Elkarbizitzaren aldeko elkarretaratzea deitu du Zubimusuk

Ataria 2025eko otsailaren 19a

Ostegunean, otsailaren 20an, Malkar plazan egingo dute 18:00etan 'Egin dezagun bat, elkarbizitzaren alde!' lelopean.

Zubimusu ikastolak elkarbizitzaren aldeko elkarretaratzea deitu du otsailaren 20an, 18:00etan, Villabonako Malkar plazan. «Herri hau guk geuk, herritarrok, elkar aitortzetik, errespetutik eta elkarlanetik soilik eraiki dezakegu», esanez iragarri du kontzentrazioa ikastolak. Herriko haurrekiko, gazteekiko eta familiekiko eta Amasa-Villabona eta Zizurkilekiko «arduraz eta konpromisoz» jarduteko garaia dela adierazi dute.

Duela egun batzuk prentsan azaldutako zenbait informazio «faltsutzat» hartu ditu Zubimusu ikastolak eta, berariaz, matrikulazio garaian min emateko helburuarekin zabaldutakoak direla esan du: «Ez dugu inolako akusazio faltsurik onartuko eta gure lana zalantzan jartzen duen aurreiritzi eta erasoen kontra irmo mantenduko gara». Ikastolako ordezkariek adierazi dute, eraso hauek ez dituztela bertako eskola publikoko guraso, elkarte eta familietatik jaso. «Eraso hauen atzean sare publikoarekin lotura duten hainbat kolektibo eta pertsona daude eta ikastolaren aurkako eraso bati erantzuten diote. Azken hauei ikastolako komunitatetik ondoko mezua adierazi nahi diegu: nazkatuta gaude eta nahikoa da». Herritarren gehiengoak jokabide hauek gaitzesten dituela uste dute Zubimusuko kideek, izan ikastola zale edo eskola zale. «Uste dugu bakoitzak bere indar guneetatik eraiki behar duela bere bidea, eta ez besteen aurka eginez».

Aldi berean, honako galderak bota dituzte osteguneko elkarretaratzea iragartzeko mezuan: «Bizikidetza osasuntsua izan dezakegu elkarrekiko errespetu eta aitortzarik gabe? Aniztasunak zentzu guztietan ez al gaitu aberatsago egiten? Ikastolako kide izateagatik, deseroso eta txiki sentitu behar dugu herrian? Nori egiten diogu kalte?».

Zubimusutik euren hezkuntza ereduaren defentsa egin nahi izan dute: «Herritik eta herriarentzat sortutakoa da ikastola, zerbitzu publikoa eskaintzen du, herri onurarako kooperatiba da, inongo irabazi asmorik gabekoa eta, hein handi batean, herritarrez osatua». Aitortu dute Amasa-Villabonan eta Zizurkilen ohikoak izan direla hezkuntza ereduen gaineko eztabaidak, «askotan behar bezainbesteko sakontasunik gabekoak». Azken urtetan jaiotza tasaren jaitsierak eztabaida «polarizatu» egin duela nabarmendu dute: «Herri kohesioan eta bizikidetzan sinesten dugu. Horietan sakontzeko eta elkarlanerako prest gaude eragile politiko, hezkuntza eragile eta herriko elkarteekin, edozein lan eremutan, hezkuntza eragileen elkar aitortzetik abiatuta eta herri onura lehenetsiz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!