Abian da sahararren aldeko material bilketa

Ataria 2025eko otsailaren 5a

Ohiko moduan, Tolosaldea Sahararekin elkarteak material bilketa jarri du martxan, errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren sahararrei laguntzeko asmoz. Ostiralera arte egingo dute bilketa. Materiala bildu ostean, kanpalekuetara bidean jarriko dute apirilean egingo duten bidaian.

Elkartetik adierazi dutenez, batetik, lekaleak, hegaluzea eta sardinak oliotan, pasta, arroza, azukrea eta olioa bilduko dute. Bestetik, konpresak eta pixoihalak jasoko dituzte, eta azkenik, eskolako materiala.

Materiala jasotzeko bilketa txokoak jarri dituzte. Horiek eskualdeko herrietako ikastetxeetan, kultur etxeetan edota udaletxeetan egongo dira ostiralera arte. Besteak beste, Zizurkilen, Iruran, Amezketan edota Ibarran ari dira materiala biltzen. Horrez gain, supermerkatuetan ere izango da materiala uzteko aukera. Esaterako, larunbatean, Tolosako Eroski eta BM supermerkatuetan izango dira, eta datorren larunbatean, hilak 15, Villabonako BM supermerkatuan.

Honela, Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideek eskualdeko herritarren laguntza eskatu dute, kamioia materialez eta elikagaiez bete ahal izateko

«EMERGENTZIAZKO» EGOERA

Elixabet Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko teknikariak gogoratu duenez, 25 urte daramatzate deserrian dagoen herri sahararrari laguntzen eta une honetan herritarren laguntza «beharrezkoa» dutela esan du, «emergentziazko» egoeran baitaude.

«Duela hilabete inguru Ilargi Gorria elkarteak esan zuen kanpalekuetako biltokiak hutsik daudela, hau da, aspaldi ez dituzte produktu freskoak jasotzen. Guk hemendik ezin ditugu horrelako produktuak bidali, baina gutxienez, laguntza bidaltzen saiatzen gara», jakinarazi du. Hiru haurretik batek elikadura orekatua jasotzeko aukera duela gaineratu du, «eta horrek anemia kasu asko daudela adierazi nahi du, gutxi edo gaizki elikatzen direlako». Gauzak honela, datozen egunetarako antolatu dituzten material bilketetan parte hartzeko deia egin die eskualdeko herritarrei.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!