Ataria Bertso Jaialdia 2025

Berrigintzatik herrigintzara

Naiara Roldan de Aranguiz 2025ko urt. 18a, 21:18

Bertsozaleen gozamenerako plaza bete da arratsaldean: Ataria Bertso Jaialdiak hartu baitu Leidor aretoa. Amaia Agirre Arrastoaren esanetara aritu dira Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Alaia Martin, Oihana Iguaran, Iñigo Gorostarzu Etxorde eta Andoni Rekondo.

Atarikide direnentzat eta balizko Atarikideentzat izan da lehen mezua Amaia Agirreren ahotik, eskerrak emanez proiektua babesten dutenei, eta beharra eraginez izan beharko luketenei, tokiko komunikabideak ezinbestekoak baititu Tolosaldeaz informatzen jarraitzeko.

Bertso jaialdiari helduz, Amaia Agirrek urtero legez ondo harilkatuta izan ditu gaiak eta bertsolariak. Hainbatetan, Leidorreko pantaila erraldoia baliatu du kantatzeko gaia aurkezteko, eta beste zenbaitetan, gonbidatu bereziak igo dira oholtzara Amaia Agirreri lana erraztuz.

Ezinbestekoak diren agurren ostean, lehen bertso lana Alaia Martin eta Maialen Lujanbiori egokitu zaie. Biak ala biak Gipuzkoako Bertso Txapelketako irabazleak dira, hamarkada batzuk tarteko. Honela, Leidor aretoko pantailan ikus-entzuleek bi bertsolariek txapela jantzi zuten unea berriro bizi ahal izan dute. Honek, 20 urteren bueltan bertsolaritzan emakumeen presentzia aztertzeko aukera eman die Alaia Martini eta Maialen Lujanbiori. Alaiak eskerrak eman dizkio Maialeni erreferente izateagatik; Maialenek bestalde, aitortu du hasiera horietan «artilez» osatzen zituztela bertsoak, eta egun, Alaiak «hari finez» ehuntzen dituela.

Andoni Rekondo eta Sustrai Colinaren txanda izan da jarraian. Kataluniako L'Estaquirot Teatrek 50 urte egin dituela-eta, eta Topic-ek omenaldia egin diela-eta, Amaia Agirrek txotxongiloak-Katalunia-Euskal Herria trinomioa aurkeztu du gai gisa. Azken batean, Andonik eta Sustraik bat egin dute aipatzean nazio biak hariz txotxongilo gisa hartuak direla.

Hurrengo gaia Oihana Iguarani eta Iñigo Gorostarzu Etxorderi egokitu zaie. Gaia ematen Haritz Mujika Harituzkide eta laguna izan dute pantailaz bestalde —orain, Euskal Herritik kanpora bizi baita—.  Eskualdeko bertsolarientzat Harituz bertsozale taldeak zer suposatu duen, bertso eskolek zer ekarri duten, eta Euskal Herritik kanpora bizitzeak zertan baldintzatzen duen kantatu dute. Erabakiak hartzearen alegatua bihurtu dute bertso lana Tolosaldeko bi bertsolariek.

Jarraian, beste bi protagonista igo dira oholtzara: Itziar Agirrebarrena lizartzarra eta Enrike Zeberio tolosarra. Gorrak diren bi lagun hauek furgonetaz Marokon egindako bidaia kontatzen dute 'Isiltasunetik' dokumentalaren bitartez. Bada, gaurkoan, Leidorreko oholtzara igo eta interpretearen laguntzarekin kontatu dute zer suposatzen duen gorra izateak, eta zeinu hizkuntzaren garrantziaz mintzatu dira. Sustrai Colinaren txanda izan da; Itziar Agirrebarrena eta Enrike Zeberioren esperientzia entzunda, barne hausnarketara eraman dute Sustrai. Umorea lagun, entzule bat gor bati buruz hitz egitea, gipuzkoar bat Mauleko bati buruz hitz egitea bezalako omen, ezjakintasunetik aritzea bezalakoa. Sustraik isiltasuna besarkada bidez apurtu nahi izan du; besarkada bana eskaini dizkie bertso amaieran Itzar Agibarrenari, Enrike Zeberiori eta interpreteari.

