Marta Riba eta Daniel Izquierdo garaile Bandres-Karolo Oroimenezkoan

Ataria 2025eko otsailaren 15a

Mendi-mendiko elur baldintzak izan dituzte 200 eskiatzaileek. Hala ere, «ibilbide ederra» izan dela nabarmendu dute. Nahia Quincoces eta Uxue Fraile izan dira bigarren eta hirugarren, eta mutiletan, Asier Labairu eta Ander de Miguel.

Elur baldintza zailak izan dira aurten mendiko eskiko Bandres-Karolo Oroimenezkoan: ostegunean mendian ibilbidea prestatzen hasi zirenetik larunbatera elur asko joan da Lakhura mendiaren inguruetan, eta, ondorioz, hasierako asmoak aldatzen joan behar izan dute antolakuntzakoek egunez egun. Gaur, larunbata, gainera, gaueko izotzaren eraginez oso gogor zegoen elurra, eta horrek ere zaildu egin du jarduna, hala eskiatzaileentzat nola antolatzaileentzat.

Lehen jaitsieran, Igone Campos zumarragarrak (Gipuzkoa), garaipena lortzeko faborito nagusietako batek, erorikoa izan du, eta sorbalda atera du. Nafarroako suhiltzaileen erreskate taldeko helikopteroak eraman behar izan du eskiatzailea Izabara. Elur-jausi txiki bat ere izan da jaitsieretako batean, eta, jaitsiera hori birritan egin behar zenez, antolakuntzak puntu horretan karrera moztea erabaki du, atzetik zetozen eskiatzaileek handik berriro pasa beharrik izan ez zezaten.

Aurrekoen arteko lehian, gizonezkoetan, Daniel Izquierdo soriarraren eta Asier Labairu eta Ander de Miguel nafarren arteko lehia ikusgarria izan da ibilbide osoan. Azkenean, Izquierdok abantaila txiki bat lortu eta garaile gurutzatu du helmuga (2.09.15). Doi-doi minutu batera heldu da Asier Labairu, eta hiru minutu eta erdira Ander de Miguel. Hirurak besarkada batean bildu dira helmugako arkuaren azpian, lehiakideak izan arren, entrenatu, elkarrekin entrenatzen baitira, eta lagun-lagunak baitira. «Txikituta ditut giharrak. Zer nolako borroka izan dugun e?», bota die De Miguelek bi aurrenekoei, eta berriro ere sorbaldatik heldu ditu lehiakideak.

Helmugan, pozik zen Izquierdo irabazlea «Zegoen elur gutxirako ibilbidea oso polita izan da, oso teknikoa. Elur aldakorretan eta baldintza gogorretan esperientziarik ez zuen edozeinentzat zaila zegoen, egia esan. Ondo sentitu naiz, hobera egin dut pixkanaka. Lehen hiru postuetan joan gara elkarrekin entrenatzen garen hiru lagun eta, alde horretatik, polita izan da. Dortsalarekin egurra ematen diogu elkarri, baina dortsalik gabe jarduera asko egiten ditugu batera eta oso lagunak gara». Asier Labairu bigarrenak ere zeuden baldintzekin, ibilbidea «basatia» izan dela nabarmendu du. «Baina hori da gustuko duguna, eta gozatu dugu. Ni oso ondo sentitu naiz, goraka sentsazio onekin eta beherantz konfiantzarekin. Aurrekoak oso gertu ibili gara gure artean eta oso polita izan da».

Nesketan, Marta Riba kataluniarra izan da irabazle. Bigarren, berriz, Nahia Quincoces mendexarra (Bizkaia), Bandres-Karolo Oroimenezkoa behin baino gehiagotan irabazitakoa eta proba ikaragarri maite duen eskiatzailea. Hirugarren, berriz, Uxue Fraile donostiarra, hau ere probaren aspaldiko laguna eta antolakuntzan laguntzen ere ibilitakoa. Hirurak besarkada batean bildu dira Belaguako Angel Oloren aterpearen ondoan.

 

Labairu eta Quincoces Euskal Herriko txapelketan

Mendiko eskiko Euskal Herriko txapelketa ere bazen Andres-Karolo Oroimenezkoa. Euskal Herriko txapelketan, beraz, Nahia Quincoces eta Asier Labairu izan dira txapeldun.

Ribarentzat «oso berezia» izan da aspaldiko lagunak berriro aurkitzea. «Zirriragarria eta hunkigarria izan da. Ibilbide mota hauek, mendikoak, niri ikaragarri gustatzen zaizkit. Elur asko ez zegoen, baina ederra izan da. Hauxe da mendiko eskia. Beraz, eskerrik asko antolakuntza osoari, mendiko eskiko egun eder honengatik».

Nahia Quincocesek ere, zeuden elur aukerekin «ibilbidea zoragarria» izan dela nabarmendu du. Ingurua, giroa, antolakuntza, dena, oso berezia da guretzat, eta aurten ere pila bat gozatu dut. Pena izan da Igoneren erorikoa. Karrera guztia horrekin arduratuta pasa dut. Mendian horrelakoak pasatzen dira; ea orain azkar osatzen den». Ribak ere agur bero bat bidali dio Igone Camposi, «hemen egon behar zuen gure artean eta».

Uxue Fraile ere Bandres-Karolo Oroimenezkoaren berezitasuna nabarmendu du: «Guretzat, antolatzaileentzat, Euskal Herriko mendiko eskiatzaileentzat oso berezia da. Elurraren zailtasunari eta beste batzuei aurre eginez egun eder bat prestatze dute antolatzaileek, eta guk ere gogotsu parte hartzen dugu, Bandresek, Karolok eta beste hainbatek sortu zuten pasio horri eutsiz. Beraz, gustura, eta jarrai dezatela zailtasunei aurre egiten».

Azkenik, B ibilbidean, Ibai Hernani gaztea eta Ainara Pequeño nagusitu dira.

 

Sailkapenak

A ibilbidea

Emakumezkoak

1.- Marta Riba Carlos 2.38.56

2.- Nahia Quincoces Altuna 2.41.59

3.- Uxue Fraile Azpeitia 2.48.10

Gizonezkoak

1.- Daniel Izquierdo Alonso 2.09.15

2.- Asier Labairu Dominguez 2.10.15

3.- Ander de Miguel Aranaz 2.12.46

B ibilbidea

Emakumezkoak

1.- Ainara Pequeño Uranga 2.04.09

2.- Ane Aspe Etxabe 2.14.26

3.- Andrea Zarranz Ozcariz 2.18.23

Gizonezkoak

1.- Ibai Hernani Garcia 1.27.41

2.- Unax Solagaistoa Zubia 1.34.53

3.- Ruben Epelde Etxaniz 1.48.21

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!