. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) izan dira horietako zazpi eta Nafarroan, berriz, hamar. Eusko Jaurlaritzako Trafiko sailaren arabera, iaz ez zen ziklistarik zendu EAEko errepideetan: ez da halako daturik jaso 2017tik —2023an bi hil ziren eta, beste bat, 2022an—.

Datuak datu, errepideetan dabiltzanen esperientzia bildu nahi izan du ATARIA-k, eta bina txirrindulari profesional eta bizikletazale elkarrizketatu ditu horretarako: 15 bat urterekin hasi zen pedalei eragiten Eukene Larrarte (Tolosa, 1998) eta ziklista profesionala da gaur egun; maila profesionalean dabil Unai Zubeldia (Ibarra, 2003) txirrindularia ere, eta duela hamabi bat urte hasi zen bizikleta gainean entrenatzen. Bestalde, triatloiak egitea du zaletasun Ioana Arbillagak (Tolosa, 1981) eta, gainerako arloekin batera, errepidean bizikletaz entrenatzen 2017an hasi zen; Imanol Garmendia (Ibarra, 1985), berriz, lesio baten ondorioz iritsi zen txirrindularitzara, eta 21 urte inguru zituenetik da zikloturista.

Eukene Larrarte txirrindulari profesionala. LUCAS ABAD

Laurek aipatu dute eskualdean hainbat aukera daudela errepidera bizikletan ateratzeko eta «ohikoenetako bat» GI-2131 bidea dela ere nabarmendu dute, hain zuzen, Alegiatik Zaldibiaraino doana. Euren esperientzian oinarrituta eremu hori, oro har, segurutzat dute elkarrizketatuek: «Autobidea du paraleloan eta bertatik joaten da trafikorik handiena. Horrez gain, orokorrean, nahikoa errespetu dago gidarien eta txirrindularion artean». Ibilbidea luzatzen joan ahala, berriz, Gipuzkoa barnealdean zein kostaldean ibiltzen dira eta Nafarroara ere jotzen dute, besteak beste, GI-2135 eta  GI-2130 errepideetatik —hurrenez hurren, Atallura eta Leitzara doazen bideak—.

Unai Zubeldia txirrindulari profesionalak. ATARIA

Entrenamenduak edo saioak prestatzeko orduan, trafikoaren aurreikuspenak eragiten duela aitortu du Arbillagak: «Ibilgailuen zirkulazioak eragin handia du bidea pentsatzeko garaian. Askotan, propio, trafiko txikiagoa egoten den lekuetara joaten naiz». Iritzi berekoa da Garmendia ere, eta gaineratu du gaur egun kostaldea bizikletaz zein autoz «bete-beteta» sumatzen duela; beste bide batzuk nahiago dituela aitortu du, hain zuzen, trafiko txikiagoa izaten dutelako, besteak beste. Hari berari tiraka, Zubeldiak gogora ekarri du lehenengo entrenamenduak Tolosako industriagune batean biraka egiten zituztela, errepideko arriskua saihesteko, baina bertan ere arriskua «presente» izaten zela; eta, nolanahi ere, txirrindularitza egiteko errepidea behar dela nahitaez. Aurrekoen esanekin bat egiten du Larrartek, eta beste ideia bat ere gehitu du: «Aitak esaten zidan eta beti dut gogoan arretarik handiena herri barruan izan behar dela. Keinukaririk gabe aparkatzen hastea, bat-batean auto baten atea zabaltzea... Herri barruan beti joan behar da lau begi zabalik; eta polikiago».

Ioana Arbillaga triatleta, bizikletaren gainean. ATARIA

Segurtasuna gurpil gainean

Eskualdeko errepideetan 2020etik 2023ra, gutxienez, 34 txirrindularik izan zuten ezbeharren bat; horietatik larri zauritu ziren bost, eta arin, berriz, 29. Gorakada nabarmena suma daiteke 2021ean: hamalau txirrindulari zauritu ziren arin eta beste bat, larri. Kontrara, zauritu larri gehien 2023an izan ziren, hain zuzen, lau txirrindulari; eta, urte horretan, beste seik izan zituzten zauri arinak.

Imanol Garmendia zikloturista, errepidera irteteko prest. ATARIA

Euren esperientziaren arabera errepidean bizikletaz aritzea segurua den galdetuta, ez dute berehalakoan erantzun. «Segurua-segurua, ez da», horrela laburtu dute erantzuna Arbillagak eta Zubeldiak. Triatletak zehaztu du «kontzentrazio handia» eskatzen duela txirrindularitzak: «Lau begirekin joan behar duzu beti, inguruari adi egoteaz gain, egiten duzunak besteengan ere eragiten baitu». Bat dator Zubeldia eta, aurretik aipatutakoa gogora ekarriz, gehitu du toki batzuk seguruagoak direla beste batzuk baino, besteak beste, ibilgailuen zirkulazioaren arabera.