Serio eta ez horren serio

Honela, gai sakonagoak eta umorerako tarte gehiago eskaintzen zituztenak tartekatzen joan dira Ataria Bertso Jaialdian zehar. Esaterako, Oihana Iguaranek eta Alaia Martinek Tindufera eraman dituzte entzuleak, Oporrak Bakean programari esker. Programaren bitartez neska euskaldun baten eta saharar beste baten arteko harremanez abestu dute. Umorea, bestalde, Andoni Rekondok eta Etxordek jarri dute. Euren kokalekua oso bestelakoa izan da: Aralar, tartean parapenteak, putreak, ehiza postuak...

Eta barrez jarraitzeko artea eskaini dute Maialen Lujanbiok eta Sustrai Colinak udaltzaingoa eta semearen paperean. Izan ere, hilerria toki aproposa omen botiloitzarra egiteko eta reggaetoi musika entzunez festan murgiltzeko. Maialen amak Sustrairi: «Datorkizunerako toki onean zaude». Eta Sustrai semearen erantzuna: «Bakarrik falta zaizu pala bizkarrean».

Gonbidatu gehiago oholtzaratu dira jarraian. Bertso eskolako hiru ikasle gazte-gazte. Puntutan aritu dira Oihana Iguarani, Alaia Martini eta Andoni Rekondori gaiak proposatuz. Umoretik, batik bat, igaro berri den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa izan dute hizpide.

Pantaila bitartez iritsi da arratsaldeko hamaikagarren gaia. Eztizen Artola idazleak Gurpilak eleberriaren tarte bat irakurri du, eta Amaia Agirrek gaia osatu du. 8 urteko semeari ipuina irakurri, hizkuntza zahar bati buruz hitz egin, eta «gaiztoak eta txintxoak» aipatzen ditu liburuak. Umeak gaiztoak eta txintxoak nortzuk ote diren galdetu dio Alaia Martini. Besteak beste, Alaiak bertsotan kantatu du «gaiztoak ahoa estaltzen dutenak» [...] «amesgaizto bihurtzen dute eskubide den hura». Hala ere, semeari nahikoa maitasun eskaintzen diola aitortu du Alaiak, «nortzuk gaiztoak eta nortzuk txintxoak zuk erabaki dezazun».

Eta umore-seriotasun dikotomia horretan murgildurik, negar eta barre artean jarraitu dute Leidorreko ikus-entzuleak. Adibidez, Andoni Rekondo eta Etxorde bikote gisa aritu dira, umoretik, Etxordek Berastegi erakutsi nahi izan dio Andoniri, Lola astoa eta guzti preparatu dio 3 eguneko bidaia erromantikorako. Barreak ez dira falta izan Leidorreko besaulki berdeetan.

Eta eguneko gai sakonetako bat Aintzane Artolak jarri dio Oihana Iguarani. Aintzane Artolak eta Oihana Iguaranek Ataria Bertso Jaialdi batean ezagutu zuten elkar, baina gerora askotan bat egin dute oholtza baten gainean, Izan Inurriri esker. Gaurkoan ere, Aintzane Artolak tartea baliatu nahi izan du osasun publikoa aldarrikatzeko eta Izan Inurrik minbizidun emakumeei eskaintzen dien sarea hauspotzeko. Oihana Iguaranek, besteak beste, minbizia gainditu eta titi bakarra duen emakume baten ahotik abestu du: «Falta zaizkidan atalei esker sentitzen naiz osorik».

Eta honela, gaurkoan berriro ere Tolosaldeko bertsozaleek bertso jaialdiaz gozatu dute. Eta aurrerantzean, Atariak osorik jarraituko du, baldin eta Atarikideen babesa badu.

 

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!