Artola_Binakako Finala

Artola finalerdietan izango da

Imanol Garcia Landa 2025ko ots. 20a, 20:50

Binakako Pilota Txapelketako play-offetako partida jokatu dute pilotari alegiarrak eta Mariezkurrena II.ak Elordi eta Zabaletaren aurka, eta 22-7 irabazi dute Beotibarren. Gako nagusietako bat Elordik zein Zabaletak partidaren bigarren zatia eskuina minduta zutela jokatu izana izan da.

Iñaki Artolak partidaren amaieran esan bezala, bi zati izan ditu gaurko neurketak. Lehenengo zatia borrokatua izan da, oso gogorra, eta Artola eta Mariezkurrena II.a 12-7 irabazten ari zirela iritsi dira lehen atsedenaldira. Hortik aurrera aurkariek ez dituzte tantorik egin, eta partidaren ondoren jakin da Elordiri zein Zabaletari pilota eskuinean sartu zaiela eta minarekin jokatu dute. Azkenean, 22-7 gorrientzat, eta finalerdietarako txartela lortuta. «Gu pozik gaude, helburua lortuta eta partida molestia handirik gabe bukatu ahal izatea; ezin daiteke gehiago eskatu», esan du Artolak.

Inolaz ere ez zuen espero alegiarrak partida horrela izango zenik. «Espero nuen partida hasierako zatia bezala izatea. Aurreneko tantoa bera ikaragarri gogorra izan da. Nekatuta jarraitu dugu partida bigarren tantotik aurrera, denok. Eta itxura hori zeukan. Zabaleta ikaragarri ematen ari zen eta hor meritua izan du Jonek ondo eutsi diolako. Elordi ere ondo asmatzen ari zen. Ematen zuen partida oso gogorra izango zela, eta gero gauza batengatik edo besteengatik ez da horrela izan». Artolak berak bazuen susmoa aurkariak eskuko minez zeudela: «Beraiek esan beharko dute, baina nahiko nabarmena izan da biek eskuin eskuan molestiaren bat izan dutela. Galtzen joatea eta jakitea igandean jokatu behar dela berriz ere, buru lana handiagoa da min bat sentitzen denean. Ez da miak eragiten duena bakarrik, baizik horrek sortzen dituen pentsamenduak. Eskuinarekin ez zuten nahi jo, eta horrek aldatu du partida». Aurreneko zatia «oso ona» izan dela gaineratu du: «Agian nik ez dut hainbeste asmatu tantoa bukatzen, Aitorrek agian gehiago, baina erritmoz eta mailaz esango nuke oso partida ona, bizi jokatutakoa, exijentea zihoala, hautsi den arte. Guk bukaera arte eutsi diogu maila horri».

Finalerdietara iritsita pozik dago Artola: «Ez zegoen gehiago eskatzerik. Nik txapelketa kili-kolo hasi nuen; geldirik egotetik maila honetako txapelketa batera bueltatzea ez da erraza. Berriro ere minak izan ditut, eta hala ere buruan nuen aurrera pasatzen baginen, denbora alde nuela. Gutxiagora ez nintzela joango, teorian gehiagora joan behar nuela mailaz, eta zorionez horrela izaten ari da». Orain aste eta pixka bat gehiago izango dituzte ondo osatzeko eta entrenatzeko. «Jonek eskuetatik ondo bukatu duela uste dut, eta ez dago gehiago eskatzerik. Gerra emateko egongo gara, aurkari guztiak estutzeko, eta ikusiko dugu zer ateratzen den».

Beotibarren ia 800 ikusle elkartu dira. Harmailaren zatirik handiena Artolaren alde egon da, eta Beotibarren etxean bezala sentitu dela esan du. «Azkenaldian zorte txarrarekin nenbilen. Azken bi edo hiru Beotibarko partidak ezin izan nituen jokatu. Udan Alegian jaialdi bat egitekoa genuen, eta hura ere jokatzerik ez, guztiak lesioengatik. Jokatzen ez diren partida guztiek ematen dute pena, baina hemengoak gehiago, niretzako festa bat direlako. Herriko jende asko etortzen da, eta ilusioa egiten didaten partidak dira. Gaur jokatu izanarekin eta irabaztea lortuta, oso gustura geratzen gara».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!