Iazko ikasturteko itunaren moldaketari buruzko argibideak eman ditu Zubimusuk

Ataria 2025eko otsailaren 7a

Amasa-Villabona eta Zizurkilgo ikastolak adierazi du moldaketak ez duela zerikusirik matrikulaziorako irizpideetan eskola segregazioa apaltzeko eta ikasleak era orekatuagoan banatzeko neurriekin.

Zubimusu ikastolak ohar batean erantzun die hainbat hedabideetan agertutako albisteari. Ikastolak ukatu du irregulartasunik edo isunik egon denik 2023-2024 ikasturteko itunean. «Zubimusuk antolaketa pedagogikoaren barruan hartutako erabaki batek ez du onarpenik izan Hezkuntza Sailean eta horrek ekarri du itunaren moldaketa», aipatu dute oharrean.

Sailaren erabakia onartu eta, itunean izan den moldaketaren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari diru itzulketa egin beharko diola onartu du ikastolak eta beharrezko urrats guztiak egingo dituela hori betetzeko. Zubimusu ikastolak adierazi du moldaketak ez duela zerikusirik Hezkuntza Sailak matrikulaziorako irizpideetan eskola segregazioa apaltzeko eta ikasleak era orekatuagoan banatzeko neurriekin: «Hezkuntza inklusiboaren aldeko eta neurri horien inguruko konpromisoak berresten ditu ikastolak».

Zubimusuk plazaratu duen oharrean adierazi du, erabakiak ez duela ikasturte horretako itunaren galera suposatu, moldaketa baizik, «gaur egun itunak indarrean jarraitzen baitu hasieran ezarritako irizpideen arabera».

Desinformazioaren kontra

Ohar berean Zubimusu ikastolak azkenaldian jaso dituen erasoak salatu ditu: «Ez dugu onartuko inolako akusazio faltsurik eta gure lana zalantzan jartzen duen aurreiritzi edo desinformazioaren kontra irmo mantenduko gara».

Amasa-Villabona eta Zizurkilgo ikastolak euren komunitateari eta euskal hezkuntzari egiten dioten ekarpena sendotzen jarraituko duela adierazi du: «Gure balioen alde lan egingo dugu, Euskal Herriko beste 113 ikastolekin batera, elkarrekin indartsuagoak garelako». Familiek, ikasleek eta komunitateak egunero ematen duten babesa eskertu du Zubimusuk eta, horri esker, etorkizuneko erronkei aurre egiteko konpromiso sendoarekin jarraituko dutela esan du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!