Zentzu berean hitz egin du Garmendiak ere, eta gaineratu du «gero eta despistatuago» nabaritzen dituela gidariak zein ziklistak: «Gero eta gehiago erabiltzen dugu mugikorra, bai gidatzen bai bizikletan; izan audio bat grabatzeko, jakinarazpen bat begiratu dugulako, deia hartu dugulako... Eta horrela gertatzen dira sustoak edo, are, istripuak». Dena dela, «arrisku puntu bat beti eta edonon» izaten dela ere uste du zikloturistak: «Horrekin itsutuz gero ez ginateke bizikletan ibiliko. Ez bizikletan, ezta beste ezertan ere».

Larrartek, berriz, beste herrialde batzuetako erreferentziekin alderatu eta Euskal Herrian bizikletan aritzea segurua dela uste du: «Italian, adibidez, eremu batzuetan autoek jolas egiten dute ziklistak harrapatzearekin. Han zein hemen denetik dago, jakina. Eta gerta daiteke txirrindularia ez ikusi izana; edo amorrua izatea ziklistei; edo presaka joatea. Baina hemen, orokorrean, errespetu handia dago». Espainiari dagokionez, lekuaren arabera aldatzen dela zehaztu du, eta Euskal Herrian sumatzen du hobetzeko tarterik ere: «Herbehereetan bidegorriak dituzte leku guzti-guztietan; eta Frantzian ere badago Paristik ez dakit norainoko bidegorri luze-luze bat». Egoerak hobera egiteko, ordea, «aldaketa kultural bat» eta administrazioen zein gobernuen «bultzada eta konpromisoa» behar direlakoan dago. 

Batak gaizki eta, besteak, oker

Gidariek gehien zein jarrera oker errepikatzen duten galdetuta, berdin erantzun dute lau txirrindulariek: ziklistak aurreratzeko maniobra oker egitea. Garmendiak eta Zubeldiak «pazientzia falta» sumatzen dute joeraren atzean: «Jendeak presaka hartzen du bolantea, eta txirrindulari bat topatzean ez dute momentu egokira itxaroteko pazientziarik».

Bide beretik, arrisku egoerak horrela sortzen direlakoan daude: «Zenbait gidari txirrindulariak aurreratzen hasten dira ikusgarritasunik gabeko eremuetan, adibidez, bihurguneetan. Eta parez pare beste ibilgailu bat etorriko balitz, zer?». Hari berari tiraka gehitu du Arbillagak bizikletak ez direla kontuan hartzen beste ibilgailu bat bezala: «Kontrako norabidean txirrindulariak baldin badatoz ere, gidari askok aurreratzen jarraitzen dute. Parean datozenak ere jo ditzakete». Eta, zentzu horretan, nabarmendu du arriskua ez datorrela talka egitetik bakarrik, baita «ondo-ondotik» pasatzean ibilgailuek sortzen duten «indar eta inertziagatik» ere. Iritzi berekoa da Larrarte, eta gaineratu du «askotan» aurreratzeak «zentzugabeak» izaten direla: «Zenbat aldiz gertatuko ote zen auto batek aurreratu eta berehala frenatu beharra, goragune bat duelako edo norabidez aldatu behar duelako». «Halakoetan, benetan merezi al du aurreratzen hasi eta arrisku egoera sortzeak?», airean utzi du galdera.

Txirrindularien ohiko okerrei buruz galdeginda, berriz, hainbat zerrendatu ditu ziklista profesionalak: «Trafiko arauak ez errespetatzea: semaforo gorriei kasurik ez egitea, asko; argirik ez eramatea; binaka beharrean hirunaka joatea... Eta mugikorra erabiltzea». Azken hori «oso hedatuta» dagoela uste du Larrartek, eta «oso larria eta kezkagarria» delakoan dago: «Martxan doazela argazkiak ateratzeko ohitura handia dago. Ezin da mugikorra erabili; kito». Antzera hitz egin du Garmendiak, eta txirrindulariek semaforoetan geldirik dauden ibilgailuak aurreratzea ere gehitu du zerrendara: «Ez du zentzurik. Aurreratzen dituzten auto horiek, berehala, eurak aurreratu beharko dituzte bueltan. Arrisku egoerak sortzeko aukerak handitzen dira». Zubeldiak, berriz, «arreta handirik gabe» ibiltzea seinalatu du ziklisten ohiko okertzat: «Batzuetan ahaztu egiten zaigu errepidean goazela, eta babesgabeenak garela». Kontrara, Arbillagak aipatu du batzuetan binaka joaten direla banaka joan beharko luketen lekuetan, baina berariaz egiten dutela: «Batzuetan hobe da nahita aurreratzen ez uztea, bidea estua bada eta gidariak ezin bazaitu segurtasunez aurreratu».

