Bihar txupinazorekin batera hasiko dira inauteriak Tolosan, eta Asteartita bitarte koloreak, musikak, algarak eta mozorroek bat egingo dute herrian.
Urtero moduan, ATARIAk jarraipen berezia egingo die inauteriei. Girotzen joateko argitalpen berezia izan zuen pasa den ostiralean, baina ez hori bakarrik: webgunean daude Lizartzako eta Berastegiko inauteriek emandakoa, Tolosako inauteriekin lotutako prestaketa lanen inguruan egindako elkarrizketa eta erreportajeak... Eta bihartik aurrera ATARIAk lanean jarraituko du euskaraz eta profesionaltasunez inauteriek ematen duten guztia biltzen. Harpidedunek egunero jasoko dute egunkaria inauteriek ematen dutena jasoz eta Ataria.eus webgunean ere, etengabea izango da jarioa, argazkiak, bideoak eta bestelakoekin. Gainera, inauterien hasiera behar bezala bizitzeko, zuzeneko saio bereziaz gozatu ahalko da webgunean. Ez ahaztu, bihar 11:15etik aurrera egin bat Ataria.eus-ekin eta jarraitu txupinazoa zuzenean 28 Kanalarekin eta Tolosako Udalarekin elkarlanean prestatutako saio bereziarekin.
Herritarrek ere euren txokoa
Inauterietako Mozorro Lehiaketa ohiko bilakatu da ATARIAn, eta aurtengo inauterietan ere ez du hutsik egingo. Inauterizaleek bertan parte hartuz euren mozorroak eta ideiak erakusteko aukera izango dute, eta gainera sari potoloak irabazteko aukera izango da.
Argazkiak webgunearen bitartez erakutsiko dira, urtero moduan. Baina, aurten, erakusleiho berezi bat ere izango dute. Izan ere, Tolosako 3 tabernan ikusgai jarriko dira Mozorro Lehiaketan parte hartzen duten argazkiak.
Argazkiekin ez ezik, inauterizaleek inauteriz duten jakintzarekin ere parte hartu ahalko dute. Aurreko urteko harrera ona ikusita, aurten ere inauterietako Tribial jokoa izango da, eta parte hartzen dutenek saria jasotzeko aukera izango dute, Instagram bidez.
Lanketa berezia egingo du, beraz, ATARIAk datozen egunetan, eta ohi bezala, deia luzatzen die eskualdeko herritarrei. Harpidedunen babesarekin soilik baita posible lanketak ematen duen fruitua etxe guztietara ailegatzea.
