Eskola publikoaren aldeko kanpaina egin dute Aiztondon

Ataria 2025ko urt. 30a, 13:10

Euskal eskola publikoaren balioak nabarmendu dituzte eta herritarrak animatu dituzte umeak eskola publikoetan matrikulatzera.

Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak Zatoz gurekin Aiztondoko Euskal Eskola Publikora kanpaina egin du egunotan eta argazki jendetsua atera du kanpainarako erabili duten horma irudia baliatuta. Zizurkilgo Joxe Arregi plazan honakoak izan dira: Erniobea BHIko guraso elkarteko eta zuzendaritzako kideak; Fleming herri eskolako familiak eta zuzendaritzako kideak; P.M. Otaño herri eskolako familiak eta zuzendaritzako kideak; Mendigain herri eskolako familiak eta zuzendaritzako kideak; Larraulgo herri eskolako familiak eta zuzendaritzako kideak; Pello Errota herri eskolako familiak eta zuzendaritzako kideak; Alkizako herri eskolako familiak eta zuzendaritzako kideak; Adunako herri eskolako familiak eta zuzendaritzako kideak; eta Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro taldeko kideak.

Egunotan kanpainarekin euskal eskola publikoaren defentsa egin dute plataformako kideek. Euren esanetan eskola publikoak «denontzat» dira eta herrian txertatuta daude: «Haurrei herrian duten tokia eta behar duten sustrai kulturala eskaintzen die». Euskaldunak izateaz gain, euskal eskola publikoek umeak euskaldundu egiten dituztela diote eta aniztasuna bermatzen dutela, «desberdinen arteko topalekua bihurtuz». Eskola publikoen laikotasuna eta aukera berdintasuna ere azpimarratu dituzte balio gisa. 

2024-2025 ikasturteko matrikulazio kanpainako datuak ere eman ditu Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak eta, aipatu duenez, iaz 2 urteko geletan bailaran matrikulatutako lau umetatik hiruk euskal eskola publikoaren alde egin zuten –Alkiza edota Adunako kasuan herriko ume guztiek aukeratu zuten herriko eskola publikoa–. DBHko lehen mailako matrikulei erreparatuta, berriz, Erniobea institutuan eman zuten izena hamarretatik zazpik.

Otsailaren 3tik 14ra egingo dute aurten aurrematrikulazio eskoletan eta Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak iazko datu «on» berdinak espero dituela nabarmendu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!