Elkarbizitzarako gakoak

Zein izan litezke, hortaz, egoerak hobera egiteko gakoak? Garmendiak hiru kontzeptu nabarmendu ditu: «Arreta, errespetua eta pazientzia. Gidariek zein txirrindulariek horiek areagotuko balituzte, izugarri aberastuko lukete elkarbizitza». Larrartek, bestalde, arauen inguruko «ezagutza hedatzea» eta «kontzientziazioa» ditu gakotzat: «Txirrindularia etsai gisa ikusten da, eta egia da geldo joaten denez enbarazu egin dezakeela, baina ibilgailu bat gehiago da».

Etsaitzat hartzen dituztela sentitu izan du Arbillagak ere, eta txirrindulariek «kontzentrazio handiagoa» izatetik harago, uste du gidarien jarrera hobetzeak «onura handiagoak» ekarriko lituzkeela. Esandakoekin bat egiten du Zubeldiak, eta besteekin batera nabarmendu du «elkarlana» egin beharko luketela: «Adibidez, gidariak ez badu garbi ikusten noiz aurreratu dezakeen, txirrindulariak lagun diezaioke».

 

Motzean. Ioana Arbillaga

Zein jarrera oker errepikatzen dute gehien ibilgailuetako gidariek?

Txirrindularia gaizki aurreratzea.

Zein jarrera oker errepikatzen dute gehien txirrindulariek?

Momentu jakin batean binaka joatea edo arreta galduta hizketan joatea.

Istripurik izan al duzu?

Larraiztik jaisten behi pila bat topatu genituen errepidea betetzen eta bide bazterrera bota behar izan genuen geure burua. Bizikleta kolpatu bai, baina, zorionez, ez genuen minik hartu.

Zein izan da bizikleta gainean izan duzun esperientziarik beldurgarriena?

Bizikletaren gainean askotan gertatzen da espero ez dituzun gauzak kudeatzea; erreakziorako denbora oso gutxi 
izaten dugu.

 

Motzean. Imanol Garmendia

Zein jarrera oker errepikatzen dute gehien ibilgailuetako gidariek?

Aurreratzeko garaian, pazientzia falta.

Zein jarrera oker errepikatzen dute gehien txirrindulariek?

Ez errespetatzea semaforoak, stop seinaleak... Trafiko arau batzuk ez errespetatzea.

Istripurik izan al duzu?

Istripurik, ez. Baina istripuak izan zitezkeen egoerak... pila bat. Asteasutik Aiarako bide horretan auto gidari baten arduragabekeriaren bat, joan-etorri bakoitzean.

Zein izan da bizikleta gainean izan duzun esperientziarik beldurgarriena?

Albizturtik behera nindoala bi kamioi topatu nituen bata bestaren parean eta erdi geldirik. Frenatu, derrapatzen hasi, baina ez zidan denborarik ematen eta bi aukera nituen: kamioia jo edo tartetik pasatzen saiatu. Justu-justuan pasa nintzen...

 

Motzean. Eukene Larrarte

Zein jarrera oker errepikatzen dute gehien ibilgailuetako gidariek?

Aurreratzen hastea, egokia ez den momentu batean.

Zein jarrera oker errepikatzen dute gehien txirrindulariek?

Bizikletan telefono mugikorra erabiltzea.

Istripurik izan al duzu?

Iaz, Ordizian, oinezko batekin talka egin nuen. Berak ez zuen begiratu, baina ni ere polikiago joan nintekeen. Erori eta lurra jo nuen buruarekin; ez zen larria izan.  

Zein izan da bizikleta gainean izan duzun esperientziarik beldurgarriena?

Gertatu izan zait gidari bat haserretzea —errepidetik joate hutsagatik—; eta autoa behin baino gehiagotan oldarkor gerturatzea, aldiro liskarra pizten aritzea... Momentu horiek dira beldurgarrienak, ez dakizulako gidaria noraino joateko prest dagoen.

 

Motzean. Unai Zubeldia

Zein jarrera oker errepikatzen dute gehien ibilgailuetako gidariek?

Presaka aurreratzea, aurkako norabidean zer etor daitekeen jakin gabe.

Zein jarrera oker errepikatzen dute gehien txirrindulariek?

Trafikoarekin adi ez ibiltzea; batzuetan ahaztu egiten zaigu errepidean goazela. 

Istripurik izan al duzu?

Ibilgailuekin ez. Lasterketetan-eta bai, baina trafikoarekin lotura izan dutenik, ez. 

Zein izan da bizikleta gainean izan duzun esperientziarik beldurgarriena?

Sustoak beti egoten dira. Bat-bateko frenatzeak, kotxe batek oso gertutik aurreratzen zaituenean... Horietakoak bai, eguneroko kontuak dira. Baina susto potoloagorik, zorionez, ez.

Erlazionatuak

Gurpil gaineko eztabaidak

Aitor Arroyo Askarai mar 23 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!