Astelenita aisialdien eguna izaten da, eta aurten ere ez dute hutsik egingo. Tolosako eta Ibarrako bost aisialdi taldeek parte hartuko dute; Tolosatik Kazkabarra, Atsedena, Tttenttek eta Kirikiño taldeak eta Ibarratik Txiribitu taldea. San Frantzisko pasealekuan barrena egiten dituzte asteetan mimoz prestatutako koreografiak, eta dagoeneko azken entseguak egin dituzte.
Kazkabarra aisialdi taldean 700 parte hartzaile izango dira. Aurten, denboraren makinaz mozorrotuko dira eta hori prestatzerakoan aro desberdinak hartu dituzte kontuan; esaterako, lehen gizakiak, erromatarrak, bikingoak, erdi aroko printzesak, kabaretak eta etorkizuneko pertsonaiak ikusi ahal izango dira, besteak beste.
Atsedena aisialdi taldekoak, aldiz, 160 partaide inguru izango dira Astelenita egunean, eta Euskal Herriko inauteriez mozorrotuko dira. Horretarako, lau pertsonaia nagusi izango dituzte: zakuzarrak, zanpantzarrak, mamoxarrak eta Miel Otxin.
Tttenttek aisialdi taldean 100 parte hartzaile izango dira eta Joker filmeko pertsonaiak ekarriko dituzte inauterietara.
Kirikiño aisialdi taldekoak, berriz, 300 parte hartzaile inguru izango dira, eta aurten, Alvin eta katagorriak marrazki bizidunez mozorrotuko dira.
Txiribitu aisialdi taldean 175 partaide izango dira, eta mundu mailan dauden hainbat dantza estilo aurkeztuko dituzte; balleta, country-a, tangoa eta hip hop-a.