Martxan da Oporrak Bakean programa. Haur sahararrak uda pasatzera etorriko dira, hogeita hirugarrenez, eskualdeko familietara. Asmoa hori dela dio Elixabet Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko teknikariak. «Hango bizi baldintzetatik atera nahi ditugu, bi hilabetez, tenperatura altuetatik babestu, ondo elikatzeko aukera eman, osasun-azterketak egin, gaixotasunak artatu eta beste errealitate bat bizitzeko aukera eman nahi zaie». Esperantzari leiho bat lelopean abiatu dute aurtengo edizioa, haur sahararrak «herriaren esperantza» direlako, eta harreran hartu nahi dituztelako «bizi osasuntsuago bat emateko».
Iaz bezala, aurten ere 8 eta 12 urte bitarteko 15 haurrek Tolosaldean bizitokia izatea da erronka, eta horretarako, sei familia behar dituzte. Izan ere, dagoeneko bederatzi familiak eman dute izena. «Iaz bederatzi haur izan ziren Tolosaldean, eta hamargarrena Beasaingo harrera familia batean egon zen. Iazko familia guztiak aurten esperientzia errepikatzea erabaki dute, haur horiek behar dutelako», dio Eizagirrek. Programan parte hartu nahi duten familiek martxoaren 15era bitarte eman ahalko dute izena Oporrakbakean.eus webgunearen bitartez, eta tolosaldeasaharare-kin@gmail.com helbidera idatzita edo 696 014 786 zenbakira deituta informazio gehiago lor dezakete.
KONPROMISOA ETA ARDURA
Azken urteetan bezala, Tolosaldea Sahararekin elkartea arduratuko da guztia koordinatzeaz, Tolosako Udalak beraien esku utzi baitu beste urte batez ardura hori. Honela, familiek elkartearen babesa izango dute uneoro. Hala ere, haurra Euskal Herrian dagoen bitartean harrera familiak izango du bera zaintzeko ardura, ahalik eta baldintza egokienetan egon dadin. Eizagirreren ustetan, «edonor izan daiteke harrera familia; denbora eskaintzeko duen, etxean tokia duen, elkartasuna duen eta gogoa duen edonor izan daiteke».
Gainera, haur sahararrentzat ez ezik, harrera familientzako ere «onuragarria» izan daiteke programan parte hartzea. «Beste errealitate bat eta kultura bat ezagutzeko aukera ematen duelako, eta beste bizipen batzuk bizi daitezke, haur sahararrek beste modu batera bizi gaitezkeela erakutsiko digutelako, alegia, gauza gutxiagorekin».
Harrera familia izateko interesa dutenek Tolosaldea Sahararekin elkartea eta udalekin batera bilera pertsonala egingo dute. Bertan, programaren informazio guztia jasoko dute eta familiak programan parte hartzeko baldintzak betetzen dituen erabakiko da. Hortik aurrerako prozesuan «bidelagun» izango dituzte elkarteko kideak. Gainera, elkarteak astean bitan jarduera ezberdinak antolatuko ditu etorriko diren haurrak elkartu daitezen. Tarte horietan, harrera familiei ere atsedena ondo etorriko zaiela adierazi du Eizagirrek, baita beste harrera familiekin informazioa elkartrukatzeko ere. Hala ere, urtean zehar egiten dituzten jardueretan parte hartzeko deia egin die familiei Eizagirrek
«EZER EZ OSPATZEKO»
Tolosaldea Sahararekin elkarteak 25 urte beteko ditu aurten, eta balorazio «gazi-gozoa» egin du teknikariak: «Gozoa da sahararren ondoan jarraitzen dugulako, baina gazia ere, aurten, 25 urte beteko ditugulako eta guk ez dugu urteak betetzen jarraitu nahi. Saharar herriak bizi zuen injustiziari aurre egiteko sortu zen elkartea eta gaur egun horretan jarraitzen du, arazo politikoa bertan duelako eta guk horrekin amaitzea nahi dugu, sahararrek autodeterminazio eskubidea lortzeko eta, nola ez, erabakitzeko eskubide horretan aukera izan behar dutelako Mendebaldeko Sahara askean bizitzeko, beraien errekurtso naturalak ustiatzeko eta Saharar banderapean sentitzeko, eta ez Marokoren banderapean».
Hori guztiagatik, ez dute izango «ezer ez ospatzeko, baina bai gogorarazteko». «25 urte hauetan gauza asko egin ditugu, eta datozen hilabeteetan horiek guztiak ikusteko aukera izango dugu, eskuartean baditugulako hainbat ideia», jakinarazi du Eizagirrek. Halaber, elkarteak urtean zehar antolatzen dituen ekintzetan parte hartzeko gonbita zabaldu du, «horrela, beste elkarteko kide zein familiak elkar ezagutu, Oporrak Bakean taldetxoa sortu eta udara hobeto pasatzen laguntzen duelako».