Zer eguraldi egingo du inauterietan?

Ataria 2025eko otsailaren 25a

Iker Ibarluzea meteorologoak inauterietako eguraldi iragarpena egin du. Oro har, eguraldi argi eta lehorra izango dela dio, baina oraindik egoera oso aldakor dagoela ere ohartarazi du, eta ondorioz, litekeena dela asteburutik aurrera joera aldatzea. 

Ostegun Gizen

Goizean hodei asko izango da zeruan, baina apenas espero den euririk eta giroa lasaia izango da. Eguerditik aurrera zerua argiago agertuko da eta hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira. Gau aldera hodeiak ugarituko dira, baina tanta isolaturen bat salbu, giro ateri eta lasaia nagusituko da. Hego-ekialdeko haize ahula nagusituko da. Tenperaturak 14-16 graduan joko du goia.

Ostiral Mehe

Goizean hodeiak eta ostarteak eta giro polita nagusituko dira. Eguerditik aurrera zeruan hodei geruza trinkotuko da eta tarteka euri pixka bat izango da. Oso gutxi, hala ere. Gauean erabat ateri geratuko da eta ostarteak gailenduko dira berriro. Goizean hego ukituko haizea ibiliko da, baina arratsaldean iparraldera egingo du. Tenperaturak behera egingo du, 11-13 graduan joz goia.

Larunbata

Goizean hodei asko izango da zeruan eta barnealdetik barrena euri zaparrada ahulen bat edo beste sartuko da, baina huskeria izango da. Arratsaldean hodei geruza ez da hain trinkoa izango, zerua argixeago agertuko da eta orokorrean nahiko ateri eutsiko dio. Ipar-haize fina nagusituko da eta tenperaturak beheraka jarraituko du, 9-11 graduan joz goia.

Igandea

Goizeko lehen orduetan hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira eta giro argia eta polita nagusituko da. Eguerdi, arratsaldeko lehen orduan hodeiak ugaritu egingo dira eta ez da baztertu behar tanta isolaturen bat botatzea. Hala ere, huskeria litzateke eta orokorrean giro argia nagusituko da. Azken orduetan zerua hodei gutxirekin geratuko da. Ipar-haize finak nagusi izaten jarraituko du. Tenperaturan aldaketarik ez, 9-11 graduan joz goia.

Astelehena

Egun guztian zehar erdi eta goi-mailako hodei batzuk ostarteekin tartekatuko dira, baina ostarteak nagusi izango dira eta giro eguzkitsu eta polita nagusituko da. Goizean ipar-haizea nagusituko da, baina arratsaldean hegotik finkatuko da. Tenperaturak koska txiki bat egingo du gora, 10-12 graduan joz goia.

Asteartea

Goizean hodei batzuk ostarte zabalekin tartekatuko dira eta giro argia eta polita izango da. Arratsaldean zehar hodeiak ugarituko dira eta litekeena da euri pixka bat egitea. Ezer askorik ez, hala ere. Ipar-haizea nagusituko da, baina tenperaturak beste koska txiki bat gora egingo du, 11-13 graduan joz goia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!