Bandres-Karoloren Memoriala egingo da larunbat honetan Erronkariko mendietan

Ataria 2025eko otsailaren 13a

Aurten lineako proba bakarrik izango da eta 200 eskiatzaile ariko dira lehian. Arratsaldean, Belen Eguskiza eta Poto Gorrotxategiren emanaldia izango da zineman, eta Club Vasco de Camping elkarteak jasoko du Bandres-Karolo Sariaren aitortza.

Mendiko eskian Euskal Herrian den proba nagusia, Bandres-Karolo Memoriala, egingo da larunbat honetan, otsailak 15, Belaguako mendietan. Benetako mendiko eskia, euskal Pirinioetan. Izen-emateak agortuta, 200 eskiatzaile ariko dira lehian probaren XII. edizioan.

Aurreko urteen aldean berrikuntza nagusi bat izango da aurten: bi egunekoa beharrean egun bakarrekoa izango da proba. Beraz, lineako lasterketa bakarrik egingo da, eta kronoigoerarik ez. Antxon Bandres eta Carlos Imirizaldu Karolo-ren oroimenezko lasterketa izateaz gain, mendiko eskiko Euskal Herriko banakako txapelketa ere izango da aurtengoa, baita Euskal Herriko mendiko eskiko Kopako proba puntuagarria ere.

Aurreko asteko elurteari esker, baldintzak egokiak dira Lakhura eta Belagua inguruko mendietan. Antolatzaileek, probaren aurreko bi egunetan trazatuko dituzte A eta B ibilbideak. Elurrak aukera emango balu, Belaguako aterpearen inguruetatik abiatuko da proba. A ibilbidea 15-16 km ingurukoa eta 1.700-1.800 metroko desnibelekoa izango da, eta B ibilbidea, berriz, 9-10 bat kilometrokoa eta 1.000-1.100 metroko desnibelekoa.

Dortsalak ostiral arratsaldean jaso ahal izango dira, Izabako zineman, 17:00etatik 21:00ak arte. 19:00etan, larunbateko probari buruzko azalpenak emango dira Izabako zineman bertan: ibilbidea, desnibela, ordutegiak eta bestelako xehetasun guztiak. Larunbat goizean izango da proba, eta amaitzean, hamaiketako bat izango da partaide guztientzat.

Bandres-Karolo Memoriala Etiketa Berdeko proben artean sartu da, eta hori aurreko edizioarekiko beste berritasunetako bat da. Ingurumenarekiko, mendiarekiko eta lehiakideekiko errespetua, berdintasuna eta bestelako hainbat balio etiko defendatzen dituzten probek eratzen dute Etiketa Berdea, eta Bandres-Karolo Memorialak bat egiten du balio horiekin.

Iaz ezin izan zen probarik egin, elur faltagatik. Aurreko edizioan, 2023koan, Nahia Quincoces mendexarra (Bizkaia) eta Jon Ander Aranburu zumarragarra (Gipuzkoa) nagusitu ziren Memorialean. Haien izenak dira probaren ikur diren egurrezko eski zaharretan idatzitako azkenak.

Alpeetako zeharkaldia eskietan’ proiekzioa, B-K Saria Vasco de Camping elkarteari...

Larunbatean, mendiko jardunaren ondoren, arratsaldean festak Izabako zineman eta kaleetan jarraituko du, Bandres-Karolo Memoriala mendiko eskiko proba soil bat baino gehiago baita, Euskal Herriko mendiko eskiatzaileen topaleku eta kirol hau maite dutenen egiazko festa.

Bandres-Karolo Sariaren bidez, antolatzaileek urtero aitortza egiten diote mendiko eskiaren alde lan handia egin duen eskiatzaile edo elkarteren bati. Aurten, Donostiako Club Vasco de Camping elkarteak jasoko du Bandres-Karolo Sariaren aitortza hori, Andoni Areizaga handiaren eskutik hasi eta gerozko urte luzeetan Altitoy proba entzutetsua antolatzen eginiko lan handiagatik.

Zineman bertan, Belen Eguskiza eta Poto Gorrotxategi mendiko eskiatzaile aitzindariek Alpeetako zeharkaldia eskietan proiekzioa emango dute.

Ikus-entzunezkoaren ondoren, bertso-poteoa izango da, Aitor Sarriegi eta Imanol Uria bertsolariekin. Kirolaren ondotik, beraz, lagunartea eta festa-giroa nagusituko dira Izabako kale eta tabernetan.

Antxon Bandres tolosarra Euskal Mendizale Federazioaren presidente izandakoa eta Carlos Imirizaldu Karolo, biak ere mendiaren maitale eta mendiko eskiaren bultzatzaile sutsuak izan ziren Euskal Herrian. 2011n hil zen Bandres etxe ondoko istripu batean, eta 2012an egin zen lehen proba haren omenez, Aretteko kronoigoera. 2013an, Karolo izan zen omenaldiarekin jarraitu eta lasterketari indarra eta bultzada eman zionetako bat. 2013ko uztailean, ordea, Karolo bera mendiko istripu batean zendu zen. Orduz geroztik Bandres+Karolo izena hartu du omenaldi-lasterketa-festa honek eta urtero otsaila inguruan ospatzen da Izaba eta Belagoa inguruko mendietan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!